Ertzaintzak oraindik ez du erabaki zer neurri hartu sexu erasoa egiteagatik zigortutako ertzainari dagokionez

Indarkeria matxistaren biktima bati egin zion eraso 2021ean, eta 2.190 euroko isuna jarri zioten. Jaurlaritzaren ustez, salbuespenezko kasu bat da, eta ez dago indarkeria instituzionalaren zantzurik.

Ertzaintzaren auto bat Getxoko (Bizkaia) Justizia Auzitegiaren parean, artxiboko irudi batean. MIGUEL TOÑA / EFE
Ertzaintzaren auto bat Getxoko (Bizkaia) Justizia Auzitegiaren parean, artxiboko irudi batean. MIGUEL TOÑA / EFE
Jone Bastida Alzuru.
2024ko maiatzaren 3a
17:00
Entzun

Indarkeria matxistaren biktima bati hainbatetan ukituak egiteagatik, gizonezko ertzain bat zigortu zuten urtarril amaieran Gipuzkoan. Akordio baten bidez zigortu zuten, poliziak onartu egin zuelako sexu erasoa, eta isun bat jarri zioten: 2.190 euro ordaintzea eraso egindako emakumeari. Oihana Etxebarrieta EH Bilduko legebiltzarkideak kasuaren inguruko azalpenak eskatu dizkio Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari, iritzita zigor ekonomiko «soil bat» jartzea ez dela nahikoa, eta idatziz erantzun du Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Josu Erkorekak. Haren arabera, espedientea ireki zioten ertzainari, eta indarkeria matxistaren biktimak babesteko unitatetik kendu zuten, kautelaz. Ebazpen judizialetik hiru hilabetera, baina, espedientea zabalik dago oraindik ere, eta Ertzaintzak oraindik ez du erabaki zer egin: agentea kaleratu edo haren lanaldia aldi baterako eten.

2021eko apirilean egin zuen erasoa. Andrea ertzain etxe batera joan zen, babes agindu baten urraketaren berri emateko, eta zigortutako ertzainak hartu zion deklarazioa —indarkeria matxista kasuekin lan egiten zuen—. Biharamunean, polizia emakumearen etxean agertu zen, dokumentu batzuk emateko aitzakiarekin, «bere karguaren funtzioak aprobetxatuz», fiskalak akusazio idatzian jaso zuenez. Etxe barruan zegoela, emakumea besarkatu zuen, eta hainbat ukitu egin zizkion; biktimak «etengabe» eskatu zion alde egiteko, baina ertzaina tematu egin zen jazarpenean. Azkenean, emakumearen «ukatze jarraituaren ondorioz», poliziak alde egin zuen.

Erasoaren berri izandakoan, atestatu polizial bat zabaldu zuen Ertzaintzak, eta erasoa egindako ertzainari diziplina espedientea ireki zion. Eten egin zen espedientearen tramitazioa, ordea, kausa berarengatik prozesu penal bat martxan zelako. Urtarrilean emandako ebazpen judizialaren ondoren, diziplina espedientea tramitatzen hasi zen berriro Ertzaintza, baina oraindik ez du zigorra erabaki. EAEko Poliziaren Legeak diziplina falta «oso larritzat» jotzen du zigor penal bat izatea, eta ondorioak honako hauek izan daitezke: agentea zerbitzutik kanporatzea edo lanak etetea, gutxienez urtebetez eta gehienez bi urtez. Oraingoz, baina, kautelazko neurriekin jarraitzen du erasoa egindako ertzainak. Hau da, indarkeria matxistaren biktimak babesteko unitatetik eta herritarrei arreta emateko gunetik kanpo.

Aholkularitza juridikorik ez

Etxabarrietak Segurtasun Sailari galdetu dio ere ea kasuan indarkeria instituzional zantzuak atzeman dituen, baina ezezkoan da Jaurlaritza. Uste du erasoa salbuespenezko kasu bat dela, «Poliziako kide guztiek berariazko prestakuntza baitute etxeko indarkeriaren eta genero indarkeriaren aurreko babesaren arloan». Bestalde, azpimarratu du Segurtasun Sailak ez diola aholkularitza juridikorik eman kondenatutako ertzainari.

Segurtasun Sailaren hitzetan, indarkeria matxista «lehen mailako gizarte arazoa» da, eta zenbait neurri hartu dituzte erasoa jasan zuenari «lehentasunezko arreta eraginkorra eta kalitatezkoa» emateko. Besteak beste, larrialdietako zerbitzu bat eskaintzea.

Fiskalak txostenean nabarmendu zuenez, eraso horren ondorioz, emakumeak pairatzen zuen antsietatea areagotu egin zen. Halere, kasua ez zen epaiketara iritsi, bi aldeak akordio batera iritsi zirelako. Gizonak aitortu egin zuen erasoa, eta prest agertu biktimari kalte ordaina emateko. Egindako kaltearen erreparazioaren aringarria aplikatu zion fiskalak, eta isun ekonomikoa soilik jarri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.