Etxebizitzak sasoi baterako alokatzea arautuko du Espainiako Gobernuak

Urtebete baino gutxiago irauten duten alokairuetan, horren arrazoiak azaldu beharko dira. Bizilagunei pisu turistikoak ez baimentzeko ahalmena eman nahi diete.

Bidaiariak, alokagai dagoen etxebizitza baten aurretik pasatzen, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Bidaiariak, alokagai dagoen etxebizitza baten aurretik pasatzen, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
gotzon hermosilla
2024ko uztailaren 3a
17:00
Entzun

Etxebizitzak sasoi baterako alokatzeak are gehiago zailtzen du ohiko bizitokia bilatzen dutenen helburua, zenbait etxebizitza merkatutik kentzen dituelako eta prezioak garestitzen dituelako. Zenbait kasutan, justifikatuta dago etxebizitza sasoi baterako alokatu behar izatea; adibidez, ikasleen kasuan, edo norbaitek lan jakin baterako beste hiri batera joan behar duenean. Baina, beste zenbaitetan, sasoikako alokairuak turismoarekin lotutako jarduerak ezkuta ditzake. Espainiako Gorteek 2023ko maiatzean onartu zuten Hego Euskal Herriko herrialdeetan eragina duen Etxebizitza Lege berria, baina sasoikako alokairuak lege horretatik kanpo geratu ziren. Orain, Espainiako Gobernuak iragarri du atal hori arautuko duela, dekretu baten bidez lege aldaketa batzuk eginda.

Espainiako Etxebizitza eta Hiri Agendako ministro Isabel Rodriguezek iragarri du, afera aztertzen ari den lantaldearekin bilera egin ostean. Esan duenez, haien asmoa da babesa ematea «sasoikako alokairua benetan behar dutenei», baina, horretarako, beharrezkotzat jotzen dute alokairu hori justifikatuta ote dagoen jakitea; hortaz, horren arrazoiak azaltzeko beharra ezarri nahi dute: «Etxebizitza alokatzeko lansariaren agiriak eskatu ahal dizkiguten modu berean, alokairu hori sasoikakoa izatearen arrazoiak ere eskatuko dizkigute». Arrazoi horiek kontratuan agertuko dira.

Esan duenez, haien asmoa da mota horretako alokairuen «gehiegizko erabilpena» galaraztea. Errolda bat ere egin nahi dute, eta pisu turistikoek eta aldi baterako alokatzen diren etxebizitzek horretan agertu beharko dute.

Aldaketa horiek guztiak egiteko «presazko bidea» erabili nahi dute, eta dekretu zirriborro bat «albait arinen» lantzeko asmoa dute.

Eskumenak errespetatuz

Pisu turistikoen auziari ere heldu nahi dio Espainiako Gobernuak. Rodriguezen arabera, autonomia erkidegoek eta udalek gai honetan dituzten eskumenak errespetatu nahi dituzte, baina, era berean, bizilagunak ere «ahaldundu» nahi dituzte: «Pisu turistikoa jarduera ekonomiko bat da, eta, hortaz, bizilagunen baimena behar dute aritu ahal izateko».

Horixe da, hain zuzen, Gobernuak arlo honetan egin nahi duen aldaketarik esanguratsuena: bizilagunei pisu turistikoak baimentzeko edo ez baimentzeko ahalmena ematea. Ahalmen hori legez jasota dago, baina ez dago guztiz zehaztuta nola gauzatu behar den. Gobernuak argitu nahi du hori: bideetako bat izan daiteke bizilagunen ehuneko jakin batek aldez aurretik oniritzia eman behar izatea, eraikin horretan pisu turistiko bat ireki ahal izateko.

Horretarako, legerian aldaketa «kirurgikoak» egin nahi ditu Gobernuak. Rodriguezek iragarri du talde parlamentarioekin eta gizarte eragileekin hitz egingo dutela, aldaketa horiek egiteko biderik eraginkorrenak aztertzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.