EAEko Auzitegi Nagusiak 17 urteko espetxea berretsi dio gizon bati, ilobari sexu erasoak egiteagatik

Hiru hamarkadatan ilobari sexu erasoak egiteagatik, lapurtzeagatik eta jotzeagatik espetxeratu zuten gizona, apirilean.

EAEko Auzitegi Nagusiaren Bilboko egoitza. FOKU
EAEko Auzitegi Nagusiaren Bilboko egoitza. FOKU
nerea intxausti
2024ko ekainaren 18a
13:00
Entzun

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi egin du gizon bati ezarritako hamazazpi urteko eta hiru hilabeteko espetxe zigorra. Hiru hamarkadatan ilobari sexu erasoak egiteagatik, lapurtzeagatik eta jotzeagatik espetxeratu zuten, apirilean.

Epaiaren arabera, neskatoak 12 urte zituela hasi ziren abusuak, gizona biktimarekin bizi zela; biktima emantzipatu zenean, bortxatzeaz gain, lapurtu ere egin zion erasotzaileak, eta, dirua emateari uko egiten bazion, jo egiten zuen.

Emakumeak ondorio psikologiko oso larriak izan ditu: gaztetan, anorexia nerbiosoa izan zuen, eta, gerora, hainbat tratamendu psikiatrikotan ibili da; besteak beste, lau urtez egon da ospitaleratua. Epaiak dio ez dela «inoiz sendatuko». 65 urte ditu gizonak orain; 27 urtez biktimarekin komunikatzea debekatu zion epaileak, eta 20.000 euroko kalte ordaina ere eman beharko diola zehaztu zuen.

Auzipetuak errekurtsoa jarri zuen Arabako Auzitegiaren epai horren aurka: alegatu zuen errugabetasun presuntziorako eskubidea «urratu» zitzaiola, eta zalantzan jarri zuen biktimaren sinesgarritasuna, «arazo psikiatriko eta psikologikoak» zituela argudiatuta. 

Halere, EAEko Auzitegi Nagusiko Arlo Zibileko eta Zigor Arloko salak errekurtsoa ezetsi du, eta bere horretan geratuko dela esan du. Arrazoitu du ezin dela zalantzan jarri «nahasmendu mentala duen pertsona batek lekukotza fidagarri bat emateko duen gaitasuna». Hori egitea «aniztasun funtzionala» dutenak «diskriminatzea» litzatekeela gehitu du. 

Auzitegiak zehaztu du lekukotza jakin baten fidagarritasuna zalantzan jar daitekeela patologiaren arabera. Aldi berean, gogoratu du epaiketan psikiatriaren eta psikologiaren adarreko hainbat adituk ondorioztatu zutela emakumearen lekukotza ez dela pairatzen duen nahasmendu psikikoaren adierazpen bat, eta, horregatik, «ez dagoela fabulaziorik, eldarniorik edo faltsutasunik». 

Beraz, kontakizuna «sinesgarria» dela erabaki du auzitegiak, hainbat lekukok eta aditu txostenek ere berretsi baitute biktimaren lekukotza. Erruduntasun adierazpena eta auzipetuaren errugabetasun presuntzioa modu bateragarrian justifikatu zela ere erantsi du.

Fisioterapeuta, aske

Ertzaintzak 21 urteko gizon bat atxilotu zuen atzo, Bilbon, sexu eraso bat egiteagatik. Fisioterapeuta zen, eta belauneko lesio batengatik joan zen emakumeak salatu zuen sexu erasoa egin ziola. Atzo arratsaldean izan zuen epaiketa, eta epaileak aske utzi zuen. Ez dute zehaztu haren kontrako kautelazko neurririk hartu ote duten. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.