Euskal Herriaren txirikorda, katramilatu gabe

Euskal lurraldeak artikulatzeko formulak eta aukerak aztertu dituzte Miren Zabaletak, Malen Dominguezek eta Galder Sierrak Iruñean, mahai inguru batean.

Galder Sierra, Malen Dominguez eta Miren Zabaleta, Iruñeko Katakraken. IÑIGO URIZ / FOKU
Galder Sierra, Malen Dominguez eta Miren Zabaleta, Iruñeko Katakraken. IÑIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
Iruñea
2024ko ekainaren 26a
19:00
Entzun

Iraganeko gertaerek eta mugak markatzen dute Euskal Herriaren errealitate zatitua, baina zenbaterainoko aukera dago lurraldeak egituratu eta batasunerantz jotzeko? Miren Zabaleta EH Bilduko Nafarroako koordinatzaileak Hego Euskal Herriko eremuari erreparatu dio Iruñean antolatutako hitzaldi sortan. Horretarako txirikordaren metafora erabili du. Izan ere, uste du badaudela aukerak EAE eta Nafarroa harilkatzeko, eta katramilatu gabe aurrera egiteko beharra nabarmendu du.

UEUk, Iratzar fundazioak eta Udalbiltzak antolaturik, egun osoko ikastaroa egin dute Iruñeko Katakraken. Zabaletak legediaren ikuspegitik aztertu ditu Hego Euskal Herria politikoki egituratzeko formulak. Malen Dominguez Telesforo Monzon eLab-eko soziologoak, berriz, euskal herritarren nazio sentimenduaren bilakaeraz hitz egin du, Naziometroaren emaitzetan oinarrituta. Galder Sierra EHUko Zentzia Politikoetako irakasleak mugaz gaindiko lankidetza hitzarmenak izan ditu hizpide. 

«Lurraldetasunaren auzia irekirik dagoela planteatzen du [laugarren xedapen iragankorrak], eta estatuak betorik ezar ez diezaiokeen gauza bakarra da». 

MIREN ZABALETA EH Bilduko Nafarroako arduraduna

Iraganaren lorratza handia da gaur egungo konfigurazio politikoan. Horren erakusgarri, Zabaletak hizpidera ekarri du UPNk Isabel Diaz Ayuso Madrilgo autonomia erkidegoko presidentearen adierazpenei emandako erantzuna. Izan ere, UPNk txiokatu zuenez, «Nafarroako errealitate historikoa euskal abertzaletasunak dioenaren kontrakoa da». 

Zabaletak esan du UPNk aipatutako kontakizun historiko horren arabera Nafarroak 500 urtez borondatez egin dituela hitzarmenak Gaztelako Erreinuarekin lehenik eta Espainiarekin gero. Zabaletaren arabera, baina, «mito bat» da hori, eta ustezko berezitasun horren egiazko helburua da «euskal lurraldearen kontra agertzea». Zabaletak gogora ekarri du nabarrismoak abertzaletasunaren kontra egin izanak pisu handia izan zuela trantsizioan eta baita gerora ere.

Adibidez, 1996an, PSNren, CDNren eta EAren koalizio gobernuak organo komun iraunkorra bultzatu zuen. Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren arteko lankidetzarako erakundea zen. Berezko eskumenik ez eduki arren, koordinatzeko bokazioa zuen makina bat esparrutan. Bi lehendakariak izango ziren presidente, eta bi gobernuen ordezkaritza berdindurik zegoen. Alta, inoiz ez zen abiatu, Diario de Navarra-k Suitzako kontuen ustelkeria afera azaleratu izanak leherrarazi egin baitzuen Nafarroako Gobernua. 

«Interesgarriagoa da ondo zehaztea zer betaurrekorekin interpretatzen dugun eta zer puntutan balio digun nazio eraikuntzan eta zeinetan ez». 

GALDER SIERRA EHUko irakaslea

Ordutik, UPNk bizkarra eman zion Eusko Jaurlaritzari ia hogei urtez, eta, 2015ean Uxue Barkosen gobernura iritsita egoera normalizatu bazen ere, asko dago egiteko oraindik, Zabaletaren irudiko: «Ez da garatzen ari guri gustatuko litzaigukeen indarrarekin». 

