EH Bilduk dio Pradalesen kode etikoan «egiturazko azterketa politikoa» falta dela

Koalizio abertzaleak ekarpen jakin batzuk egin dizkio Jaurlaritzako lehendakariak plazaratutako akordio proposamenari. Erakundeen «prestigioa berreskuratzeko klientelismo sareak eta lagunkeria» bukatu egin behar dela ziurtatu du.

Pello Otxandiano eta Imanol Pradales, Ajuriaenean izandako bileran, uztailean. L. RICO / EFE
Pello Otxandiano eta Imanol Pradales, Ajuriaenean izandako bileran, uztailean. L. RICO / EFE
xabier martin
2024ko irailaren 4a
11:35
Entzun

Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek urte politikoa abiarazi zuen aurreko astean jarduera politikoan «gizalegez» aritzeko akordio proposamen batekin. Eragile politikoentzako kode etiko horren balorazioa egin du EH Bilduk, eta ekarpen jakin batzuk egin dizkio Pradalesek aurkeztutako dekalogoari. Hasteko, krisi politikoaren testuingurua kokatzeari dagokionez, koalizio subiranistak esan du «sintomak» seinalatzen dituela kodeak, baina «egiturazko azterketa politikoa» falta dela: «Sintomak deskribatzen dira, baina kausak adierazi gabe».

Horregatik, aurtengo maiatzeko Berlingo Gailurraren adierazpena «interesgarria» iruditu zaio EH Bilduri kodera gehitzeko. «Uste dugu hor jasotzen den ikuspegia legebiltzarreko gehiengo oso zabal batek parteka dezakeen izendatzaile komunetako txikiena izan daitekeela». Adierazpen horrek «egiturazko analisian egiten du azpimarra», koalizioaren arabera, eta dekalogoaren hirugarren puntua hasi aurretik txertatu nahiko lituzke Berlingo deklarazioan oinarritutako zenbait paragrafo: adibidez, «sistema politikoen krisia, nagusiki errenta ertaineko langile klaseak sufritu duen pobretzearen ondorioz» iritsi dela esateko.

Horrez gain, EH Bilduk klientelismoa zokoratu nahi du. «Zerbaitek higatzen baldin badu gure sistema politikoa, eta urruntzen herritarrak instituzioetatik, horiek lagunkeria eta klientelismoa dira. Azken hilabeteetan kasu adierazgarriak izan ditugu. Halako itun bat osatuko bada behartuak gaude gaia mahai gainean jartzera». Hala, Pradalesen kodearen zortzigarren konpromisoaren ondoren paragrafo hau gehitzea nahi du EH Bilduk: «Instituzioei dagokien prestigioa emateko, herri ordezkarien eta alderdi politikoen sinesgarritasuna indartzeko eta, batez ere, gure gaitasun instituzionalak emendatzeko, klientelismoa sareak eta lagunkeria amaitzea».

Gobernantza eredua

Halaber, Eusko Legebiltzarrean Pello Otxandiano buru duen taldeak «lankidetzazko gobernantzak» kode horretan lekua behar duela uste du. «Ez da soilik gizarte zibilarekin elkarlana bilatzea, lankidetzazko gobernantza hori baino gehiago da: lankidetzazko gobernantzak boterea ezberdin erabiltzea esan nahi du, elkarrekin egitea eskatzen du», azaldu du hedabideetara igorritako ohar batean.

Horiek horrela, Pradalesek hizpidera ekarri duen dekalogoaren bosgarren konpromisoaren ondoren esaldi hauek gehitu nahi ditu koalizioak: «Dilemak modu irekian deliberatzeko eta deliberazio horren bidez herri erronkak modu partekatuan definitzeko beharrezko instituzionaltasuna eta kultura politikoa garatzea, eta herri erronka horien zerbitzuko gobernugintza berria martxan jartzea: lankidetzazko gobernantza».

Beraz, EH Bildu prest azaldu da Pradales lehendakariaren proposamenean aurrera egiteko eta akordio bat lortzeko, eta, dagoeneko, ekarpen batzuk jakinarazi ditu adostasuna lortzeko helburuz. Gobernuburuak, Donostiako Miramar jauregian, eskatu zuen Eusko Legebiltzarreko taldeen ekarpena, politikaren inguruko kode etikoaren proposamena «aberasteko eta osatzeko». Era berean, azaldu zuen kode etiko horretan ez direla indarkeria politikoaren ingurukoak jorratzen, «terrorismoaren aurreko jarreraren inguruko kontsentsua goitik» dagoelako; gauza biak banatu zituen. Ikusteko dago, ordea, PSE-EE eta PP egitekoak diren ekarpenetan banaketa hori modu berean ikusiko ote duten. Izan ere, EAEko PPko presidente Javier de Andresek jada eskatu dio Pradalesi testua «zuzentzeko», hartan «zulo nabarmenak» eta «sentsibilitaterik eza» ikusten dituelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.