EAJk eta PSE-EEk koaliziorik «logikoenaren» alde egin dute

'Aldaketa' hitza sarri atera da Eusko Legebiltzarrerako bozen kanpainan. Hura, baina, ez da Jaurlaritzaren egituran gertatuko, EAJ eta PSE-EE prest azaldu baitira berriro koalizio gobernua osatzeko: euren esanetan, «logikoena» eta «normalena» litzateke.

Ortuzar eta Pradales, EAJren EBBren bileran, atzo arratsaldean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Ortuzar eta Pradales, EAJren EBBren bileran, atzo arratsaldean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Iosu Alberdi.
2024ko apirilaren 23a
05:00
Entzun

Apirilaren 21aren ostean, iritsi da hilaren 22a ere, eta alderdiak jada Eusko Legebiltzarrerako bozen emaitzek marraztu dezaketen errealitate berriari so daude. Hain zuzen, Imanol Pradales EAJren lehendakarigaiak Ajuriaenea jarri du jomugan, eta baditu horretarako nahikoa argudio, azken urteetako koalizio gobernuak gehiengo osoa izango bailuke beste behin ere: 75 eserlekutik 39. Beraz, gobernabidea kasik bermatua luke. Halere, gehiengoak gehiengo, badirudi gobernatzeko ereduan irits daitekeela alderdiek kanpainan behin eta berriz aipatutako aldaketa. Hala aldarrikatu dute, behintzat.

Garaipena bototan eta lehen postuan berdinketa eserleku kopuruan. EAJren EBBko presidente Andoni Ortuzarren hitzetan, nahikoa arrazoi Pradalesek hurrengo Eusko Jaurlaritza gidatzeko «ardura» bere gain hartzeko. Argudio horiek, baina, PSE-EEren posizioak egin ditu indartsu. Izan ere, sozialisten gorakadak —hamabi ordezkari— bermatzen dio gehiengo osoa azken urteetan agintean egon den koalizioari. Ez da beharrezkoa lehendakaritzara iristeko, baina bai hura bideragarriago egiteko.

Bozen biharamunean, alderdi bakar batek ere ez du zalantzan jarri datorren gobernua jeltzaleek eta sozialistek osatuko dutela. Igande gauean bertan, kanpainan «egonkortasunaren» alde egindako aldarrien bidetik, PSE-EEren idazkari nagusi eta lehendakarigai Eneko Anduezak adierazi zuen «logikoena» litzatekeela azken urteetako koalizioari jarraipena ematea. Atzo goizean, berriz, EAJren BBBko presidente Itxaso Atutxak izendatu zuen Radio Euskadin PSE-EE «lehentasunezko bazkide» gisa, esanez «normalena» litzatekeela apustu horri eustea.

Ikusi beharko da, baina, zer ematen duten negoziazioek. Atutxa berak aitortu zuen ulertuko lukeela sozialistek Jaurlaritzan «pisu gehiago» nahi izatea. Eta PSE-EEko Politika Autonomikoen eta Politika Publikoen idazkari Ekain Ricok ere adierazi zuen «exijenteagoak» izango direla elkarrizketetan, kanpainan plazaratutako konpromisoak bete daitezen. Horien artean, ikusi beharko da zeintzuk nagusitzen diren: lehia auzi sozialen inguruan ardaztu zen arren, kanpainan Andueza argi mintzatu zen estatus politikoaren auzia eztabaida politikotik baztertzearen alde ere. Hain zuzen, afera gobernu akordiotik kanpo geratu zen 2020an.

Hala, emaitzak Pradalesen agintaldia ia ziurtzat jotzeko modukoak diren, EAJren garaipena gazi-gozotzat jo daiteke: koalizio posible batean indarra galtzetik haratago, bozek duela lau urte baino lau ordezkari gutxiagorekin utzi dituzte jeltzaleak, ia 4 puntu behera eginda. Eta beherakada horrekin batera, hegemonia politikoagatik lehian beste talde bat jarri zaio parez pare: EH Bilduk botoen %32,5 eskuratu ditu, eta jeltzaleek adina ordezkari —27—. Koalizio horrek inoiz eskuratutako emaitzarik onenak, 4,5 puntuko igoera bat dela medio. «Aireratze bat», EH Bilduko lehendakarigai Pello Otxandianoren hitzetan.

EH Bilduren Mahai Politikoaren bilera, atzo arratsaldean, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
EH Bilduren Mahai Politikoaren bilera, atzo arratsaldean, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU

«Aldaketa hemen dago»

Mugimendu horren eraginak norainokoak diren legealdiak berak erakutsiko du, baina aldaketa bat eman daitekeela iradoki dute alderdietako ordezkariek. EAJn, Ortuzarrek Eusko Jaurlaritza «plural» baten aldeko aldarria egin zuen, «etapa» eta «agenda politiko» berriez mintzatuz, eta Atutxak emaitzetatik ateratako ondorio bat izan da gizartea «gehiago eta hobeto» entzuteko beharra, «garai berrietara eta herriaren beharretara» egokitzeko. Hain zuzen, kanpainan «herri akordioez» mintzatu zen Pradales bera ere; zehazki, Osakidetzaren auziaz aritzean.

Izan ere, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiaren esanetan, sorpasso-rik izan ez den arren, «aldaketa hemen dago». Koalizioaren Mahai Politikoaren bileraren ostean, azaldu zuen EH Bilduren «egiturazko goranzko joera» dela horren erakusle. Baina, hortik haratago, «herri mandatuari» —«abertzalea eta ezkerrekoa»— bide emateko modu berriei erreparatu zien: «Mandatu horri atxiki behar zaizkio ildo politikoa eta instituzionala». Horrek, hain zuzen, bestelako gobernantza eredu bat eskatzen du, Otegiren aburuz: «aliantza hertsiak» baztertzea, eta akordio zabalagoak bilatzea.

Halako zerbait antzeman daiteke Sumarren azterketatik ere. Lander Martinez koalizioaren Espainiako Kongresuko diputatuak eta Ezker Anitza-IUko Iker Martinezek ere adierazi zuten «aldaketa» martxan dela, eta hura «plurala» izango dela. Halere, gehiengo oso batekin, ezker konfederalak nahi baino zailago izango du kanpainan jarritako helburua betetzea: gobernabidean eragitea. Hain zuzen, igandeko emaitzak eskuan, Sumarrek eta Elkarrekin Podemosek izandako botoak batuz gero, espazio horrek bi eserleku gehiago eskuratuko zituzkeen, PSE-EEren eta, ondorioz, EAJ-PSE blokearen gehiengoaren kaltetan. Hori, baina, fikzio politikoa da.

PPren eragiteko gaitasuna ere ezbaian utzi dute igandeko emaitzek, hark gora egin arren. Halere, Esther Martinez EAEko Alderdi Popularreko idazkari nagusiak uste du rol «baliagarri» bat izango dutela, «ideologia ez dadin zerbitzu publikoen gainetik egon». Vox, aldiz, euren igoerarekin pozik azaldu zen, baina «kakotx artean», bozetan «separatismoak» irabazi baitu.

Hala, hurrengo urratsa EAJren eta gainerako alderdien arteko elkarrizketa sorta izan beharko litzateke. Oraingoz, baina, ez da egutegirik ezagutarazi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.