Pastor
Darwin eta gu

Agur, anana, agur

2024ko irailaren 14a
05:00
Entzun

Udako bitxikeria izan da Espainian eta Euskal Herri espainiartuan. Aurkikuntza itzela, inoizko miraririk txundigarriena, antza: Mercadona batera joan arratsaldeko zazpietan eta, erosketen aitzakiaz, anana bat sartu gurditxoan. Zertarako eta… ligatzeko. 

Fruta izan da gakoa. Supermerkatua tokia. Ez dute deus berririk garatu, ordea. Supermerkatuak beti izan dira pertsona ezezagunak ikusi, aurkitu eta, nahi eta ahal izanez gero, ezagutzeko tokiak. Espazio publikoan leku apropos eta seguruagorik gutxi izango da egun. Zenbat ezkutuko hitzordu ez dira isilean planifikatu saltoki horietara joan baino lehen itxurazko ezustean topaketa bat antzezteko! «Miren eguerdi aldean joaten da supermerkatura»; «Markelek larunbat arratsaldeko lehen orduetan egiten ditu erosketak, oso jende gutxi dagoen garaian. Hobeto, lasaiago mintzatzeko»; «Jon astelehen goizean ikusi nuen poltsa betetzen». Asmatzea zen kontua. Eta gero saiatzea, ausartzea. Oraindik ere bada horrela, anana gorabehera.

Hala izan da beti. Badirudi orain maitasunaren edabea sortu dutela. Piña colada berria-edo. Gezur galanta. Marketin bikaina. Mundua mundu denetik gertatu dena hartu eta beste itxura batez saldu nahi digute. Shopping and flirting. Wowww! Antzina, greziarren eta erromatarren garaian, merkatuak, azokak, saldu eta erosteko toki guztiak ziren sozializatzeko guneak. Erdi Aroan ere antzera. Eta horrela izan da gaur arte. Mercadonako tiktokerren arbasoen arbasoak sortu baino askoz ere lehenago. 

Arratsaldeko zazpietan, anana gurdian. Hori marka! Nork esan du maitasunak orduak dituela? Non utzi dugu sedukzioa, lilura?

Zenbat bikote ez ziren jaioko azken mendeotan Gernika, Ordizia edo Hazparneko azoketan! Orduko andre-gizonen bihotzei galdetzeko modurik bagenu! Astelehen, asteazken edo larunbataren zain aste osoan, egun sakratu hura noiz helduko, beren gustukoa zen neska edo mutila behingoz ikusi eta harekin solastatzeko. «Zer moduz, Graxi? Amatxi untsa?». «Nola daude porruak, Juanita?». «Gorringo ederrak izango dituzte arrautza horiek!». Eta gero, buelta etxera, hurrengo astera arte. Maitasuna amets zuten denek eta jarduera trakets gehienek. Eta egun batean horietako batek hizkera nahasian –eta basoerdi baten laguntzaz gogo-argia agerian– ahoa ireki eta antzinako eran bota: «Joxepa, Joxepa, zuk egingo zenituzkeen babarrunak nik jango nituzke». Eta Joxepak, txoro-txoro eginda: «Ai, Joxe, Joxe, zuk jateagatik nik egingo nituzke». Eta kito. Ahaztu Tinder. Joxepa eta Joxe ez ziren gehiago gose. 

Arratsaldeko zazpietan, anana gurdian. Hori marka! Nork esan du maitasunak orduak dituela? Non utzi dugu sedukzioa, lilura? Dena aldez aurretik ondo lotuta eraman behar dugu, hanka sartzeko arriskuaren beldur, segurola jokatuz? Bai, ezusteko desatseginak saihets daitezke horrela, gauzak argi baino argiago daudelako lehen unetik. Ados. Hala ere, ez da oso modu hotza, zurruna?  

Bizitzak oparitu ahal dizkigun sorpresak lapurtzen dizkigu ditxosozko ananak. Fruta hori aukeratu duen lagunarengana hurbiltzen gara, beste guztiak bazterrean utzita. Non dugu xarma? Non jakin-mina? Non bihotz taupadak, intriga, emozioa? Sedukzioa inoiz baino modu hitsagoan merkaturatu digute eta maitasun-jokoaren gozamena zapuztu. Arratsaldeko zazpiak arte zain egon behar duzu anana hartu eta gogoko duzun pertsona ezezagun horrekin mintzatzeko? Ordu laurden lehenago plazan eguzkitan eta ananarik gabe zegoen andre edo gizon hori, lehen begi kolpean hain erakargarria iruditu zaizuna, baztertu duzu, beldurrak jota. Juan Roig jaunaren jauregitik kanpo ez al dago dragatzerik, kitzikatzerik, liluratzerik?

Asteartean aspaldiko lagun batekin egin nuen topo supermerkatuan. Ez ziren zazpiak, ez genuen ananarik gurditxoan. Eta ez ginen Mercadonan. Hor jardun genuen, kontu-kontari. Anana ere izan genuen hizpide, noski. Ondorio batera iritsi ginen: laztantasun beharrean dago mundua –ez soilik euskalduna–, baina hori ez dugu berria. Liverpool-eko laukoteak kanta hura asmatu aurretik ere jakina zen: all you (we) need is love. Agur, anana, agur. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.