Akordioetarako aukerak: EAJk eta PSE-EEk gehiengoa osatzen dute

27na eserleku lortu dituzte EAJk eta EH Bilduk, eta hamabi sozialistek. Aldaketa handirik ezean, 2016tik agintean daudenek jarraituko dute.

Eusko Legebiltzarra, artxiboko irudi batean. BERRIA
Eusko Legebiltzarra, hutsik. BERRIA
Isabel Jaurena.
2024ko apirilaren 21a
23:20
Entzun

EH Bildu eta EAJ. EAJ eta EH Bildu. Horien arteko lehia izan da mintzagai nagusia hauteskunde kanpaina honetan: koalizio subiranistaren garaipenaz mintzo ziren zenbait, eta bertze anitzek, berriz, jeltzaleen eta sozialisten akordioak bere horretan jarraituko duela zioten. Bada, gaur argitu da zalantza oro, eta hautetsontzietan bezala, etxe, elkarte eta lantegietako apustuetan badaude irabazleak. 27na eserleku lortu dituzte bi faboritoek, hamabi PSE-EEk, zazpi PPk, bana Sumarrek eta Voxek. Elkarrekin Podemosek ez du eserleku bakar bat ere lortu. Lehen indarrari dagokio gainerako alderdiekin elkarrizketak abiatzea; beraz, EAJk egingo ditu aurreneko deiak.

Bi alderdiek hala nahi badute, 2016tik agintean dagoen EAJren eta PSE-EEren arteko aliantzak jarraituko du gobernuan. Izan ere, bien artean 39 eserleku dituzte, gehiengo osoa. Eneko Andueza sozialisten hautagaiak gaur bertan erran du bihar hasiko direla jeltzaleekin solasean, eta EAJren deia espero dutela. Dena den, sozialistek jeltzaleei babesa emanen dietela garbi dago kanpaina hasieratik: inkesta guztiek erakusten zuten hirugarren indarra izanen zela, eta, hori jakinda, Anduezak behin eta berriz errepikatu du EH Bilduren «kontentzio dikea» izanen dela, eta ez diola utziko koalizio subiranistari Ajuriaenera iristen.

Kanpainan zehar, EAJk ez du akordioei buruzko xehetasun handirik eman. Hala ere, Pradalesek gaur erran du ezker abertzalearekin adostasunetara iristea gauza bat dela, eta «gobernagarritasunaz hitz egitea» bertze zerbait. Bide horretatik, aste honetan ere akordio posibleei buruz mintzatu ziren jeltzaleak: Pello Otxandiano EH Bilduko lehendakarigaia ETAri buruz solastatu zenean, Iñigo Urkulluk erran zuen «bi eredu» ordezkatzen dituztela, «memoria, edo amnesia eta ahanztura». Beraz, badirudi EH Bilduri oposizio lanak egokituko zaizkiola. 

Jeltzaleek eta sozialistek akordioa egin eta Imanol Pradales lehendakari izateko hautagai aurkeztuko balute ere, EH Bilduk ere berea aurkezten ahalko du. Izan ere, Eusko Jaurlaritzako lehendakari izateko hautagai bakarra edo gehiago aurkeztu daitezke: nahikoa da talde parlamentario batek proposatzea. Aurkeztutako bakoitzak bere proposamena azaldu beharko du osoko bilkura batean, eta 90 minutu ditu horretarako. Legebiltzarkideei bozkatzeko eskatuko zaie, eta bi aukera izanen dituzte: hautagai baten alde egitea, edo abstenitzea. Lehenbiziko itzulian gehiengo osoa, 38 eserleku, lortzen dituena izanen da lehendakari.

Inork gehiengo osorik lortuko ez balu, beste bozketa bat eginen litzateke 24 ordu geroago, eta babes gehien duen hautagaia izanen da garailea. Beraz, ezin da «ez» bozkatu hautagai bat, Espainiako Kongresuan bezala, non bigarren itzulian beharrezkoa den ezezko baino baiezko gehiago lortzea. Sistema horren bidez saihestu egiten dira blokeo egoerak. Lehendakariaren ardura izanen da hurrengo legealdirako gobernua osatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.