Euskararen biziberritzean «erreakzioa» bilatzeko «orientabideak» aurkeztu ditu Euskaltzaindiak

Euskararen Gogoetagunea proiektua 2022an abiatu zuen akademiaren Jagon sailak: argitalpen batean jaso dituzte orain egoeraren diagnostikoaren txostena, eta etorkizun ikuspegiarena.

Jon Sarasua, Eider Mendoza, Andres Urrutia eta Nuria Agirre. ANDONI CANELLADA / FOKU
Jon Sarasua, Eider Mendoza, Andres Urrutia eta Nuria Agirre. ANDONI CANELLADA / FOKU
arantxa iraola
2024ko uztailaren 1a
19:00
Entzun

Kalean da Euskararen gogoetagunea I argitalpena. Bi txosten plazaratu ditu horren bidez Euskaltzaindiak. 2022an abiatu zuen akademiaren Jagon sailak Euskararen Gogoetagunea proiektua, eta horren bidez egin diren hausnarketen emaitza da liburua. Gaur eguerdian egin dute aurkezpena, Gipuzkoako Foru Aldundian. Euskararen egoera soziolinguistikoaren ikuspegi orokorraren berri emateko idatzi dute testuetako bat; Olatz Altuna Zumeta eta Jon Aizpurua Espin dira egileak. Jon Sarasua da gogoeta prozesuaren koordinatzailea, eta berak idatzi du bestea: euskararen etorkizun ikuspegiaren ingurukoa da. Euskararen biziberritzean «erreakzio» bat behar dela nabarmendu du Sarasuak aurkezpenean, eta, hain justu ere, horretan lagungarria izan daitekeen oinarri bat ipintzeko egin dutela ekarpen hau.

Aurkezpenean Sarasuaren ondoan izan dira Andres Urrutia euskaltzainburua, Gipuzkoako diputatu nagusi Eider Mendoza eta Laboral Kutxako Pertsona eta Baliabideen saileko zuzendari Nuria Agirre. Foru erakundeak eta finantza erakundeak, biek eman dute laguntza argitalpen hau egiteko. Euskararen geroa irudikatzeko orduan askotan aipatzen da «bidegurutzearen» irudia, eta gaur ere nabarmendu dute solaskideek, gaiaren gaineko gogoetak egoera honetan duen garrantzia nabarmentze aldera.

Sarasuak azaldu du Euskaltzaindia «altzo» egokia dela hausnarketa prozesu hau bideratzeko. Eta gogo onez hartu dutela azaldu du Urrutiak. Oroitarazi du lanketa honen xedea dela euskararen biziberritzearen «norabide eta arnasa luzeko estrategia» marraztea, horretarako «orientabideak» mahai gainean jartzea eta euskara, denon arteko lankidetzaren bidez, gero eta «gorago» eramatea.

Euskaltzaleenak bakarrik ez

«Testuaren jomuga ez da hartzaile euskaltzaleenak edo sektore euskaltzaleak gogobetetzea, edo ez hori bakarrik. Geometria politiko irekiagoan etorkizun ikuspegi posible baterako eragile gama zabal batengan elkarrizketa sortu nahi du bisio proposamen honek». Sarasuak, argitalpenean bertan, halaxe jaso du zer asmo duen etorkizuna irudikatzeko landu duen txostenak. Ideia nagusi bat da lanketaren oinarrietako bat. Gogora ekarri du gaur: «Ez dugu euskararen biziberritze prozesuan aurrera egingo orain arte egin dugun gauza bera egiten jarraitzen badugu, galdegai berriak ditugulako eta jauzi berriak egin beharra dagoelako».

«Anbizio eta aspirazio berriz» egindako gogoeta dela adierazi du Sarasuak, eta «ahalik eta adostasun handienez» garatzeko pentsatuta dagoela. «Horrek eskatzen du, batetik, jakintza soziolinguistikoz jokatu behar dugula eta, bestetik, adimen politikoz, ahalik eta adostasun handiena lortzeko», zehaztu du. Lau alorretan «jauziak» egin behar direla zehaztu du, eta beste hainbat alorretarako ekarpenak ere badira testuan. Euskararen etorkizun-ikuspegia: ariketa sintetikoa izena du, zehazki, geroari buruzko txostenak.

