Biharamunean, elkarrizketarako prest

EAJk dio «akordio zabalak» beharko direla legegintzaldi honetako erronkei aurre egiteko. EH Bilduk, berriz, erran du «elkarlanean aritzeko» prest daudela, baina ez dutela «txeke zuririk» onartuko.

Pello Otxandiano eta Imanol Pradales atzo, Eusko Legebiltzarrean. ADRIAN RUIZ / EFE
Pello Otxandiano eta Imanol Pradales atzo, Eusko Legebiltzarrean. ADRIAN RUIZ / EFE
Isabel Jaurena.
2024ko ekainaren 21a
11:55
Entzun

Egun luzea izan zen atzokoa Eusko Legebiltzarrean, baina, iluntzerako, Eusko Jaurlaritzako hurrengo lehendakaria hautatua zuten legebiltzarkideek: Imanol Pradales jeltzalea. Alderdietako ordezkariek adierazpenak egin dituzte inbestiduraren biharamunean ere, eta elkarrizketa eta akordioa izan dituzte hizpide guztiek. Joseba Diez Antxustegi legebiltzarreko EAJren bozeramaileak, erraterako, adierazi du jeltzaleen eta sozialisten akordioak bi alderdi «oso desberdin» elkartu dituela, «ideologia eta tradizio politiko desberdinekoak». Gehitu du espero duela EH Bildu gai izatea «desberdinen arteko akordioak egiteko, jarrera dogmatikoak baztertuta».

Bi alderdi horiek aurkeztutako programak «hainbat ertz» dituela azaldu du, eta Osakidetza dela nagusietako bat. «Baina badaude beste hainbat ere, hala nola segurtasuna, zerbitzu publikoen indartzea, klima aldaketaren kontrako borroka, trantsizio energetikoa... Jorratu beharreko arloak dira, eta, horretarako, gehiengo kualifikatu bat behar dugu, baita akordio zabalak ere».

Alde horretatik, espero du koalizio subiranistak «praktikara eramango» duela proposatu duen hori, eta modua izanen dutela akordioak lortzeko. «Nik ez diet eskatzen beren printzipioak alde batera uzteko, baina, akordioak egiteko, amore eman behar da gauza batzuetan. Imanol Pradalesek esan zuen prest zegoela horretarako, eta espero dugu lankidetzarako jarrera topatzea, herri honek desberdinen arteko akordioak behar ditu eta».

Nerea Kortajarena EH Bilduko bozeramaileak, berriz, erran du koalizioa prest dagoela «elkarlanean aritzeko», baina ez dutela «txeke zuririk» onartuko. «Saiatuko gara elkarguneak bilatzen eta akordioak lortzen, gakoak diren gaietan zer desberdintasun ditugun kontuan izanda», gehitu du. Horrekin lotuta, hauteskundeen ondotik Pradalesekin «elkarrizketarik izateko» aukerarik eduki ez izana deitoratu du. 

Adierazi du ez duela astirik izan EAJren eta PSE-EEren gobernu programa sakon irakurtzeko, baina salatu Pradalesen atzoko diskurtsoa «autokonplazentziazkoa» izan zela, lehendakari izendatu berriak ez zuelakoan «konektatu» gizartearen arazoekin: «Planteamendu nahiko kontinuista ikusi genuen, orain arte egin denaren bidetik doana. Haren hitzaldian gehien erabilitako hitzak jarraitzea, sakontzea... izan ziren. Uste dut bizitzen ari garen garai aldaketa honek eta eraldaketa planteamendu batek zerbait gehiago eskatzen dutela». Hortaz, «proposamen zehatzagoak» dituen analisi baten beharra ikusten du, «ez katastrofikoa, errealitatearekin bat egiten duena baizik».

Proposamen «zehatza»

Koalizio abertzaleak erran duenaren kontrara, Ekain Ricok, PSE-EEren legebiltzarreko idazkari nagusiak, adierazi du jeltzaleek eta sozialistek egindako proposamena «zehatza» dela, eta modua ematen duela legegintzaldi honetako «erronkei aurre egiteko». Uste du akordioak biltzen duela «autonomia estatutu bat izateko beste itun bat lortzeko borondatea, zeinak azken urteotan lortutako eskubide guztiak jasoko dituen». Gehitu du ezinen dela akordiorik lortu baldin eta zenbaitek «identitateari lotutako obsesioei» erreparatzen badiete.

Gernikako Estatutuaren erreformari erreferentzia eginez, Laura Garrido PPren bozeramaileak erran du espero duela «zatiketa» iturri ez izatea. «Gu ez gaude erreformaren kontra: kontua da zertarako den», zehaztu du. Izan ere, Garridoren ustez baliteke aldaketa «oso ona» izatea baldin eta horrek herritarren bizitza hobetzen badu. «Alderdi nazionalisten asmoak biltzeko bada, banatzen gaituzten gai subiranistak, ezin da hala izan», gehitu du. 

Pradalesen legealdia «jarraipena» bertzerik ez dela erran du, eta «zaila» dela egoera aldatzea. Uste du jeltzaleek elkarrizketarako erakutsi duten jarrera ez dela «zintzoa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.