Nuklearrik Gabeko Euskal Kostaldearen Defentsarako Batzordeko koordinatzaile nagusia izandakoa

Jose Allende: «ETAk lagundu egin zuen Lemoiz gelditzen, baina garaipena herriarena izan zen»

Allende herritarren erantzunaren sustatzaile nagusietako bat izan zen Lemoizko zentral nuklearraren proiektua geldiarazteko. Erakundeek berrogei urtez gorde duten «isiltasun erabatekoa» kritikatu du. «Ez dute inolako autokritikarik egin».

Jose Allende Nuklearrik Gabeko Euskal Kostaldearen Defentsarako Batzordeko koordinatzailea izandakoa. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Jose Allende Nuklearrik Gabeko Euskal Kostaldearen Defentsarako Batzordeko koordinatzailea izandakoa. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
inaki petxarroman
2024ko ekainaren 28a
05:00
Entzun

EHUko Lurralde Antolaketako katedradun eta Nuklearrik Gabeko Euskal Kostaldearen Defentsarako Batzordeko koordinatzailea izan zen Jose Allende Landa (Bilbo, 1943). Buru-belarri egin zuen lan zentralaren aurka, eta poz handiz hartu zuen egitasmoa bertan behera uzteko erabakia, prozesuan gertatutako hilketak eta eskubideen urraketa guztiek azkenerako zapore mingotsa laga badiote ere.

Noiz jakin zenuen Lemoizen zentral nuklear bat eraikitzen ari zirela?

Lemoizko zentralaren instalazioari buruzko albistea 1972koa da, orduan hasi baitziren zentrala eraikitzen, oinarria zimendatzen. Hala ere, nahiko oharkabean pasatu zen hasieran, ez baitzuten ezer argitaratu proiektuari buruz. Ordurako, Iberduerok Mungia eta Arminza arteko errepidea egitea lortu zuen, gerora Iberdueroko presidente izango zen Pedro Areitio Espainiako Gobernuaren obra publikoetan zegoelako. 1973. urtearen amaieran atera ziren argitara Ispaster-Ea, Deba eta Tuterako zentral nuklearren proiektuak. Hori dena Francok Euskal Herriari zion maitasunagatik zen, noski , eta horregatik nahi zuen Euskadi nuklearizatu.

Nola, bada, horren denbora laburrean horrenbeste proiektu nuklear?

Erabaki politikoa izan zen. 12.000 megawatteko hiru zentral 50 kilometroko kosta lerroan jartzea planeta osoko erreaktore nuklearren kontzentraziorik handiena zen garai hartan. Basakeria bat zen. Ni London's School of Economicsen ikasten aritu nintzen, 1970eko hamarkadaren hasieran, hiri eta eskualde plangintzetako master bat egiten. Orduan kezkatzen hasi nintzen indarrean dagoen kontsumo eredu guztiz jasangaitzari buruz. Euskal Herrian ere pixkanaka zabalduz joan zen erantzuna basakeria horren aurka. Bizkaikoa izan zen proiektu nuklearra babestu zuen diputazio bakarra. Eta hori, jakina, EAJk zuen aparteko nagusitasunari esker izan zen.

Eroriz joan ziren proiektu nuklearrak: Deba aurrena, Ispaster-Ea gero, Tutera ere bai azkenik... Zergatik geratu zen Lemoiz bakarrik?

Lemoiz erabakita zegoen. Ez zen aurrez pentsatutako estrategia bat, hau da, lau zentral planteatzea, azkenean bakarra gera zedin. Lemoizekin hasi ziren, eta, ikusi zutenez hasieran ez zuela oihartzun handirik izan, aurrera egin zuten. Eta, ziur aski, oposizio falta horrek lagundu zuen beste hiru proiektuak ere planteatzen. Denok, ni barne, erreakzionatzen hasi ginen Lemoiz, Ispaster-Ea, Deba eta Tuterako zentralen proiektuen berri jakin genuenean, ohartu ginenean mahai gainean zegoena ikaragarria zela. Gero eta gehiago inplikatu nintzen —nire doktore tesia hori izan zen, erreaktore nuklearrak kokatzeko politika—. AEBetara egin nuen bidaia hartan, Nuclear Regulatory Commission erakundearekin kolaboratu nuen. 1975ean itzuli nintzenean, buru-belarri hasi nintzen nuklearren aurkako mugimendua antolatzen.

