Bilboko Udalari exijitu diote kutsadura neurtzen duten sentsoreen informazioa ematea

Bilboko bizilagun batek erreklamazioa jarri du Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordean, Bilboko Udalak ez dizkiolako eman azaroan eskatutako hainbat datu. Batzordeak arrazoia eman dio.

Trafikoak eragindako kutsadura neurtzen dute sentsoreek Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE
Trafikoak eragindako kutsadura neurtzen dute sentsoreek Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE
Olatz Silva Rodrigo.
2024ko apirilaren 26a
05:00
Entzun

Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordeak arrazoia eman dio Bilboko bizilagun bati, eta udalari exijitu dio helaraz diezazkiola airearen kalitatea neurtzen duten sentsoreek bildutako datuak. «Datu horiek publikoak izan beharko lukete; izan ere, ingurumenarekin lotutako gai bat denez eta guztioi eragiten digunez, kontua larria da», azaldu du udalari eskaera egin dion gizonak, Carlos Mazonek —Biziz Biziko kide ere bada Mazon—. Apirilaren 9an jaso zuen batzordearen ebazpena. Ordutik, udalak hogei egun ditu erantzuteko.

Iazko azaroan egin zuen informazio hori eskuratzeko eskaera Mazonek. Hain justu, zazpi dokumentu eskatu zizkion udalari: «Erregistro bidez eskatu nituen azkenaldian erantzunik jaso ez duten kontsultak». Besteak beste, sentsoreen datuak biltzen zituen txosten bat eskatu zuen, baita emisio gutxiko eremuei [EGE] buruzko ordenantzaren egoera ere.

Gaur egun, airearen kalitatea neurtzen duten 41 sentsore daude hirian. Duela bi urte hasi ziren horiek ezartzen, trafikoak eragindako kutsadura neurtzeko eta emisio gutxiko eremua izango zena zehazteko. Eremu horietan, gehien kutsatzen duten ibilgailuak ezin izango dira sartu.

Hilabete bat igaro eta gero, Mazonek ez zuen erantzunik jaso. Beraz, sentsoreei buruzko informazio gehiago biltzen hasi zen. Abenduan beste eskaera bat egin zuen, bigarrena: «Askoz zehatzagoa egin nuen, legeak eta lizitazioak aipatuz; orain ikasi dut ezin dela kontu bera birritan eskatu, baliogabetu egiten dutelako». Mazonek azpimarratu du «prozesu burokratikoen inguruan» asko ikasi behar izan duela, ez baita erraza eskaerak egitea.

Informazioa, «webgune batean»

Udalak hiru hilabete geroago eman zion erantzuna; otsailaren 28an, hain zuzen. Sentsoreen inguruko informazio guztia «webgune batean» dagoela erantzun zioten, eta dokumentuan esteka bat erantsi. Mazonek salatu du webgune horretan zenbat sentsore dauden, non jarrita dauden eta neurtzeko zer gaitasun duten besterik ez dela agertzen. Emisio gutxiko eremuei buruzko ordenantzari dagokionez, udalak zehaztu zuen alegazioak egiteko garaia zela, eta ezin zutela horri buruz ezer aipatu: «Esan zuten ordenantza ezagutarazten zutenean emango zigutela horren berri».

Eskatutakoari erantzun ez ziotela ikusita, Mazonek erreklamazioa jarri zuen martxoaren 6an, Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordean. Argudiatu zuen udalak ez ziola inongo erantzunik eman hainbat hilabetez, «ez teknikariek, ezta Mugikortasuneko eta Ingurumeneko zinegotziak ere».

«Ez dugu ulertzen zergatik ukatzen dizkiguten datuok; neurketa horiek erabiliko dituzte emisio gutxiko eremuak zehazteko; beraz, orain oso txarrak izanda ere, egoera hobetzeko erabiliko dituzte».

CARLOS MAZONBilboko bizilaguna eta Biziz Biziko kidea

Erreklamazioan, 41 neurgailuek orain arte jasotako datuak eta Kunak Air Pro enpresari egindako adjudikazioaren espedientea eskatu zituen Mazonek. Enpresa horrek kudeatzen du sentsoreen sarea. «Kontratu horretan jaso dute enpresak zuzeneko monitorizazio sistema bat ezarri behar duela, datuak deskargatu ahal izateko», zehaztu du Mazonek. Hortaz, udalak baditu datu horiek jada: «Txostena doan da, eta eginda daukate, ez dute aitzakiarik datu horiek ez helarazteko. Ez dugu ulertzen zergatik ukatzen dizkiguten datuok; neurketa horiek erabiliko dituzte emisio gutxiko eremuak zehazteko; beraz, orain oso txarrak izanda ere, egoera hobetzeko erabiliko dituzte».

Udalak BERRIAri adierazi dio ez dutela jakinarazpenik jaso, eta hura jasotzean emango dutela erantzuna. Halere, Mazonek kontrakoa adierazi du: «Udalari helarazi eta biharamunean jaso nuen nik jakinarazpena, kopia gisa». Hortaz, ondorioztatu du datorren astean amaituko dela erantzuna jasotzeko epea. Erantzunik izan ezean, «bide judiziala» hautatuko du Mazonek.

1,6 milioi euro baino gehiago

Herritar guztiei eragiten dien gaia da airearen kalitatearena: «Ingurumenarekin lotuta dago; Bilbon datu txarrak daude kutsadurari dagokionez». Horrek bultzatuta eskatu dute datuak helarazteko, baina ez horregatik bakarrik. Mazonek nabarmendu duenez, Bilboko Udalak 1,6 milioi euro baino gehiago inbertitu ditu, eta Europako diru laguntza bat ere jaso du. «Udalak arrazoitu beharko luke zertarako erabiltzen duen diru publikoa». Eskatzaileari bidaltzeaz gain, datuak webgunean jarri behar dituztela adierazi du Mazonek, herritar orok ikus ditzan. «Esan dute ordenantza egiteko Eusko Jaurlaritzaren bi neurketak besterik ez dituztela kontuan hartu. Beraz, zertarako erabili dute diru hori guztia?».

Argi utzi du Mazonek: «Datu esanguratsuak eskatzen ari gara; nire izenean eskatu ditut prozesu burokratikoa oso zaila delako, baina jende asko dago honen atzean; ni ingurumenarekin kezkatuta egon naiteke, baina kontua askoz zabalagoa da. Datuek agerian egon beharko lukete webgunean, herritar guztientzat eskuragarri».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.