Egiari Zor-ek urratsak eskatu ditu abiatu berri dena «aitortzaren agintaldia» izateko

Fundazioak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio ireki dezala beste epe bat estatuaren biktimek aitortza eskatzeko. Madrili, berriz, Sekretu Ofizialen Legearen erreforma proposamena birformulatzeko eskatu dio.

Egiari Zor fundazioaren agerraldia, gaur arratsaldean, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Egiari Zor fundazioaren agerraldia, gaur arratsaldean, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Iosu Alberdi.
2024ko ekainaren 25a
20:00
Entzun

Martxan jarri berri dena «aitortzaren agintaldia» izatea nahi du Egiari Zor fundazioak, eta horretarako beharrezko bitartekoak erabiltzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari; besteak beste, estatuaren indarkeria pairatu duten biktimek erreparazioa jasotzeko eskaerak egiteko beste epe bat irekita. Era berean, fundazioak urratsak egiten jarraitzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari ere, begia Memoria Demokratikorako Legean eta Sekretu Ofizialen Legearen erreforman jarrita. «Denok dugu eskubidea bizikidetza demokratikoaren parametroetan bizitzeko».

Egiari Zor-ek Enrike Gomezen hilketaren 45. urteurrenean egin du agerraldia. Hura 1977ko ekainaren 25ean hil zuten, Baionako Panecau kalean; BVE Batallon Vasco Español talde paramilitarrak hartu zuen ekintza bere gain. Gomezek ez du ez aitortzarik ez justiziarik jaso, fundazioko kide Pilar Garaialderen esanetan, beste askok jaso ez duten bezala: «Ez zuten izan martxoaren 3ko sarraskiko lagunek ere, ez Vicente Berriok, ez Jokin Diestrek, ezta beste hainbatek ere».

Fundazioak urratsak eskatu ditu «biktima guztiei» egia, aitortza, justizia eta erreparazioa bermatzeko, «diskriminaziorik gabe, salbuespenik gabe». Izan ere, uste du «errazegi» errepikatzen dela eginbehar hori, baina hura errealitate bilakatzeko zailtasunak nagusitzen direla estatuaren biktimen kasuan. Hala, «diskriminazio zerrenda luzeegi» baten barruan aipatu ditu estatuaren biktimak babesteko dekreturik eza, biktimarioen «gorespena», aitortza jasotzeko araudien mugak eta memoria lantzeko udal webguneen itxiera. «Gutariko askok hamarkadetan izan dugun aitortza ofizial bakarra ezabatu da», kritikatu du Garaialdek.

Horren aurrean, fundazioko kideak adierazi du «normalizazio politikorako» urratsak egin nahi badira, exijitu beharrekoa dela estatuko erakundeek, poliziek eta arduradun politikoek «publikoki onartzea terrorismoaren aurkako borrokaren babesean» egindakoak: «Exijitzen du gertaera horien ondoriozko erantzukizunak beren gain hartzea». Besteak beste, kritikatu du «isiltasun itun bat» sinatu zela, «terrorismoa estatuaren beste tresna bat» bilakatzeko, eta hura sustengatzen duela oraindik ere Sekretu Ofizialen Legeak, «gerra zikinarekin eta estatu terrorismoarekin» lotutako informazioa «blindatuz».

Hala, Garaialdek nabarmendu du beharrezkoa dela 1968an onartutako lege hura erreformatzea, baina ez Espainiako Gobernuak aurreko legealdian adierazitako proposamenaren bidetik; besteak beste, 50 urteko epeak ezartzen ditu sekretuak argitaratzeko. Beraz, fundazioaren ustez, erreforma horrek «egiarako eskubidea murrizten» jarraituko luke, «zigorgabetasuna mantenduz».

Bestelako iritzi bat dute, baina, Espainiako Memoria Demokratikorako ministro Angel Victor Torresek egindako adierazpenez. Hark zehaztu zuen gobernuak hasia duela 36ko gerrako eta frankismoko giza eskubideen urraketak argitzeko «egiaren batzordea» eratzeko prozesua, eta, EH Bilduren galdera bati erantzunez, prest azaldu zen 1978ko sanferminetako eta Gasteizko martxoaren 3ko sarraskiak ikertzeko. Hala, Egiari Zor-ek «positibotzat» jo du erabakia, biktimen arteko «diskriminazioa» gainditzeko urrats bat izan daitekeelakoan: «Biktimen arteko berdintasun esparru bat ezartzeko balioko duen ibilbide bati ekitea ekarriko duelakoan».

Eusko Jaurlaritzaren kasuan, berriz, fundazioak zenbait urrats egiteko eskatu dio gobernu berriari. Adibidez, biktimak aitortzeko legea baliatuta, eskaerak tramitatzeko beste epe bat irekitzeko eskatu diote, baita erreparaziorako bideak zabaltzeko ere, «legearen beraren garapenari eutsiz», eta «estatuaren bortxaren memoria oroitzeko urteko egutegia finkatzeko».

Izan ere, Garaialdek adierazi du euskal gizarteak, bere aniztasunean, giza eskubideen aldeko bilakaera «positibo» bat bideratu duela azken urteetan: «Bizikidetza modu demokratikoan eraikitzea dugu denok erronka».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.