Bi urteko zigorra, kontrako bidean zihoalarik istripua eragin zuen gidariarentzat

Zinpeko epaimahaiak erruduntzat jo zuen, baina defentsaren zenbait arrazoibide aintzat hartu zituen. Istripua 2017an izan zen, Usurbilen, eta bi lagun hil ziren horren ondorioz.

Gipuzkoako Auzitegian egindako epaiketa, joan den maiatzean. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Gipuzkoako Auzitegian egindako epaiketa, joan den maiatzean. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
gotzon hermosilla
2024ko ekainaren 21a
16:00
Entzun

Bi urteko espetxe zigorra ezarri diote 2017an Usurbilen (Gipuzkoa) auto istripua eragin zuen gidariari. Gidariak zortzi kilometro eta erdi egin zituen kontrako bidetik, Donostiatik Bilbora bidean, eta azkenean anbulantzia bat jo zuen aurrez aurre. Autoan zihoazen bi lagun hil egin ziren istripuaren ondorioz. Beste zortzi lagun zauritu ziren; tartean, gidaria bera. Espetxe zigorraz ezartzeaz gain, gidabaimena kenduko diote bi urte eta erdiz. Fiskaltzak hamalau urteko espetxe zigorra eskatzen zuen akusatuarentzat, eta bide segurtasunaren aurkako delitu bat, bi lesio delitu eta behin-behineko dolozko bi giza hilketa egotzi zizkion. 

Joan den maiatzaren 24an, zinpeko epaimahaiak erruduntzat jo zuen gidaria, eta zuhurtziagabekeria larriagatik eragindako bi giza hilketa egotzi zizkion. Hala ere, epaimahaiak aintzat hartu zituen akusatuaren defentsak emandako zenbait arrazoibide, eta, esaterako, baztertu egin zuen behin-behineko doloa egon zenik eta, beraz, gidaria jabetuta zegoenik zein arriskutsua zen bere jokabidea.

Okerreko luzamendua

Halaber, zinpeko epaimahaiak ebatzi zuen litekeena zela auzibidean «okerreko luzamendua» egon izana, lau urte igaro baitziren auzia Donostiako instrukzio epaitegian aztertu zutenetik Gipuzkoako Probintzia Auzitegian epaitu zuten arte. Izan ere, 2020an instrukzio epaitegian epaiketa hasi eta berehala, fiskalak irizpidea aldatu zuen, eta, behin-behineko doloa egon zela iritzita, zigor eskaerak handitu zituen. Horrek ekarri zuen epaiketa berriro egin behar izatea, baina oraingoan Gipuzkoako Probintzia Auzitegian eta zinpeko epaimahaiak parte hartuta. Okerreko luzamenduaren argudio horrekin, epaimahaiak atea zabaldu zion zigorra gradu bat edo bi jaisteko aukerari. Zinpeko epaimahaiak ebazpena plazaratu ostean, auzitegiaren epaia falta zen, eta orain iritsi da.

Epaiketa maiatzaren 17an hasi zen, eta hilaren 20an akusatuari egokitu zitzaion deklarazioa egitea. Han, gidariak aitortu zuen gidabaimena «ez oso modu legalean» lortu zuela, Marokon, eta inoiz ez zuela ikasi gidatzeko beharrezkoa den eduki teorikoa; adibidez, esan zuen «marra jarraitua eta marra etena» ez zituela bereizten, eta 2006an gidabaimena atera zuenetik 2016an autoa erosi zuen arte inoiz ez zuela autorik gidatu. Edonola ere, ukatu egin zuen bazekiela kontrako bidean zihoala, eta autoak aurrez zetozkiola ikusi zuen arren, pentsatu zuen hura normala zela, errepide nazionaletan hala izaten delako.

Istripuaren atestatua egin zuten ertzainek ere deklarazioa egin zuten epaiketan, eta kontrakoa adierazi zuten: haien ustez, gidariak izan zuen nahikoa zantzu jabetzeko kontrako bidean zihoala, hainbat seinale eta zoruan margotutako gezi gainditu zituelako eta Bidegiren mantentze lanetarako ibilgailu batek argi seinaleak egin zizkiolako.

Hil zirenak gidariaren lagunak ziren. Epaiketan, biktimetako baten arrebak esan zuen akusatuak barkamena eskatu ziela senitartekoei, eta haiek barkatu egin zutela, uste baitzuten gidaria ez zela «nahita» aritu eta dena «hutsegite bat» izan zela. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.