EH Bilduk «anbizio handiz» helduko dio hurrengo urte politikoari, azken bozetako «arrakastaren» ostean

Otegik adierazi du azken emaitzek agerian uzten dutela gero eta herritar gehiagok babesten dutela koalizioa. Uste du estatusaren ingurukoa izango dela datozen hilabeteetako gai «zentraletako» bat.

Otegi, gaur eguerdiko ekitaldian, Arrasaten. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Otegi, gaur eguerdiko ekitaldian, Arrasaten. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Iosu Alberdi.
2024ko ekainaren 28a
16:50
Entzun

EH Bilduk Arrasaten (Gipuzkoa) eman dio amaiera urte politikoari. Koalizio subiranistako koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegiren esanetan, urteak agerian utzi du «ziklo politikoa» aldatu dela, «nahiz eta badiren aitortu nahi ez duten batzuk». Hala, koalizioaren goraldi betean, adierazi du prest daudela hurrengo urte politikoari «konfiantza osoz» eta «anbizio handiz» heltzeko.

Otegik adierazi du EH Bilduren estrategia fruituak ematen ari dela: «Uste dut uzta jaso dugula, herriak emandako uzta». Horren adibide gisa aurkeztu du koalizio subiranistaren gorakada, eta esan gero eta gehiago direla «EH Bilduren proiektu politikoa» babesten duten euskal herritarrak. Izan ere, uste du «ziurtasuna eta egonkortasuna» eskaintzen dituela proiektu horrek.

Horrekin batera, kontuan hartu beharreko «faktore politikotzat» jo du EH Bildurena «proiektu estrategikoa» izatea, eta ez «epe motzekoa». Izan ere, argudiatu du EH Bildu ez dela eratu «bizitza efimeroa duen fronte zabal bat» izateko: «Gure proiektua estrategikoa da, herritarra, ezkerrekoa, abertzalea eta independentista». Hala, Otegik zehaztu du EH Bilduren xedea dela «Euskal Herria askatzea» eta errepublika bat «ezkerreko ikuspuntutik» eratzea.

Hala, Otegik Euskal Herriko zazpi lurraldeei egin die erreferentzia, «proiektu nazionala» hizpide hartuta: «Nazioa Aturritik Ebrora ulertzen duena». Hala, Frantziako Asanblearako bozei erreferentzia eginda, esan du oraindik ez dela amaitu ezker subiranistaren hauteskunde ziklo «arrakastatsua». Ipar Euskal Herrira zuzendu du mezua: «Imajinatu zer litzatekeen ezkerreko diputatu abertzale bat Parisen egotea, edo hiru euskaltzale Parisen egotea. Hori egin daiteke, eta hori da gure erronka».

Era berean, Otegik erreferentzia egin dio herritarren artean «politika konbentzionalarekiko» dagoen atxikimendu faltari, eta aitortu du sarri kosta egiten dela haren esparrua gainditzea. Hain zuzen, uste du ezker independentistak horri erreparatu behar diola hemendik aurrerako lanean.

Bide horretan, adierazi du EH Bildu ez dela «alternantziarako» tresna gisa aurkezten, «alternatiba» gisa baizik. Horrek, Otegiren esanetan, adierazi nahi du koalizioak «gobernu bokazioa» eta «estatu bokazioa» dituela: «Euskal Errepublika sortzea, eta hori ezkerretik egitea».

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako politikagintzari so, berriz, adierazi du eurek «gobernantza kolaboratiboaren» alde egiten dutela, beste alderdi batzuek ez bezala. Izan ere, EAJri eta PSE-EEri erreferentzia eginez, txarretsi du horiek itunak «siglen» arabera egin izana, eta ez herritarren borondatea kontuan hartuta: «Jendeak hiru lurralde hauetan bozkatu du politika abertzale eta ezkertiarrak egitea».

Beraz, Otegik uste du badirela abertzaleek elkarlanerako baliatu beharreko lan esparruak. Horietako bat litzateke estatus politikoaren inguruko eztabaida. Datozen hilabeteetako eztabaida politiko «zentraltzat» jo du, auzi sozioekonomikoari dagokionarekin batera. Batetik, adierazi du EAErako beste estatutu bat osatzeko negoziazioetan oinarrizkoa izan behar duela Euskal Herriaren nazio izaera errespetatzeak, eta hortik abiatuta lortu behar dela ados jartzea.

Bestetik, esan du estatusaren ingurukoa Euskal Herri osoan izan beharreko eztabaida dela, eta ez soilik Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: «Estatus politikoari buruz ari garenean, Euskal Herria bere osotasunean irakurtzen dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.