Estatutu berri bat ontzeko «ausardia» eskatu du Pradalesek lehendakari hautatu dutenean

Eusko Legebiltzarrak Imanol Pradales izendatu du lehendakari, EAJren eta PSE-EEren babesarekin. Osakidetza, etxebizitza eta enplegua ezarri ditu helburuen artean. Otxandianok galdegin du subiranotasunaren aldeko gehiengoa baliatzea.

Pradales, Jaurlaritzako lehendakari izendatu berritan. RAUL BOGAJO / FOKU
Pradales, Jaurlaritzako lehendakari izendatu berritan. RAUL BOGAJO / FOKU
aitor biain
2024ko ekainaren 21a
05:00
Entzun

Eusko Legebiltzarrak gehiengo osoz izendatu du Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakari. EAJk eta PSE-EEk egin dute haren alde: jeltzaleen 27 botoak eskuratu ditu, eta sozialisten hamabiak. Horrenbestez, Pradales izango da hamahirugarren legealdiko lehendakaria, historiako zortzigarrena eta diktadura ondoko seigarrena. Pello Otxandiano EH Bilduren lehendakarigaiak soilik bere taldekideen babesa jaso du, eta orain arteko lehendakari Iñigo Urkulluren gutxiespen keinua, Urkullu ganberatik kanpo egon baita EH Bilduren hautagaia proposamena azaltzen egon den ordu eta erdian. 

Hautatua izateko gehiengo osoaren babesa aldez aurretik bermatuta zeukala aurkeztu zuen hautagaitza Pradalesek, EAJren eta PSE-EEren arteko itunari esker. Baina EH Bilduk Otxandiano lehendakarigai gisa aurkeztu izanak modua eman zuen bi herri egitasmo aurrez aurre jartzeko, eta bi proiektu politikoren arteko alderatze ariketa egiteko. Hain justu, ariketa horrek erakutsi zuen elkargunerako tarteak eta adostasunerako aukerak badaudela, nahiz eta arlo askotan ikuspuntu ezberdinak izan. 

Elkarlanean aritzeko, eskua luzatu zioten elkarri Pradalesek eta Otxandianok, ezberdinen arteko akordio zabalak posible direla aldarrikatuta. Biek bat egin zuten aldi historikoaren diagnostikoan ere: aldaketa sakonak gertatzen ari dira munduan, eta Euskal Herria ez dago horietatik salbu. Hori ezinbestean aintzat hartu behar da hurrengo lau urteetan erabakiak hartzean, bi hautagaiek azpimarratu zutenez.

Estatutu berria

Autogobernua da egungo testuinguruari aurre egiteko tresnarik garrantzitsuenetako bat, bien ustetan. Horregatik, biek ala biek uste dute ezinbestekoa dela estatutua berritzea, «eguneratzea», eta sinetsita daude legealdi honetan baldintzak eta oinarriak badaudela horretarako. Pradalesek «ausardia» eskatu zuen 1979ko Gernikako Estatutua gainditzeko eta beste itun politiko bat adosteko. 

Alderdien esku utzi zuen eztabaida, nolanahi ere. Horretarako, Eusko Legebiltzarrean adostu eta onartu beharko litzateke testu berria, haren hitzetan, eta Madrilekin gero, herritarrek galdeketa bidez berretsi aurretik. Estatutu horrek errealitate nazionala aintzat hartzea eta Espainiarekin aldebiko harremana izatea bermatu beharko luke, Pradalesen hitzetan. 

Otxandianok, bestalde, ohartarazi zuen legebiltzarreko gehiengo subiranista baliatu beharra dagoela: «Orain ez bada, noiz?». Adierazi zuen martxan den legealdia ez dela «beste edozein legealdi» izango, eta estatus politiko berriaren eztabaidak lehen lerroan egon behar duela. Izan ere, adierazi zuen autogobernua «zuzenki lotua» dagoela herritarren ongizatearekin eta garaiko erronka sozialei aurre egiteko beharrekin. 

Otxandianoren arabera, ordea, egungo autogobernua «higatua eta urratua» dago, Espainiaren zentralizazio prozesuaren eta Auzitegi Konstituzionalaren erabakien ondorioz, besteak beste. Eta horregatik behar da beste itun bat, haren hitzetan. Are gehiago, gogorarazi zuen estatutuari buruzko diagnostiko hori bera egin zuela aurreko legealdian Eusko Jaurlaritzak eta, zehazki, Olatz Garamendi sailburuak. «Tresna juridiko-politiko berrien beharra daukagu», aldarrikatu zuen. 

Abiapuntuan egin zuen azpimarra, ordea. Otxandianoren arabera, 2018an EAJk eta EH Bilduk estatutu berri baterako adostutako oinarriek eta printzipioek izan behar dute abiapuntu. Hain zuzen, Pradalesi galdetu zion prest ote dagoen sozialistek erabakitzeko eskubideari jarria dioten betoa gainditzeko. Bi alderdi abertzaleen arteko adostasuna posible dela esan zuen, hala ere. Eta Juan Jose Ibarretxeren ahalegina ekarri zuen gogora, nahiz eta Pradalesek gogorarazi zion bere garaian ez ziotela babesik eman.

