EH Bilduk eta EAJk «neurri zehatzak» hartzeko eskatu diote Sanchezi

Hausnarketaren ondoren, «demokrazia nola biziberritu» nahi duen «argitzeko garaia» dela uste dute jeltzaleek eta bilkideek.

EH Bilduko legebiltzarkide Nerea Kortajarena. IDOIA ZABALETA / FOKU
EH Bilduko legebiltzarkide Nerea Kortajarena. IDOIA ZABALETA / FOKU
xabier martin
2024ko apirilaren 30a
12:00
Entzun

Espainiako presidente Pedro Sanchezen bost eguneko hausnarketaren ondoren, «jazarpena» eta «lawfare-a» pairatu izana salatu duen gobernuburuari «ekintzak» eskatu dizkiote EAJk eta EH Bilduk. Nerea Kortajarena EH Bilduko legebiltzarkideak Naiz irratian esan du ulertzen duela Sanchezen «egoera pertsonala» eta «begirunez» aztertzen duela, baina egoera horrek «ekintzak» eskatzen dituela orain. Ildo beretik aritu da Aitor Esteban EAJko diputatua Radio Euskadin, eta Sanchezi eskatu dio «argitzeko» ea zer neurrirekin «biziberritu nahi duen demokrazia».

Espainiako presidenteak bere geldialdiaren ondoren itzultzeko baliatu duen argudiaketan aldagai bat falta dela aski zabaldu da alderdien artean. «Puntu eta bereiz» bat iragarri du Sanchezek, «desinformazioari aurre egiteko» eta «gezurrak» ez daitezen baliatu «justiziara eramateko». Zer neurri proposatzen ditu, ordea? Galdera horren bueltan dabiltza EH Bildu eta EAJ. «Jazarpen politikoa, hedabideena eta judiziala ez dira bukatuko», ohartarazi du Kortajarenak.

«Jazarpen politikoa, hedabideena eta judiziala ez dira bukatuko; ekintza plan bat definitu behar da».

NEREA KORTAJARENAEH Bilduko legebiltzarkidea

Koalizio subiranistako eledunak gogoratu du «jazarpen politikoa, mediatikoa eta lawfare-a ondo tzen» dituela ezker independentistak, «baita haren ondorioak ere familientzat». Uste du Sanchezen bost eguneko hausnarketaren «alde ona» izan behar dela «ekintza plan bat» abiaraztea: «Sanchezek puntu eta bereiz bati buruz hitz egin du, eta egiteko dagoen demokraziaren biziberritze bati buruz. Hori definitzeko unea da, 78ko erregimenaren hipoteka horiek kentzeko unea, ekintzena, jazarpena ez baita geldituko». Neurri zehatzen exijentzian sakonduta, Kortajarenak erantsi du «horrelako egoera bati» ezin zaiola «hitzez bakarrik» erantzunezagu.

Sekretu Ofizialen Legea

EAJko Espainiako Kongresuko bozeramaile Aitor Estebanek ere «neurri zehatzak» entzun nahi ditu Sanchezen ahotan. «Argitu ditzala neurriak demokrazia biziberritzeko, eta antzerkirik egin gabe», adierazi du. Espainiako gobernuburuak hori egingo balu, jeltzaleak «entzuteko prest» leudeke; baina Estebanek ohartarazi du demokrazian badirela gai batzuk «erabat bermaturik» egon behar dutenak, eta adierazpen eta prentsa askatasunak aipatu ditu.

«Ez du ezer zehatzik proposatu, demokraziaren biziberritze bat aipatzeaz harago. Horrek guztiak zehaztapen bat behar du».

AITOR ESTEBANEAJko diputatua

Biziberritzean urratsak egin behar badira, Estebanek uste du Sekretu Ofizialen Legearen erreforma «oso azkar» joango dela aurrera, eta ez dutela beste legealdi batera atzeratuko; «agian, gehiegizko ustea da hori», erantsi du ironia apur batekin. Edonola ere, jeltzaleak ziurtatu du politikarien senitartekoak ikertuak izan daitezkeela «probak baldin badaude». Sanchezen hausnarketaz, errepikatu du «oso apartekoa» izan dela, «oso berezia». Sinetsita dago jende gehiena «harriturik» dagoela: «Eskerrak bukatu den eta hasierako lekura itzuli garen».

Batera edo bestera, EAJko eleduna pozik dago Sanchezek ez duelako zalantzan jarri «gobernu programa», eta, beraz, EAJrekin legealdi hasieran adostutakoa, tartean Gernikako Estatutua osorik betetzea. «Baina ez du ezer zehatzik proposatu, demokrazia biziberritzea aipatzeaz harago. Horrek guztiak zehaztapen bat behar du, eta ezin dugu ahaztu gai delikatuak daudela tartean, eta ezin dela edozer gauza egin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.