Euskara buruan, ibili eroso munduan

AEKren ikasturtea urriaren 7an hasiko da, eta aurtengo erronka «euskara eroso bizitzea» izango da, zabaldu berri duten matrikulazio kanpainaren arabera.

AEK-k 2024-2025eko ikasturterako matrikulazio kanpaina aurkeztu du. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
AEK-k 2024-2025eko ikasturterako matrikulazio kanpaina aurkeztu du. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Bilbo
2024ko irailaren 4a
17:00
Entzun

Euskaltegiak ikasle bila ari dira irail hasiera honetan. AEK-k ere udako txankletak kendu eta zapatila erosoak jantzi ditu euskalduntzearen bidean aurrera egiteko. Urri hasieran jarriko dira AEKren euskaltegiak martxan, eta erosotasuna izango dute gako 2024-2025eko ikasturterako. Abiatu duten matrikulazio kanpainan, «euskara eroso bizitzeko» deia egin dute. Gaur, matrikulazio kanpaina aurkezteko agerraldian, Lurdes Etxezarreta Artabe AEK-ko Bizkaiko ordezkariak azaldu du zer esan nahi duten «eroso» hitzarekin: «Herritarrak, ahalegin berezirik egin behar gabe, euskara eroso erabiltzeko baldintzak izango dituela; euskaraz hitz egiteagatik deseroso edo baztertuta sentitu gabe».

2026an mende erdi beteko duen Alfabetatze eta Euskalduntze Koordinakundeak, adierazi dutenez, helburu du edozeinek, edozein egoeratan, euskaraz eroso berba egitea. «Guregana iristen denak euskara ikasi eta erabiliko du», esan du Etxezarretak, «erosketak euskaraz egiten ikasiko du, hizkuntza eskakizunetarako azterketak prestatuko ditu, jaietako pregoiak ulertuko ditu, eta familian eta lan giroan euskaraz mintzatuko da, eroso».

Ehun euskaltegi baino gehiago ditu AEK-k Euskal Herri osoan, euskara ikasi, hobetu edo praktikatu nahi dutenentzat irekita. Ikasle bakoitzaren beharrizanetara moldatzeko, ordutegi, modulazio eta maila ugari eskaintzen dituzte, baita maila guztietarako online ikastaroak ere. Horrela, euskaltegiak «euskara ikasteko gune erosoak» izatea nahi dute. Hala adierazi du Etxezarretak: «Ikasleak handik ateratzean arlo guztietan erabiltzeko baliabideak izatea nahi dugu: lagunartean, familian, lanean, aisialdian...».

«Ikasleak euskaltegitik ateratzean arlo guztietan erabiltzeko baliabideak izatea nahi dugu: lagunartean, familian, lanean, aisialdian»

LURDES ETXEZARRETA ARTABE AEK-ko Bizkaiko ordezkaria

Erosotasun horren barruan sartu dute euskararen egoera judiziala ere. Azken hilabeteetan euskararen normalizazioren kontra izan diren epaiez aritu da. «Ezin ditugu ahaztu azkenaldian epaitegietatik datozkigun sententziak», esan dute, «ez digutelako uzten euskaraz eroso bizitzen, eta behin eta berriz urratzen dituztelako euskaraz bizi nahi dugunon hizkuntza eskubideak».

Diruz lagunduta, erosoago

Euskaltegietako kuotak doakoak izatea ere aldarrikatu dute; izan ere, uste dute administrazioek bermatu behar dutela «euskara doan ikasteko herritarren eskubidea». Indarrean dauden diru laguntzak txalotu dituzten arren, «benetako doakotasuna» lortzeko premia aipatu dute, esate baterako, ikasleek dirurik aurreratu behar ez izateko.

Horrekin lotuta, euskara hutsetik ikasteko diru laguntza berria txalotu dute. Datorren ikasturtean, Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan euskara hutsetik ikasi nahi dutenek orain arteko matrikularen laurdena inguru ordainduko dute. Horrez gain, nabarmendu dute diru laguntzak ematen dituztela udalek, mankomunitateek, foru aldundiek eta bestelako erakundeek ere; baita B2ra arte doakoa dela ere, betiere maila euskaltegietan edo deialdi ofizialetan egiaztatzen bada. Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian dauden diru laguntzak ere goratu dituzte: esaterako, Nafarroako Errigora beka. Beken inguruko informazio guztia AEKren webguneko orrialde batean bildu dute, «oso garrantzitsutzat» jo baitute herritarrek diru laguntza horien berri izatea. Etxezarretaren esanetan, euskarara eta euskaltegietara erosoago hurbiltzeko «ezinbesteko osagaia» dira diru laguntzak.

AEK-ko ikaslearen soslaia 40 urte inguruko emakumea da, B2 eta C1 mailen artekoa. Hasiberrien multzoak, baina, ikasleen laurdena hartzen duela aipatu dute. Espero dute A1 maila egiteko diru laguntza berriek ikasle euskaldun berrien multzo hori hauspotzea.

Euskaltegi berriak eta berrituak

12.000 ikasle inguru izan dituzte aurreko ikasturtean, eta espero dute datorrenean datu horri eustea, edo hobetzea. Erronka horri erantzuteko, bi AEK berri irekiko dituzte laster: Errenteriako (Gipuzkoa) Xenpelar, eta Mungiako (Bizkaia) Kinttopeko AEK. Ekainean, Galdakaoko (Bizkaia) Barandiaran euskaltegia berrituta zabaldu dute.

Horrez gain, euskaltegiez aparteko gainontzeko baliabideak nabarmendu dituzte, hala nola Aizu! aldizkaria, mintzapraktikarako Praktikatu programa eta lan esparruan euskara normalizatzeko eta aholkularitzarako Ahize zerbitzua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.