Dena den, uste du badaudela txirikordatzeko aukerak, ahulguneei eta arriskuei erreparatuta. Ahulgunetzat jotzen du abertzaletasunaren barneko eztabaida. «Agian etorkizun komun horrek lotuago egon beharko luke aro honetan izango ditugun erronkei erantzuteko premiarekin. Eztabaida hori pasioz ez bizitzea ere ahulgunea da». Arriskuen artean aipatu du Nafarroa hegoaldean, Erriberan, oso gotortuta egotea euskal lurraldeen harremanaren kontra egiteko joera. Beste arrisku bat da Espainiako eskuinak eta eskuin muturrak zer egin dezaketen boterera ailegatuz gero.

Hiru aukera nagusiak

Zabaletak uste du badaudela aukerak bi gobernuen arteko koordinazioan eta lankidetzatan sakontzeko legedirik aldatu gabe. Foru Hobekuntzari buruzko lantaldea abian da orain Nafarroako Parlamentuan, eta Eusko Legebiltzarrean estatus berriaren inguruko eztabaida abiatzeko konpromisoa dago. «Eskumen gehiago bereganatzeko aukera dago. Espainiako Konstituzioak dio erkidegoek lankidetzarako eta koordinaziorako baldintzak aurreikus ditzaketela. Bada, aurreikus ditzagun». 

Azkenik, konstituzioko laugarren xedapen iragankorra berrinterpretatu du. 1978ko eztabaidaren harira sartu zen artikulu hori. Nafarroa EAEra batzeko ideia dago atzean, eta «eztabaida handia sortu du beti», Nafarroan jende asko baitago bat egitearen kontzepzioaren kontra.

Lauren arteko bateratzea hobetsi, eta hipotesi bat landu du Zabaletak: «Lurraldetasunaren auzia irekirik dagoela planteatzen du, eta estatuak betorik ezar ez diezaiokeen gauza bakarra da. Nafarroaren burujabetza aitortzen duen xedapen bakarra da. Espainiako Konstituzioak ukatzen du bi erkidegoren arteko federazioa, baina modua ematen du bat egiteko. Ikuspegi federal edo konfederal batetik berrirakurketa bat egin daiteke?». 

Mugaz gaindiko itunak

Europako integrazioari loturik, mugaz gaindiko lankidetza hitzarmenek beste aukera bat ematen dute, eta horixe izan du aztergai Galder Sierrak. «Ez da gai erraza», onartu duenez. Hitzarmen horien egituratze instituzionala aldatuz joan bada ere, Euskal Herriari begira eragin esparrurik handiena 2011n sortutako euroeskualdea da. 

Euroeskualdeak Euskal Herria barne biltzen badu ere, haren gaindi dagoen eskualde handi bat dago: Akitania 2015era arte, eta Akitania Berria 2016tik aurrera, «Frantziako departamendu handiena da, eta Austria baino handiagoa ere bai». Hori aintzat hartu behar dela dio, baina gogora ekarri du, halaber, euroeskualdeak bultzatutako mugaz gaindiko proiektuen %80 Euskal Herrikoak izan direla eta ia erdiak euskara eta euskal kultura sustatzeko  izan direla.

«Pertenentzia sentimenduak eragina du jarrera subiranistan, baina ez du determinatzen».

MALEN DOMINGUEZ Telesforo Monzon eLab-eko kidea

Beste esparrua Poctefa da: Frantziak eta Espainiak 1990eko hamarkadan EBko proiektuak dinamizatzeko sortutako Pirinioetako eremua, alegia. Berriki egitura moldatu da, eta mendebaldeko barrutia sortu: Euskal Herri osoa hartzen du, baita Zuberoatik ekialdera Frantzian dagoen bailara ere. «Irizpide politikoak ditu, baina Euskal Herrira gehien hurbiltzen den eremua da». Sierrak ez du irmo zehaztu esparru guztiok balio ote dioten euskal komunitateari: «Interesgarriago da ondo zehaztea zer betaurrekorekin interpretatzen dugun, eta zer puntutan balio digun nazio eraikuntzan eta zeinetan ez. Maila batean ematen ditu aukera batzuk».

Dominguezek, bestalde, Naziometroaren datuei erreparatu die. Euskal herritarren %30 frantziar edo espainiar sentitzen dira, eta beste %15 inguruk bi identitateak dituzte. %20 inguru sentitzen dira soilik euskal herritar. «Pertenentzia sentimenduak eragina du jarrera subiranistan, baina ez du determinatzen. Eta ez dira gutxi egoera bat edo beste aurkeztean beren sentimendua jarrera subiranistarantz eramaten dutenak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.