Enpresarekin lortutako aurreakordioa bozkatuko dute Bilbobuseko langileek

UGT, CCOO eta LSB sindikatuek lortu dute aurreakordioa; ELA, LAB eta ESK kontra daude.

Bilbobuseko langileen pegatina bat, markesina batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Bilbobuseko langileen pegatina bat, markesina batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
jakes goikoetxea
2024ko ekainaren 25a
19:30
Entzun

Bozketa eguna dute bihar Bilbobusen: UGT, CCOO eta LSB sindikatuek Biobide enpresarekin lortutako aurreakordioa bozkatuko dute langileek goizez eta arratsaldez. Horren arabera, greba mugagabearekin jarraitu edo ez erabakiko dute. Izan ere, Bilbobuseko langileak greba mugagabea egiten ari dira apirilaren 9tik. Gainerako sindikatuek eta enpresak hitzartutakoaren kontra daude ELA, LAB eta ESK. 

«Oraindik ez dago aurreakordiorik», esan dio Jose Fernandez UGTko ordezkariak BERRIAri. «Baldintza batzuk hitzartu ditugu akta batean, eta horiek aurreakordio batera eramaten ari gara. Bihar bozkatuko dira». Fernandezek ez du zehaztu nolako neurriak hitzartu dituzten Biobiderekin.

Enpresaren arabera, gaur egin dute negoziazio mahaiaren azken bilera, eta langileek egindako azken proposamena onartu du. Langileek onartu beharko dute, baina baita, Biobideren esanetan, Bilboko Udalak ere.

Akta edo aurreakordioa izan, kontra daudela jakinarazi dute ELAk eta LABek. Aurreakordioaren kontra eta greba mugagabean jarraitzearen alde. ELAren esanetan, aurreakordioak ez du bermatzen ez langileen erosahalmena, ez soldatak KPIaren neurrian igoko direla. «Langileei lapurtu egin diete negoziazio kolektiborako eskubidea», salatu du sindikatuak, «eta ez du konpontzen kontratazio prekarioa». Sindikatuak emandako datuen arabera, lanaldi partzialeko kontratua dute langileen %62k.

Enpresaren «itxikeria»

80 egun baino gehiagoko greba mugagabearen ondoren —greba mugagabearen aurretik beste hainbat greba egin zituzten—, ELAk uste du enpresak ez duela borondaterik izan arazoak konpontzeko: «Itxikeriaz jokatzen ari da langileen erosahalmena bermatzeko, eta negoziazio kolektiborako eskubidea lapurtu du, etorkizuneko soldata igoerak funtzio publikoaren [Espainiako Gobernuaren] erabakien mende utziz». Horrek, ELAren iritziz, hautsi egingo luke KPIari lotutako soldata igoera historikoa, «zerbitzua TCSAk eskuratu zuenetik aplikatzen dena».

ELArentzat, gatazka «ustel gainean ixtea» litzateke aurreakordio hori onartzea. Gatazka honek auzitan jartzen baitu, sindikatuarentzat, «zerbitzu publiko bat pribatizatzeko jarrera politikoa, eta haren mende jartzekoa langileak eta Bilboko herritar guztiak».

Langileei azalduko die aurreakordioak zer-nolako ondorioak izango dituen orain eta etorkizunean, eta kontra bozkatzeko eskatuko die. ELArentzat, lehentasunetako bat da soldatak KPIaren arabera igotzea.

LABek esan du ia ez dagoela alderik gaur hitzartutako aurreakordioaren eta aurretik lortutakoaren artean. Izan ere, enpresak eta UGT, CCOO eta LSB sindikatuek aurreakordioa lortu zuten maiatzean. Langileek atzera bota zuten, gehiengo handi baten babesarekin: 287 langilek bozkatu zuten akordioaren kontra, 143k alde.

Berez, Bilboko Udalak apirilean erabaki zuen Biobide enpresarekin duen kontratua bertan behera uztea. Hiru hilabeteko epea jarri zuen horretarako. Bilboko Udalak duela bost urte eman zion Bilbobus zerbitzua eskaintzeko kontratua Biobide enpresari. 500 milioi euroko kontratua adostu zuten hamar urterako, 2019tik 2029ra. 2019an sinatutako lan hitzarmenaren arabera, langileen soldata igoerak %1,5 gehi KPIa izan behar luke kontratuak irauten duen hamar urteetan. Biobidek %8ko soldata igoera aplikatu zuen 2021ean, baina geroztik ez du soldatarik eguneratu. Enpresak dio ezin diela aurre egin lan hitzarmenean onartutako soldata igoerei, inflazioaren eraginez.

Egoera salatu eta lan baldintza duinak exijitzeko, iazko urrian lanuzteak egiten hasi ziren Bilbobuseko beharginak, eta beste urrats bat egin zuten hilaren 9an: greba mugagabeari ekin zioten. Gutxieneko zerbitzuak ematen ari da ordutik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.