«Egiturazko arazoak» argitara udan

Azken hilabeteotan, Osakidetzaren udako egoera auzitan jarri dute hainbat eragilek. Besteak beste, txanda ugari bete gabe geratu direla salatu dute. Hori dela eta, «planifikazioa eta gardentasuna» exijitu dute.

Osasun publikoaren aldeko protesta, ekainean, Donostian. JON URBE / FOKU
Osasun publikoaren aldeko protesta, ekainean, Donostian. JON URBE / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2024ko irailaren 3a
05:00
Entzun

Ordutegi murrizketa, mediku falta eta txandak bete gabe geratzea. Uda honetan, ugariak izan dira Osakidetzaren egoera auzitan jarri duten gertaerak. Gainera, urak gainezka egiteko falta zen tanta iritsi da abuztuan: mediku faltaren ondorioz, Laudioko (Araba) bizilagun bat hil da. Arazoa udan askoz argiagoa den arren, eragile zein langile askoren iritziz, ez da sasoi horretako kontua soilik: «Egiturazko arazoa da».

Osakidetzak ekainaren hasieran aurkeztu zien udako plana sindikatuei: urtero bezala, iragarri zien murrizketak egingo zituela lehen mailako arretako zentroetan. Lehenengo plangintzaren arabera, adierazi zuten 339 zentrotatik 126k izango zutela murrizketaren bat. Etengabeko arretako guneetan eta larrialdietan ere txanda ugari egon dira bete gabe.

Egoera hori arindu nahian, uztailaren amaieran zuzendaritzak «salbuespenezko neurriak» hartu zituen: erabaki zuen medikuei gehiago ordainduko ziela aparteko lanorduen truke, eta aukera zabaldu zuen formakuntza egiten ari ziren barruko mediku egoiliarrak kontratatzeko. Jarraibide horren helburua izan zen abuztuan eta irailean «estaldura handiagoa» ematea etengabeko arretako guneei (EAG) eta larrialdietako zerbitzuei.

Neurri horiek ezarri eta astebetera, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak jakinarazi zuen aste horretatik aurrera 89 medikuk indartuko zutela Osakidetzaren udako plana. Horietatik 58 barruko mediku egoiliarrak dira. Lehen mailako arretako «erreferentziazko zentro guztiak» zabalik egongo zirela adierazi zuten. Halere, zentro batzuen itxiera ordua 20:00etatik 17:00etara aurreratuko zutela zehaztu zuten. «Ekimen honen bidez, lehen mailako arreta zentroak indartzea lortu dugu, familia medikuak eta pediatrak gehituz, baita etengabeko arretako guneak eta larrialdiak ere», esan zuten Susana Lopez Osakidetzako zuzendari nagusiak eta Maite Martinez de Albeniz Osasun Arretako zuzendariak. Eskertu zuten «profesionalen inplikazioa, ahalegina eta erantzukizuna».

Osakidetzak hartutako neurriok, baina, «adabakiak» dira, ELA, LAB eta CCOO sindikatuen ustez. «Egiturazko arazoak»» konpontzeko «behin-behineko erantzunak» proposatzea leporatu diote zuzendaritzari. Iritzi berekoa da Itziar Mujika Gil erizaina eta DOPA Donostialdea Osasun Publikoaren Alde plataformako kidea: «Adabaki bat da; arazoa da egiturazko lanpostuak ez direla betetzen, eta ez dutela presarik hori konpontzeko». Mujikaren ustez, «oso pertsona gutxik» onartuko dute euren jardunaldia egin ostean asteburuetan beste hamabi ordu egitea.

«Plangintza eta gardentasuna; Osakidetza geurea da, herritarrona, eskubidea dugu jakiteko nolakoa den egoera eta zein asmo duten»

ITZIAR MUJIKA GILErizaina eta DOPA Donostialdea Osasun Publikoaren Alde plataformako kidea

Uda «oso gogorra» igarotzen ari direla aitortu du erizainak: «Ikusi dugu inoiz baino zentro gehiagotan ordutegiak murriztu dituztela, eta gero eta langile gutxiago daudela». Hortaz, itxaron zerrendak gero eta luzeagoak dira, eta sendagileekin hitz egitea gero eta «zailagoa» da. Orain arte egoera «arraroa» eta «onartezina» izan dena normaltzat hartzen ari direla aitortu du. Izan ere, sendagilerik ez dagoenean, erizainek egin behar dute erabiltzaileen balorazioa; ez dute horretarako prestakuntzarik hartu. Are gehiago: «Ez dakigu juridikoki ere nola geratzen garen. Behin, saiatu ziren esaten ere intrusismoan aritzen ginela».

