Baionako bestak

Egutegia aldaturik, baina molde berean antolatu dituzte Baionako bestak

Baionarrak ez direnek 15 euroko sarrera ordainduko dute ostiralean, larunbatean eta igandean besten gunera sartzeko. Lau CRS konpainia ordaintzeko balioko dute, besteak beste. Feriakariak lekuz aldatuko dituzte.

Yves Ugalde Baionako kultur auzapezordea, Jean Rene Etxegarai eta Henri Lauque besten batzorde burua, gaurko agerraldian, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU
Yves Ugalde Baionako kultur auzapezordea, Jean Rene Etxegarai eta Henri Lauque besten batzorde burua, gaurko agerraldian, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU
Iñaki Etxeleku.
Baiona
2024ko ekainaren 25a
16:30
Entzun

Jakina den gisan, Baionako bestak uztailaren 10, 11, 12, 13 eta 14ra aitzinatu dituzte Olinpiar Jokoak direla kausa. Gaur, besten aurkezpen agerraldian, Jean-Rene Etxegarai Baionako auzapezak erran du kontuan hartu dituztela bestetako «beste eragileen» oharrak. Besteak beste, 2032 kolektiboa aipatu du; iaz sortu zuten talde hori, Patrice Lanies hil ondotik —besten lehen egunean eraso zioten—. Kolektibo horrek helarazi hamar proposamenei «puntuz puntu» erantzun dietela adierazi du, zehaztu gabe zer erabakirekin. Patrice Laniesi omenaldia egin nahi lioke herriko etxeak besten hasteko ekitaldian, baina familiarekin ez dira oraindik bilduak haren baimena erdiesteko. Irekitze ekitaldia, hain zuzen, aitzineko urteetan baino aise goizago eginen dute aurten: 16:45ean, herriko etxearen aitzineko Askatasun plazan. Lehen, 22:00etan egiten zuten, baina azken urteetan jende gehiegi metatzen zela ohartu dira, eta goizago jartzea erabaki dute.

Segurtasunerako, Frantziako lau CRS konpainia hor izanen direla erran du Etxegaraik, «pozik». «Iaztik, konpainia horiek ordaindu behar ditugu», jarraitu du alkateak, eta, horretarako, Baionatik kanpoko jendeei asteburuko hiru egunetan pagarazi eskumuturrekoa baliatzen dute. Aurten, hamabost euroan izango da egun bakoitza, ostiraleko 10:00etarik.

Kontrol gaiarekin jarraituz, bideozaintza areagotuko du herriko etxeak besten denboran, eta Etxegaraik azpimarratu du tabernetako soinu sistemen heina sekula baino gehiago barrandatuko dutela. Ostegunarekin egitekoa duten «esperimentazio» bat aipatu du. Egun osoan 19:00ak arte tabernetako soinu tresneria isilik uztea. Horrez gain, egunero horretarako muntatu zaintza brigada bat ibiliko da tabernaz taberna, neurgailuekin, dezibel heinak izartzen. Legezko heina gainditzen duen taberna oro «lehen alditik zigortuko» dutela erran du. Zehaztu du zigorra izan daitekeela «biharamuneko bereko hesteko manu administratiboa».

Feriakariak, urrunago

Haur eta helduentzat joko eta janari kamioiak instalatzen dituzten feriakariak lekuz aldatuko dituzte aurten, iragarri bezala. Segurtasun arazoak aipatu ditu herriko etxeak urruntzea justifikatzeko. Ondorioz, Santizpirituko zubia, Reduit eta Echauguette plazak eta Mayou zubia deus gabe egonen dira aurten. Feriakariak Aturri bazterrera eramanen dituzte urrunago.

Usaian bezala, animazio franko izanen dira Baionako bestetan. 30 txaranga, 34 banda, hamar abesbatza eta hamabost kontzertu talde aipatu dituzte. Les Negresses Vertes Frantziako talde ezagunak ostiral arratsean emanen du kontzertua, Askatasun plazan, 22:00etan. Karrikaldiak eguneroko egitaraua du, usaian bezala, Jacques Portes plazan. Asteazkenean, Bilaka konpainiaren Bilabal emanaldiarekin hasiko da, 19:00etan.

Lehen eguneko moleta txapelketa Paul Bert plazara mugitu dute. Osteguneko Haurren Egunean, Didam erakustokiaren aurrean, zazpi jauziak dantza iniziazioa izanen da lehen aldikoz. Iaz bezala, Or Konpon eta Haiz'Egoa elkarteek egitaraua apailatu dute Espainiako atean. Bestela, usaiako lasterkaldia, karroen ibilaldia eta Jean-Marie Mailharo trinketeko esku huskako lehiaketa iraganen dira.

Haatik, Iruñeko egunik ez da izanen aurten, Baionako bestak hango sanferminekin batera gertatzen direnez Iruñeko delegaziorik ez baita joango Baionara. Ondorioz, besten Heste eguna deitu du Baionako Herriko Etxeak.

Patxa plazan

Zizpa gaztetxeko gazte asanbladak bost eguneko egitaraua antolatu du, aurten ere, Patxa plazarako. Besten hasiera alternatiboa 18:00etan eginen du, Pyrennes ostatuko leihotik, besta alternatibo herrikoiak, feministak eta euskaldunak aldarrikatzeko. Kontzertu egitarau joriarekin dator: Pelax, Auhen, Badian Bele, Rukula, Frikun, Punttu Kakotx, Maskak, RTZ, U, Herenegun, Rodeo Stoner, Pangea Pop, Muxutruk, John Dealers and the Coconuts, Nat eta Watson taldeekin, besteak beste. Ostiralean bertso saioa eginen du, eta igandean, presoen bazkaria.

Züzülü arte eta kultur elkarteak ere kontzertuak iragarri ditu besten denboran; besteak beste, talde hauek ariko dira: Frigo, Zetkin, Sister Simone, Fizt and Furiuz, Kimule, Rakatapunk, Holako Deluxe, Gaitistaneko Orkestra eta Yakadanse.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.