«Batetik, jakintza soziolinguistikoz jokatu behar dugu eta, bestetik, adimen politikoz, ahalik eta adostasun handiena lortzeko»

 JON SARASUA Euskararen Gogoetagunea prozesuko koordinatzailea

Ororen buruan, «mugimendu dimentsioa» hauspotzea da helburuetako bat, Sarasuaren arabera. «Asko erakundetu gara, baina beharbada mugimendu dimentsioa ahuldu zaigu, eta mugimendu dimentsio zeharkatzaile indartsu bat berraktibatzeaz ere hitz egiten dugu». Bide horretan, orain arte ortzi mugan irudikatu diren «ametsen irudikapen berriak egiteaz» ere ari da txostena.

Sarasuaren arabera, «errealismo informatutik» egindako bidea irudikatu du testuan, aurrera egiteko borondate argiduna, baina «ameskeriarik» gabea, eta egungo gizartearen «ezaugarriak» eta «ahalbide politikoak» aintzat hartzen dituena.  Funtsean, euskararen biziberritzerako «akordio soziopolitiko berri baterako» oinarria da. Xede hori mahai gainean jarria du Euskalgintzaren Kontseiluak, eta bi langintzak «norabide berean» batu daitezkeela pentsatzen du: «Guk, nolabait ere, egin dugu edukia jarri».

«Asko erakundetu gara, baina beharbada mugimendu dimentsioa ahuldu zaigu, eta mugimendu dimentsio zeharkatzaile indartsu bat berraktibatzeaz ere hitz egiten dugu»

JON SARASUA Euskararen Gogoetagunea prozesuko koordinatzailea

Txosten gehiago

Geroari buruzko testu hori, nolabait ere, abiaburua da, azterketa orokor bat. Atzetik helduko dira atalkako txostenak, «beren-beregi» landutakoak. Gaur jakinarazi dutenez, oso aurreratuta daude batzuk. Administrazioari buruzkoa, helduen euskalduntze-alfabetatzeari buruzkoa, eta hedabideei buruzkoa, esate baterako. Gaur aurkeztutakoak, eta atzetik helduko direnak ere «kontraste» lan zabal batekin egin direla nabarmendu dute.

 

Lau jauzi arlo

  • Lan eremua: «funtsezko etena» gainditzera. Egun hezkuntza eremuaren eta lan eremuaren artean dagoen «funtsezko etena» gainditzeko bideak jarri behar direla jaso dute geroari buruzko testuan. «Lan eremuko esparru zabala segmentatu, lehentasuna ezarri eta segmentu bakoitzerako esku-hartze ereduak doituko dituen epe luzeko Plan Gidaria behar du alor honek», jartzen du. Nondik abiatua badela ere bai: «Hogeita bost urteotan hizkuntza planak egin dituzten enpresen bideak erakutsi digu baliagarriak direla metodologia horiek erabiltzen dituzten printzipio eta balioak».
  • Aisialdi antolatua: «egingarria» da. Hezkuntza ez-formalean ere euskararen erabilera indartzeak «irabazpidearen bidean» ekar dezakeen onura nabarmendu dute, eta «jauzi» horrek, gainera, aldeko faktore bat duela: «Egingarritasun aski eskuragarria».  Hor ere «hizkuntza plan nazional edo orokor» bat eratzea ezinbestekotzat dute.
  • Hedabideak: «matrize aldaketa» bat helburu. Iragan urteotan alor honetan «apustu eta inbertsio handia» egin bada ere, aldaketa ezinbestekoa dela ondorioztatu dute. «Digitalizazioaren fragmentazioak eta bestelako faktore sozial eta merkantilek ia ezinezko egiten dute une honetan 80ko hamarraldian pentsatutako matrizek arrakasta izatea». Geroan lantzeko norabideen artean bat nabarmendu dute: «Eskualdeko komunikazioaren lidergoa hartzea».
  • Hezkuntza arautua: D eredua «goldatzea». Hezkuntzan egin diren aurrerabideak ukatu gabe ere, mugatuegiak dira. Eta horra arazoaren kausetako bat: «D ereduan bertan, eredurik euskaldunenean bertan dago arazoaren muina». Horregatik xedeen artean jarri dute eredu hori «berriro aspektu askotan goldatzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.