Ernaik aurkeztu ditu jasotako isunen kontrako lehen helegiteak

Gazte antolakundeak salatu du Jaurlaritzak 'mozal legearen' «interpretazio oso zigortzaile bat» egin duela. Frogatu nahi dute iraileko protestak «baketsuak» izan zirela.

Ernaiko kideek egindako agerraldia, gaur goizean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Ernaiko kideek egindako agerraldia, gaur goizean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Iosu Alberdi.
2024ko ekainaren 26a
12:50
Entzun

Ernai gazte antolakundeak agerraldia egin du Gasteizko Justizia jauregiaren aurrean, hain zuzen, jakinarazteko helegite sorta bat jarri dutela mozal legea erabilita jarri dizkieten isunen kontra. Gazte antolakundeak maiatzean azaldu zuen 133 isun jarri zizkietela beste horrenbeste kideri irailean Bilbon eta Gasteizen egindako ekimenengatik; horien kostua 290.500 eurokoa litzateke. Gazteen abokatuaren esanetan, horiek «ezohikoak eta gehiegizkoak» dira. Beraz, helegiteak aurkeztearen xedea da horiek «zuzenbidearen kontrakoak» direla frogatzea eta, ondorioz, indargabetzea.

Ernaiko kideek azaldu dute jada jarri dituztela isunen aurkako lehen bost helegiteak Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian. Denera, 133 aurkeztea da asmoa, jasotako isunak adina, baina horiek pixkanaka joango dira aurkeztuz, bakoitzaren epeen arabera. Argudiatu dute Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak mozal legearen «interpretazio oso zigortzaile bat» egin duela eta, helegiteen bitartez, frogatuko dutela irailean egindako protestak «mobilizatzeko eskubidearen baitan egindako ekimen baketsuak» izan zirela.

Auziaren analisi politikoa eginez, azaldu dute Segurtasun Sailari dagokiola erantzutea ea zergatik egin duen «gehiegizko» isunak ezartzearen alde: «Denok dakigun moduan, kasu berdintsuetan ez du hala jokatu». Hala, Amalur Egurrola Ernaiko eledunaren esanetan, isun horiek «eraso» bat dira, eta zuzenean lotu du «operazio» hori ezker independentista «hegemonia sozial eta politikoa lehiatzen» aritzearekin. Ernaiko kideak gehitu du «aurrekari oso arriskutsu bat» ere izan daitekeela, «eskubideen murriztapen nabari bat» dakarrelako berarekin. Hori kontuan izanik, Egurrolak ezinbestekotzat jo du helegiteak aurkeztea, gazteek «herri honen etorkizunerako ardura berezia» dutelako.

Aurrez, maiatzeko agerraldian, Ernaik salatu zuen hura «ekonomikoki itotzen eta politikoki deuseztatzen» saiatzen ari direla, eta 2015etik mozal legeaz egin den erabilera kritikatu zuen: «Errepresio ekonomikoa da XXI. mendearen errepresioaren aurpegi nagusia». Orduan jakinarazi zuten elkartasun kanpaina bat ere jarriko dutela martxan, «prozesuak ekarriko duen zama» arintzeko». Era berean, Ernaik ekainean adierazi zuen irailaren 8an manifestazio bat egingo dutela «taldearen kontrako operazio judizialak dituen oinarri politikoak salatzeko», Donostiako Bulebarretik hasita: «Zapalkuntzarik gabeko Euskal Herrian berretsi eta aurrera egiteko anbizioa erakutsiko dugu».

Isunek irailaren 22ko bi ekinbide dituzte oinarrian. Egun hartan, Ernaiko kideek bidea moztu zuten Espainiako Gobernuko ordezkaritzak Bilbon duen egoitzan eta Ertzaintzaren Gasteizko polizia etxean, Aitor Zelaiaren eta Galder Barbadoren espetxeratzea salatzea. Orduan, Ertzaintzak 133 lagun identifikatu zituen, eta Segurtasun Sailak denei ezarri zizkien isunak; 1.500 eta 2.500 euro bitartekoak. Ernairen arabera, diru kopuru horiek ohikoak baino handiagoak dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.