«12.000 megawatteko hiru zentral 50 kilometroko kosta lerroan jartzea planeta osoko erreaktore nuklearren kontzentraziorik handiena zen garai hartan. Basakeria bat zen»

Eta noiz hasi zen gauzatzen herritarren erantzuna Lemoizko zentralaren aurka?

Deban herritarrak proiektuaren aurka antolatu ziren. Eta haiek erreakzionatu zutenez, arrisku nuklearraz hitz egiten hasi zen Euskal Herri osoan. Tuteran Mario Gabiria zegoen, ezkerreko soziologoa, eragin handikoa, eta horrek hauspo handia eman zion proiektu nuklearraren aurkako mugimenduari. Deban, 1976. urtearen amaierarako, ibarreko hamabost udalen babesa lortu zuten, baita Gipuzkoako Aldundiarena ere. Nafarroako Diputazioa ere aurka agertu zen.

Lemoizen aurka antolatutako herri protesta 1976an hasi zen, Nuklearrik Gabeko Euskal Kostaldearen Defentsarako Batzordea sortu zenean. Plentzia-Gorliz manifestazioa egin genuen, eta gero ehunka mila lagun bildu genituen Bilbon. Komite antinuklearrak 1977an sortzen hasi ziren, herriz herri. Defentsa Batzordean familia eta auzo elkarteak sartu ginen, eta prentsan Iberduerori erantzuten genion, eskaera juridiko-administratiboak eramaten genituen epaitegietara, eta alderdiei eta EAJri erantzuten genien. Komiteak independenteak ziren, eta sortu genituen Poliziari lana oztopatzeko eta herriz herriko mobilizazioak antolatzeko.

Nahiko jarrera kontraesankorra izan zuten alderdiek. Adibidez, EAJk erreferenduma babestu zuen hasieran.

Erreferendumarena ez zen inoiz izan EAJren hautua, gurea baizik, eta presio handiz eutsi genion. Garaikoetxeak eta EAJko beste batzuek 1978-79 aldera babestu egin zuten, baina ez zuten erreferenduma egin, ezta hurrik eman ere. Eusko Jaurlaritzak eta EAJk esan zuten onartzen zutela galdeketa, baina azkenean ikusi zuten galdu egingo zutela, eta, gainera, ez zitzaiola interesatzen Iberduerori.

Zure ustez, zer garrantzia izan zuen ETAk proiektuak aurrera egin ez zezan?

Nik esan nuen ETAk lagundu egin zuela baina proiektua geldiaraztea gizarte zibil antolatuaren lana izan zela. Eta hori gogoratu behar dugu, gizarte mobilizazioak edozein helburu lor dezakeelako, baita gaur egun pil-pilean den klima aldaketaren inguruan ere. Gu ez geunden han ETAren aurka borrokatzeko; gobernuak jardun behar zuen esparru horretan. Guk ez genuen nahi ETAk jardutea, horregatik esaten genuen «hitz egin, erreferendum bat antolatu!». Egiazki, gainez eginda geunden jardun armatuarekin, baina aitortu behar da ETAk jardun ez balu zentrala piztuko zutela, uranio aberastua sartzeko zorian zegoelako. Eta orduan gertatu zen Ryanena.

Jose Maria Ryanen bahiketa eta hilketa mugarri bat izan ziren. Nola bizi izan zenuen hura?

1981eko otsailaren 4an komunikatu bat argitaratu genuen, Iberduerori eta ETAri eskatzeko Ryanen kasuaren amaiera tragikoa kosta ahala kosta saihesteko. Gero esan genuen: «Atsekabetuta gaude gertatutakoarekin. Beharrezkoa ez zen heriotza batekiko tristuraz eta amorruz beteta gaude, nahiz eta gizarte zibileko erakundeak izan garen tematu garenak halako gertaerak ez jazotzeko. Ryanen heriotzak, eta hura inguratu duten gertaerek, hunkidura handia eragin dute defentsarako batzordea osatzen dugun kideon artean. Egoerak gure jarduna eta Lemoizko auzian dugun egitekoa birplanteatzera behartzen gaitu. Arazoa gure erantzukizunetik kanpoko eremu batera iritsi da. Gure ahalegina gidatu duten printzipioen balioa eta zintzotasuna aldarrikatzen ditugu, eta espero dugu amaieran arrazoiaren indarra nagusitzea, eta historiak zorrotz epaitzea gure gizartearen sektore batek egindako borroka irmo, baketsu eta desinteresatuko zortzi urte hauek».

