EAJk eta PSE-EEk Eusko Legebiltzarreko hogei batzordeetatik hamabost zuzenduko dituzte

EH Bilduk eta PPk bina batzordetako presidenteak izendatu dituzte.

Eusko Legebiltzarreko batzordeak eratzeko bilkura. EUSKO LEGEBILTZARRA
Eusko Legebiltzarreko batzordeak eratzeko bilkura. EUSKO LEGEBILTZARRA
Iosu Alberdi.
2024ko ekainaren 28a
13:30
Entzun

Legealdiari forma emateko beste urrats garrantzitsu bat egin du gaur Eusko Legebiltzarrak. Parlamentuko Mahaiaren proposamenari baiezkoa eman dio Bozeramaileen Batzordeak, eta hogei batzorde eratu dituzte, aurreko legealdian baino hiru gehiago. EAJk eta PSE-EEk legebiltzarrean duten gehiengoa baliatu dute horien presidentetzak banatzeko: jeltzaleek 11 batzorde zuzenduko dituzte, eta sozialistek lau. Hala, lau besterik ez dizkiete utzi oposizioko alderdiei: EH Bilduk eta PPk bina izango dituzte. Erregelamendu eta Gobernantza Batzordeko presidentetza Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteari dagokio.

Eusko Legebiltzarreko Mahaia astearteko bilkuran hasi zen forma ematen ganbera hartako batzordeei, eta Bozeramaileen Batzordeak gaur berretsi du han adostutakoa, EAJren eta PSE-EEk duten gehiengoa baliatuta. Batzorde horietako bakoitzean bosna kide izango dituzte EAJk eta EH Bilduk, hiru PSE-EEk eta bana PPk eta talde mistoak. Azken horren kasuan, hura bi kidek osatzen dute: Sumarreko Jon Hernandez eta Voxeko Amaia Martinez. Ez dute bien arteko adostasunik eskuratu, eta Eusko Legebiltzarreko Mahaiak hamar batzordetan kokatu du bakoitza. Besteak beste, Sumar arituko da Hezkuntza eta Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Hiri Agenda batzordeetan, eta Vox, Justizia eta Giza Eskubideen eta EITBren Kontrolerako batzordeetan.

Horiek hala, EAJk eta PSE-EEk gehiengoa dute batzordeetan, eta hura baliatu dute mahaiak banatzeko. Jeltzaleek eta sozialistek egindako proposamen orok aldeko zortzi boto jaso ditu; gehiengo osoa. Hala, EAJren esku geratu dira, besteak beste, Erakundeak, Gobernantza Publikoa eta Segurtasuna; Hezkuntza; Osasuna; eta Berdintasun eta Garapenerako Lankidetza batzordeetako presidentetzak. Denera, 11 presidente, aurreko legealdian baino bat gehiago, eta hiru presidenteorde.

PSE-EEk gidatuko ditu, berriz, sozialistek Eusko Jaurlaritzan dituzten eskumenei lotutako bost batzordeetatik lau: Ekonomia, Lana eta Enplegua; Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Hiri Agenda; Mugikortasun Jasangarria; eta Justizia eta Giza Eskubideak. Beraz, PSE-EEk aurreko legealdian baino bi batzorde gehiago gidatuko du. Era berean, sozialistek euren esku dagoen beste sailari lotutako batzordeko presidenteordetza izango du: Turismoa, Merkataritza eta Kontsumoa.

EH Bilduk, berriz, Kultura, Euskara eta Kirol Batzordeko eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Batzordeko presidenteak izendatu ditu. Beste lau batzorderen zuzendaritza hartzeko hautagaiak ere aurkeztu ditu, baina EAJren eta PSE-EEren botoek galarazi dute hori. Beraz, aurreko legealdiko batzorde kopuru bera gidatuko du, nahiz eta hiru batzorde gehiago egon eta koalizioak sei eserleku gehiago izan. Soilik Bateraezintasun Batzordean egongo da mahaitik kanpo.

Aurreko legealdiko presidente kopuruari eutsi dio PPk ere. Ainhoa Domaika izango da Bateraezintasun Batzordeko presidentea, Alvaro Gotxi Ogasun eta Aurrekontu Batzordekoa. Batzordeetako presidentearen zereginak badu garrantzia. Harena da, besteak beste, bilkuretarako deia egiteko eta horietako gai zerrenda ezartzeko eskumena, «mahaiaren iritzia entzun ondoren». Halere, ezin dio bilkura bat egiteari muzin egin bi taldek edo batzordekideen bosten batek hala eskatzen badu. 

Hamasei sail, hogei batzorde

Batzordeen lanetako bat izan ohi da Eusko Jaurlaritzaren lana kontrolatzea. Hala, batzordeek bat egin ohi dute Jaurlaritzak ezarritako sailen izendapenarekin. Agintaldi berriarekin, Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak areagotu egin du sail kopurua; 11 sailburu izatetik hamabostera. Horrek eragina izan du Eusko Legebiltzarreko batzorde kopuruan ere.

Sailei erreparatuz gero, EAJren esku dauden Eusko Jaurlaritzako hamar sailei erantzuten diete ondorengo batzordeek: Erakundeak, Gobernantza Publikoa eta Segurtasuna (Olatz Peon, EAJ); Kultura, Euskara eta Kirola (Ima Garrastatxu, EH Bildu); Hezkuntza (Alazne Arana, EAJ); Ogasuna eta Aurrekontuak (Alvaro Gotxi, PP); Industria, Trantsizio Energetikoa eta Jasangarritasuna (Mikel Arruabarrena, EAJ); Zientzia, Unibertsitatea eta Berrikuntza (Xabier Barandiaran, EAJ); Ongizatea, Gazteria eta Erronka Demografikoa (Maitane Ipiñizar, EAJ); Osasuna (Elena Lete, EAJ); Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza (Aritz Abaroa, EAJ). Hau da, sail bakoitzeko batzorde bat dago, Segurtasun Sailaren eta Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailaren kasuan izan ezik.

PSE-EEren esku dauden bost sailei, berriz, ondorengoek lotzen zaizkie: Ekonomia, Lana eta Enplegua (Alberto Alonso, PSE); Turismoa, Merkataritza eta Kontsumoa (Itziar Murua, EH Bildu); Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Hiri Agenda (Miren Gallastegi, PSE);  Mugikortasun Jasangarria (Miren Gallastegi, PSE); Justizia eta Giza Eskubideak (Ekain Rico, PSE).

Aurrekoei batu behar zaizkie gobernuan lehendakaritzaren esku geratu diren aferei lotutakoak:  Berdintasuna eta Garapenerako Lankidetza  (Irina Rabalo, EAJ), Europako Gaiak eta Kanpo Harremanak (Naiara Bedialauneta, EAJ). Horiekin batera, EITBren Kontrolera Batzordea (Jonatan Moreno, EAJ), eta Eusko Legebiltzarraren antolamenduari lotutako beste hirurak: Erregelamendua eta Gobernantza (Bakartxo Tejeria, Legebiltzarreko Mahaia), Bateraezintasuna (Ainhoa Domaika, PP) eta Legebiltzarkideen Estatutua (Jon Andoni Atutxa, EAJ). 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.