Mila ekinaldi

Egonkortasuna eta ongizatea izango dira Pradalesek gidatuko duen Jaurlaritzaren ardatz nagusiak hurrengo lau urteetan, eta Osakidetza, etxebizitza eta enplegua lehentasun garrantzitsuenak. Hala dakar PSE-EErekin batera hitzartutako itunak, zeinak mila ekinaldi eta konpromiso jasotzen dituen, eta hala azaldu zuen hautagai jeltzaleak atzo ere: «Osakidetzara sartzean, herritarrak harro sentitzea nahi dut». 

Horretarako, ekintza plan bat iragarri zuen lehen arreta hobetzeko, eta mila milioi euroko inbertsioa, 2030era bitarte, azpiegiturak hobetzeko. 2.000 langile kontratatuko dituela eta mediku eta erizainentzat lan eskaintza publikoak antolatuko dituela ere hitzeman zuen. Herritarren kezka nagusia dela jakinda, alderdiei babesa eskatu zien, eta osasunaren alorreko itun handi bat galdegin. 

Pradalesek arreta berezia jarri zuen gazteengan eta etxebizitza politikan. Onartu zuen etxebizitzarena «erronka handietako bat» dela gaur egun, eta, horregatik, iragarri zuen emantzipazioa errazteko eta erronka demografikoari aurre egiteko hainbat neurri hartuko dituela. Horien artean daude, besteak beste, alokairu sozialerako 7.000 etxebizitza eraikitzea eta aitatasun eta amatasun baimenak luzatzea. 

Ekonomiaren alorrean, iragarri zuen 2028rako industria plan bat osatuko duela, eta trantsizio energetikoa eta deskarbonizazioa sustatzeko erraztasunak emango dituela. Bizikidetzaren alorrean, «zoru etikoa» onartzeko beharra aldarrikatu zuen, zeinak «giza eskubideen urraketen biktima guztiak» aintzat hartuko dituen. Euskarari dagokionez, berriz, ezagutza eta erabilera sustatzeko beharra aipatu zuen, doakotasuna oinarri gisa hartuta. Urkulluri eskerrak emanez amaitu zuen hitzaldia, eta hark egindako lanari aitortza eginez. 

Lurzoru partekatua

Otxandianok etorkizuneko herri proiektu partekatu baterako gobernu programaren berri eman zuen. Azaldu zuen hautagaitza aurkeztu zuela eztabaida politikoa bermatzeko, gainontzean EAJk eta PSE-EEk «tramite huts» bilakatuko zutelako inbestidura saioa. Izan ere, salatu zuen programari buruzko eztabaida egitea «ezinezkoa» zela, bi alderdiek ez zutelako programa aurretiaz ezagutarazi.

EH Bilduko lehendakarigaiaren hitzetan beharrezkoa da «eraldaketa nazional bati ekitea», azken hamarkadetan «inertziaz» jardun baitu Eusko Jaurlaritzak, jeltzaleen eta sozialisten babesarekin. Bada, gogorarazi zuen Eusko Legebiltzarra gehiengoz subiranista eta ezkerrekoa dela, eta ezin zaiola horri «muzin» egin. Are, iritzi dio bi gehiengo horiek artikulatu beharko luketela «naziogintza garaikidea eta politika ekonomiko postneoliberala» oinarri dituen gobernantza aro berria. «Horixe da, gure ustez, etorkizuneko herri proiektu bati sendotasuna eta egonkortasuna eman diezaiokeen lurzoru partekatua».

Horretarako, sei elkargune proposatu zituen. Horien artean daude, besteak beste, subiranotasunari, ongizateari, hezkuntzari, identitate komunitarioari, segurtasunari eta aztarna ekologikoari lotutakoak. Elkargune horiei lotutako 25 erronka ere zerrendatu zituen. Esaterako, proposatu zuen 2030erako premiazko elikagaien autohornikuntza %50era handitzea, eta 2032rako inportatutako energiaren menpekotasuna %70era murriztea. 

Helburu gisa jarri zuen, halaber, industriaren «posizionamendua» hobetzea. Horretarako, ezinbestekotzat jo zuen ekoizpen sarea «berreskuratzea» eta berrikuntzarako eta teknologiarako inbertsioa handitzea. Baita 1.800 milioi eta 2.500 milioi euro arteko inbertsio funts bat sortzea ere, enpresa estrategikoen errotzea bermatzeko. 

Etxebizitzaren alorrean, bestalde, alokairurako etxebizitza publikoen kopurua handitzea proposatu zuen, herritarren etxebizitza eskubidea bermatu eta gazteen emantzipazioa errazteko. Baita zaintza duin eta unibertsalerako eskubidea bermatuko duen erakundetze bat abian jartzea ere.

Elkarbizitzari dagokionez, «memoria plural bat» eraikitzearen alde egin zuen, eta ezker subiranistaren «erabateko konpromisoa» berretsi zuen «eskubide guztien errespetuan» oinarrituko den bizikidetza eraikitzeko. Proposamen ia guztietan agertzen dira zehar lerro gisa euskara eta feminismoa.

Karguaren zina, bihar

Arratsaldeko zazpiak jo ondoren iragarri zuen Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak bozketaren emaitza. Txalo zaparrada luze batekin erantzun zuten legebiltzarkideek. Diez Antxustegik zoriondu zuen lehendabizi Pradales, eta Urkulluren besarkada estua jaso zuen gero; Andueza eta Otxandiano ere hurbildu zitzaizkion, zoriontzeko. Izendapena «hunkituta eta pozik» hartu zuela aitortu zuen amaieran. Bihar egingo du karguaren zina, Gernikako juntetxean (Bizkaian).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.