Bittori behia eta marxista-leninistak

Kanpaina bakoitzak bere lorratza uzten du, eta bukatu berri den hau ortodoxiatik aldendutako politikarien esamoldez beterik dago, ukitu surrealistekin.

Kanpainako hainbat pasarteko argazkiak. BERRIA
Kanpainako hainbat pasartetako argazkiak. BERRIA
xabier martin
2024ko apirilaren 21a
05:00
Entzun

Erraza zen aurreikustea kanpainan Osakidetzari eta etxebizitzari buruz hitz egingo zutela alderdiek —baita ETAri buruz ere—; zaila asmatzen zera zen: Bittori behiarena eta marxista-leninistena. Kanpaina bakoitzak bere lorratza uzten du, eta Athleticen Kopak zein Jose Antonio Ardanzaren heriotzak baldintzatu duten kanpaina ezohiko hau beterik dago alderdiek botoak eskuratzeko baliatu dituzten esamolde ez-ortodoxoez. Igo Enekoneta-ra, izan SorioEneko, eta gozatu politikarien gaitasunaz abstentzioaren mamua aldendu eta boto emailea erakartzeko; edo aldentzeko, hori gaur argituko baita.

Kanpaina hasi orduko ezagutarazi zuen EAJk Bittori behia, «mu» esan beharrean «ez, ez eta ez» esaten duen behi egoskorra, EH Bildu bezala, sare sozialetan zabaldutako iragarkiaren egileen arabera. Haren alboan, txakur bizkorra eta ideiaz beterikoa etsita azaltzen da, EAJ bezala antza, behi tematiaren hainbeste ezezkorekin. 

Ez alferrik, sare sozialek zurruntasunetik aldendutako moldez aritzeko bidea ematen dute, eta Elkarrekin Podemos izan da bide hori arrakastaz urratu duen beste bat. Zeresana eman baitu hark sortutako marrazki bizidunetako esketxak nola erakusten dituen batzoki bateko txikiteroak. ETB2ko garai bateko Vaya Semanita saioko La Cuadrilla ikusi dute askok iragarkian, eta EAJren protestak eragin ditu topikoak. Elkarrekin Podemoseko kideak ez dira asko larritu, eta Think outside PNV lelodun elastikoak erakutsi dituzte harro, han eta hemengo agerraldietan, baita Pablo Iglesiasek berak ere, Bilbon aritu zenean.

'Iruñekeria' eta txapelak

Baina EAJ ez dago arrangura handietarako, jeltzaleak izan baitira oparoenak ateraldiez arituz gero. Imanol Pradales lehendakarigaiak esanda ezagutu zen iruñekeria (pamplonada) hitz berria. PSEk EH Bildu Iruñeko udal gobernuan babestu zuela gogoratzeko bota zuen Pradalesek, hasiera-hasieratik zabaldu nahi izan duen ideia bat gizarteratzeko: PSEk koalizio subiranistarekin gobernu akordio bat egin dezakeela Gasteizen ere. Ez du ematen arrakasta handia izan duenik, baina, badaezpada, esana dio aurrez aurre bere balizko bazkide Eneko Andueza hautagai sozialistari haren «buruzagiak«erabakiko duela auzia, Madrilen.

EH Bilduren eredua «marxista-leninista» dela esan du Urkulluk, «instituzioak prozesu iraultzailearen zerbitzura jartzeko». Otxandianok ez du argitu kanpaina honetan marxista-leninista ote den, baina Trotskiren antzeko betaurreko susmagarri batzuk daramatza. Egunkari batean susmagarritzat jo ditu kazetari batek behintzat, surrealismoan beste pauso bat emanda.

PPko buruzagi Alberto Nuñez Feijook Pradalesen termino berria baliatuta gogoratu zion hautagai jeltzaleari iruñekeria EAJ berak eragin zuela, hain zuzen, EH Bilduren udal gobernua bultzatu zuenean. Aurretik, iragarki baten bidez, PPk azaldu zuen txapelak «nahi den moduan» jartzen direla buruan, baina badela txapela jartzeko modu oker bat: «Hariari jarraituz», iragarkiaren jatorrizko hizkuntzan a rosca. Moreen animazio esketxeko batzokiko txikiteroen antzera, alegia.

Andueza, berriz, kontent azaldu zen kanpaina hasieran, Egazeko gazteen Enekoneta furgonetaren bolantearen aurrean eserita. Gazte horiek emankor ibili dira, eta SorioEneko itsaskia sortu dute, Euskara. Denona, denentzat leloarekin. «Lan eskubidea hizkuntz eskubideen aurretik» jartzen duen hautagaiaren aurpegia Irulegiko Eskuaren barruan azaltzen da, Obamaren Yes we can estiloari jarraikiz.

«Marxista-leninistak»

Instituzionaltasunaren jantzi zurruna atzean utzi duen beste bat Iñigo Urkullu lehendakaria izan da. Eusko Legebiltzarretik kanpora gogotsu aritu da EH Bilduren aurka; esaterako, Barakaldon, Pradalesi piper gasa erabilita eraso egin zioten egunean, hain zuzen. EH Bilduren eredua «marxista-leninista» dela esan zuen, «instituzioak prozesu iraultzailearen zerbitzura jartzeko».

Ez alferrik, ez dira makalak izan EAJren saioak koalizio abertzalea komunismoarekin eta «kontrolarekin» lotzeko. Hain urrutira joan gabe, Pello Otxandianori «Sortuko hautagai» esaten aritu zaio Pradales, hautagaien arteko eztabaidetan; Urkullu bera, EH Bilduri buruz ez, «HBri» buruz aritu zen Donostian, eta koktelontzi horretara azken osagai iraultzailea Pradalesek gehitu zuen, ETB2ko eztabaidan: «Venezuela».

Otxandianok ez du argitu kanpaina honetan marxista-leninista ote den, baina Trotskiren antzeko betaurreko susmagarri batzuk daramatza. Euskal Herriko egunkari batean susmagarritzat jo ditu kazetari batek behintzat, surrealismoan beste pauso bat emanda. «EH Bilduren irudi kabineteak betaurrekoak haren nortasunaren ardatz egin dituen arren, hautagai izendatzean jarri zituen», ziurtatu du luma fin horrek. Antiojoak kenduz gero estropezu egingo lukeen ere ez du argitu Otxandianok oraindik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.