Egoera ikusita, «plangintza falta» salatu du Mujikak, baita «gardentasunik eza» ere. «Jakinda egoera gogorra izango dela hurrengo urteetan, ez dugu plangintzarik ikusi luze gabeko zein luzera begirako helburuak ezartzeko». Horixe bera eskatu dute DOPAkoek: «Plangintza eta gardentasuna; Osakidetza geurea da, herritarrona, eskubidea dugu jakiteko nolakoa den egoera eta zein asmo duten». Osasun publiko «indartsu» bat aldarrikatu dute, kalitatezko arreta eskainiko duena.

Elkarren arteko ordezkapenak

SATSE sindikatuko idazkari tekniko Keyth De Oliveira Silvaren iritziz, ordutegi murrizketak egon diren arren, herritarrei emandako arretaren kalitatean ez da aldaketarik egon, «profesionalen ahaleginari esker». Arazoa bestelakoa da: «Udako lantaldea ez da nahikoa izan, eta, beraz, zentro askotan, bete gabeko txandak zentroko bertako langileek bete behar izan dituzte». Adibidez, lehen arretan, langile batzuek beste batzuen pazienteak artatu dituzte, euren lanaldiak luzatuz.

Uztailaren amaieran hartutako neurriei dagokienez, «diskriminazioa» dagoela esan du De Oliveirak, ez baititu erizainak kontuan hartzen. Izan ere, neurriak dio aparteko orduak gehiago ordainduko dizkietela medikuei; erizainei, berriz, ez. Haren ustez, egoera konpontzeko, ezinbestekoa da lantaldea kudeatzea, eta beharrezkoak diren profesionalak kontratatzea.

Erizainen artean, nabarmentzekoa da emaginen egoera. Bizkaiko emaginek greba egin zuten lehen aldiz uztailaren 1ean, eta langile falta «larriari» konponbide bat emateko exijitu zuten. SATSEk azaldu zuenez, «luzarotik» dago emaginen falta, eta arazo hori areagotu egiten da udan. Horrek eragina du emakumeen arretaren kalitatean. Erizainen esanetan, gertatu izan da «emagin batek hiru erditze zaindu behar izatea momentu berean».

«Egiturazko arazo bat da Osakidetzak ez dituela 14 urtetik gorako emakume guztiak artatzeko adina emagin»

KEYTH DE OLIVEIRA SILVASATSE sindikatuko idazkari teknikoa

De Oliveirak azaldu duenez, emaginek greba egin zutenetik «ez da ezer aldatu». Profesional horien kontua «gero eta larriagoa» da: «Egiturazko arazo bat da Osakidetzak ez dituela 14 urtetik gorako emakume guztiak artatzeko adina emagin». Udan, emaginen kontsulta batzuk itxi dituztela esan du De Oliveirak, eta emagin horiek beste zentro batzuetara lekualdatu dituztela, «beste agenda batzuk betetzeko».

Oro har, Osakidetzaren egoera nahiko zaila den arren, Laudioko bizilagunaren heriotzak agerian utzi du larrialdietako zerbitzuaren egoera kezkagarria. Udalak ohartarazi zuenez, herritarra «ZIU [zainketa intentsiboetako unitate] mugikorreko mediku faltaren ondorioz» hil zen. Hain zuzen, udan, txanda ugari bete gabe geratu dira larrialdietan. Zerbitzu horren «egoera kaxkarraren» eta horrek udan sortu dituen «egoera larriei» buruzko azalpenak emateko, EH Bilduk Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuaren agerraldia eskatu du.

