San Jose: «Ez dago biktimarik memoria, justizia eta erreparazioa merezi ez duenik»

Sailburuak esan du lan egingo duela gobernuak memoria eraikitzeko duen konpromisoa indartzeko. Altsasun, Sakanako tortura kasuen berri ematen duen dokumentala aurkeztu dute: ‘Arghitzen’.

Gogora Institutuak antolatu duen mahai ingurua, gaur, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Gogora Institutuak antolatu duen mahai ingurua, gaur, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
aitor biain
2024ko ekainaren 26a
20:45
Entzun

Maria Jesus San Jose Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak biktima guztientzako memoriaren, justiziaren eta erreparazioaren aldeko «konpromiso irmoa» erakutsi du gaur Bilbon, kargua hartu osteko lehen ekitaldi publikoan. Sailburuak adierazi du ez dagoela «biktima bakar bat ere» hori merezi ez duenik, ez eta hori baldintzatzen duen «aitzakiarik edo bainarik». San Josek agindu du biktima guztiek gobernuaren eta gizartearen babesa izango dutela. 

Torturaren Aurkako Nazioarteko Egunarekin bat eginez Gogora institutuak antolatutako ekitaldian parte hartu du San Josek gaur iluntzean. Indarkeriaren oihartzunak dokumentala ikusteko aukeraz gain, torturaren biktima batzuen testigantzak entzuteko modua ere izan da ekitaldian, hain zuzen ere. Testigantza «gogorrak» izan dira, sailburuaren hitzetan, baina azpimarratu du «are gogorragoa» izan zela tortura kasu haiek bizi izan zituztenen egoera.

Haien aurrean hartu du hitza sailburuak, eta zera aldarrikatu: «Inork ez zuen inoiz eraila, torturatua, estortsionatua edo bahitua izan behar, ez arrazoi politikoengatik, ez estatu arrazoiengatik». San Josek aditzera eman duenez, «ez zen egon gehiegikeria polizial edo judizial bat justifikatzen zuen hilketa terrorista bakar bat ere», ez eta «hilketa terrorista bat justifikatzen zuen abusu polizial edo judizialik ere». Horregatik, uste du ez dagoela memoria, justizia eta erreparazioa merezi ez duen biktimarik. 

Autokritika txiki bat ere egin du sailburuak, dena den, onartu baitu erakundeek —eta, beraz, agintariek— «berandu ulertu» dutela biktimek «bizi izandako guztiaren mina». Zor hori kitatzeko prest azaldu da San Jose, eta agindu du Eusko Jaurlaritzak eta, bereziki, haren sailak, lan egingo duela memoria eraikitzeko duen konpromisoa indartzeko: «Prest gaude bide moral hori egiten jarraitzeko». Haren hitzetan, bide hori ez baitoa bakarrik politikaren beraren aurretik, baita «alderdien aurretik» ere.

Alde horretatik, adierazi du Terrorismoaren Biktimen Legeak, Polizia Gehiegikerien Biktimen Legeak eta Memoria Demokratikoaren Legeak osatzen duten «mapa osoa» lortzeko lan egingo duela. «Ez ditugu begiak eta belarriak estaliko», hitzeman du sailburuak.

Izan ere, ohartarazi du mundua eta bereziki Europa «alerta demokratikoan» daudela, indarkeria ekintzak justifikatzen dituzten gorroto mezuak normalizatu direlako. Bada, sailburuaren ustez, «zigorrik gabeko espaziorik» ez uztea da horri aurre egiteko modurik onena. San Josek esan du «konpondu gabeko zulo beltz bakar bat ere» egon ez dadin lan egingo duela.

Argi eske 

Bilbokoa ez da ekitaldi bakarra izan. Altsasun (Nafarroa), Arghitzen dokumentala estreinatu dute gaur iluntzean. Sakanan «auzolan erraldoi batean» egindako lana da, Nafarroako Torturatuen Sarearekin eta eskualde hartako udalen laguntzarekin osatua. «Oroimen historikoa berreskuratzeko» eta «tortura baliatzen duen estatuari desafio egiteko» lan gisa plazaratu dute.

Izan ere, egileek gogoratu dutenez, Sakanan gutxienez 149 lagun torturatu zituzten 1966tik 2011ra bitarte. Horietatik 30ek parte hartu dute dokumentalean, baita zenbait aurpegi ezagunek ere: Amaia Izko eta Iñigo Iruin abokatuak, Martxelo Otamendi eta Mikel Reparaz kazetariak, Serge Portelli magistratua eta Laura Pego Kriminologiaren Euskal Institutuko ikerlaria, besteak beste. Hain zuzen, azken erakunde horrek egindako ikerketaren arabera, gutxienez 1.083 tortura eta tratu txarren kasu izan ziren Nafarroan; orotara, 4.998 kasu Hego Euskal Herrian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.