Espainiako Poliziak «botereaz abusatu» duela salatu du Sanduzelai peñak

2022ko uztailaren 14an gertatutako liskarren harira, Poliziak bazkide guztien datuak ematera behartu du peñako zuzendaritza, milioi bat euroko isuna jartzeko mehatxupean. Gertakarietan parte hartu zuen peñakidea lehendik identifikatua zuten.

Zezen plazako giroa eta peñak.
Iruñeko peñak zezen plazan, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Haize Oiartzabal Aizpuru
2024ko uztailaren 4a
16:15
Entzun

2022ko sanferminen azken egunean peña guztiak bildu ziren zezen plazaren kanpoan sanferminen akabaila ospatzeko. Federaziotik kanpo dagoen peña eskuindar eta kontserbadore batek, Mutilzarrak, bere pankarta zabaldu zuen, ekitaldian parte hartu ez arren. Orduan piztu zen liskarra, eta Mutilzarrako kide batek salatu zuen irainak eta mehatxuak egin zizkiola Sanduzelai peñako bazkide batek.

Ustezko erasotzailea bere borondatez aurkeztu zen biktimaren aurrean, barkamen eske. Beraz, identifikatuta zegoen. Hala ere, Espainiako Poliziak 18 urtetik gorako bazkide guztien izen-abizen, NA zenbaki eta telefonoak eskatu zizkion zuzendaritzari.

Sanduzelai peñako kideek ez dute uste justifikatuta dagoenik berrehun pertsonaren datuak eskatzea, eta Alicia Etxeberria Nafarroako Gobernuko ordezkariarekin elkartzeko eskatu dute. Azalpenak eskatu nahi dizkiote Espainiako Poliziak edukitako jokabidearengatik. Izan ere, «botereaz abusatu» izana salatu du peñak.

Alazne Vicente peñako presidenteak esplikazioak exijitu ditu: «Jakin nahi duguna da zergatik eta zertarako nahi zituzten gure datu horiek, non dauden orain». Ohartarazi du «erantzun gogobetegarririk» jaso ezean denuntzia paratzea eta erreklamazioak eskatzea pentsatuko dutela. 

Gorroto delitua, indargabetua

Fiskaltzak, polizia txostenek eta alderdi politiko baten batek gorroto delitua egin izana leporatu zieten bortz bazkideri prozesu judizialak iraun bitartean. Baina sententziaren arabera, ez dago gorroto-delitu zantzurik bazkideen jokabidean, eta akusatuak errugabetu egin zituzten. «Argi geratu da akusazio horrek ez zutela zerikusirik errealitatearekin», adierazi du Vicentek. Poliziaren bertsioa, beraz, «erabat indargabetuta» gelditu dela gaineratu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.