Larrialdi zerbitzuetako langile batzordearen arabera, uztailean 88 postu bete gabe geratu ziren. «Jada ohikoa bihurtu da larrialdietako deiari erantzuten dioten koordinazio zentroetan beharrezko mediku guztiak ez egotea, eta anbulantzia medikalizatuetan medikurik ez egotea», salatu zuten. Abuztuaren 14tik 19ra ere, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat lekutako larrialdi zerbitzuak eta zenbait anbulantzia langilerik gabe egon zirela salatu zuen ESK-k. Besteak beste, abuztuaren 14ko gauean ez zen medikurik egon Arabako koordinazio zentroan, eta Oñatiko (Gipuzkoa) eta Langraiz Okako (Araba) ZIU mugikorretan ez zen langilerik egon.

Larrialdietako egoera «katastrofikoa»

Aurreko udan ere «nahiko txarto» ibili baziren ere, aurtengoa «katastrofikoa» izaten ari dela esan du Ruth Salaberria larrialdietako medikuak. Are, zerbitzuaren egoera zaila ez da udako kontua bakarrik. «Azken urteotan, zuzendaritza talde diferenteak izan ditugu, baina inork ez du plan estrategikorik izan zerbitzu honetarako». Hartutako erabakien ondorioz, beraz, langileen «lan egoera eta baldintzak okertu» egin dira, eta, gaur egun, profesional falta «izugarria» dute zerbitzuan: «Bagenekien bazegoela erretiroa hartu behar zuen belaunaldi bat; erretiroa hartu dute, eta ez dago hurrengo belaunaldirik hutsune horiek guztiak betetzeko. Egiturazko arazo oso handia dago, eta Osakidetzak ez du hori guztia planifikatu».

Salaberriak jakinarazi duenez, zerbitzuak «larrialdi guztiak» artatzen ditu. Lurralde bakoitzean koordinazio zentro bat dago. Bertan, deiak kudeatu, eta zein baliabide erabili erabakitzen dute. «Gutxi gorabehera, 1.200 dei artatzen ditugu egunean; oso zerbitzu garrantzitsua da». Are gehiago, «oinarrizko» zerbitzua dela gogorarazi du medikuak, eta arreta horrek bermatuta egon beharko lukeela.

«Guk [Alberto Martinez Osasun sailburuari] esan diogu ez dugula dirurik nahi; guk txanda guztiak bete daitezen nahi dugu, biztanleei behar duten kalitatezko arreta eman ahal izateko»

RUTH SALABERRIALarrialdietako medikua

Profesional faltaren ondorioz, udan ezin izan dituzte gertakari larri asko ondo artatu. Gipuzkoako adibide batzuk eman ditu Salaberriak: «Oñatiko medikuak beste toki batzuetara mugitu dituztenez, uztail hasieran Arrasaten sutea gertatu zenean, anbulantzia medikalizatua Tolosatik joan zen; 40 minutu behar izan zituen heltzeko». Bihotz-biriketako geldialdiak artatzeko, 20 minutu baino gehiago behar izan dituzte anbulantzia medikalizatuek eta, Arrasaten erditze bat artatzeko, 35 minutu baino gehiago. «Egoera horiek jasangaitzak dira, eta osasun sistema publiko batean ezin dira onartu», argi utzi du.

Mediku faltaz gain, gainerako profesionalak ere falta dira larrialdietan. Gainera, momentu honetan murrizketak egiten ari direnez lehen arretan zein EAGetan, gero eta lan karga gehiago dute. «EAGetan medikurik ez dagoenean, guk artatzen ditugu», ekarri du gogora Salaberriak.

Duela gutxi, larrialdietako profesionalak Alberto Martinez Osasun sailburu berriarekin bildu dira. Euren egoera azaldu diote, eta zer nahi duten helarazi: «Guk esan diogu ez dugula dirurik nahi; guk txanda guztiak bete daitezen nahi dugu, biztanleei behar duten kalitatezko arreta eman ahal izateko». Salaberriaren iritziz, sailburuak egoera ulertu du, «baina oraingoz ez du neurririk hartu, eta berdin jarraitzen» dute. Mujikak bezala, «planifikazioa» eskatu du, eta gaineratu du uztailaren amaieran hartutako neurriak ez direla konponbidea: «Orain dauden langileei ezin diete gehiago eskatu; ezin dituzte txandak bikoiztu. Plan estrategiko oso zehatz bat behar da, eta zenbat profesional behar diren zehaztu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.