«Gu ez geunden han ETAren aurka borrokatzeko; gobernuak jardun behar zuen esparru horretan. Guk ez genuen nahi ETAk jardutea, horregatik esaten genuen 'hitz egin, erreferendum bat antolatu!'»

Ezin zenuten ordura arte bezala jarraitu, alegia.

Presioa izugarria izan zen. Nik Jose Felix Azurmendiren ETA hasieratik amaierara liburuan esan nuenez, gertatutakoak borroka antinuklearrean nuen egitekoa eta militantzia birplanteatzera bultzatzen ninduen. Borroka hori geldiezina zen, eta ez nien uko egin parte hartzera bultzatu ninduten printzipioei eta oinarriei. Baina oso nekatuta nengoen. Kontu zikinegiak gertatu ziren. Inor ez zen jarri gurekin harremanetan. Iberduerori hori gertatzea interesatzen zitzaion, horregatik berreskuratu ahal izan du gastatutako diru guztia. Gainera, Jose Mari Ryan nire laguna zen haurtzarotik, haren etxetik ehun metrora bizi nintzen eta. Bahitu zutenean, zazpi eta zortzi egun inguru zituzten erreakzionatzeko, eta ez zuten gurekin hitz egin. Baina, tira, hori kontu bat da, eta beste bat guk ez geniola ezeri uko egingo, eta horrek izorratu egiten zituen.

Ondoren, 1982ko maiatzean, Ryanen ardura hartu zuen Angel Pascualen hilketa iritsi zen.

Bai, eta orduko hartan ezer ez esatea erabaki genuen. Baina nola zitekeen Ryanenaren ondoren hil zuten moduan hiltzea? Agian interesatzen zitzaien Iberduerori eta gobernuari, proiektua gelditzeko justifikazio bat eduki ahal izateko, eta dirua berreskuratzeko. Kontuak kontu, momentu hartan proiektua geratu egin zen. Logikoa eta aurreikustekoa zen. Eta latza da gero euskal alderdiek eta instituzioek egindakoa: isiltasun erabatekoa, berrogei urtez. EAJk esan zuen kosta ahala kosta Lemoizek funtzionatuko zuela. Obsesionatuta zeuden, baina gero ez dute inolako autokritikarik egin.

Garaipena ospatu al zenuten?

Aitortzen dut garaipen mikatza izan zela, inoiz gertatu behar ez zuten heriotzak izan zirela, baina gizarte borroka baketsua izan zen beti, eta gertatu zena ospatzekoa izan zen, bai noski. Hala ere, establishment-aren, gobernuen eta euskal alderdien erreakzioa guztiz bortitza eta mespretxuzkoa izan zen, eta, azkenean, ETAren esku hartzea eragin zuen. Langileak hil ziren, Gladys del Estal, ETAko militanteak, Ryan eta Pascual, baina guk, gizarte antolatu gisa, bide demokratikoen eta ez-bortitzen alde egin genuen beti, lau liburu txostenetan azaltzen den historia ikusi besterik ez dago.

«Eusko Jaurlaritzak ezin du erabaki zer egingo den Lemoizen. Herriari hitz egiten utzi behar dio, eta erantzukizunak eskatu behar dizkio Iberdrolari»

Zer iritzi duzu Lemoizko zentralaren aurkako borroka hasi eta ia 50 urtera?

Uste dut gizarte zibil antolatuak salba gaitzakeela klima aldaketa bortitzetik, orduan nuklearizazio basatitik salbatu gintuen bezala.

Zer egin beharko litzateke Lemoizko zentralaren hondakinekin?

Hain inplikazio sozial handiko proiektua da, ezen Eusko Jaurlaritzak ezin baitu erabaki zer egingo den han. Herriari hitz egiten utzi behar dio, eta erantzukizunak eskatu behar dizkio Iberdrolari. Ez dut esaten Iberdrolak dena ordaindu behar duenik, baina eraispenean parte hartu behar du, eta gizarteak erabakian parte hartu behar du, behintzat interesik handiena dutenek eta eskualdeko udalerrietako alkateek, haiek baitira horren eragina jasango luketenak, zoragarria zen leku batean.

Zer ondorio atera daiteke auzi hartatik?

Herriaren garaipena erabatekoa izan zen, eta harro gaude horregatik. Eta gazteek jakin behar dute zer gertatu zen. Lemoizko auziak izan behar du gizarte zibila animatzeko arrazoi bat, borroka dezan animatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.