Aro berri baterako bozak

Bi asteko kanpainaren ondoren, heldu da Eusko Legebiltzarra berritzeko ordua. Gai sozialak hizpide nagusi diren honetan, ikusteko dago zein balio izango duen gehiengo abertzaleak.

Jendea pasieran atzo, Bilbo erdigunean, hauteskundeetako gogoeta egunean. LUIS TEJIDO / EFE
Jendea pasieran atzo, Bilbo erdigunean, hauteskundeetako gogoeta egunean. LUIS TEJIDO / EFE
aitor biain
2024ko apirilaren 21a
05:00
Entzun

Ziklo politiko berri bat abiatuko da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gaurko bozen ostean. Eusko Legebiltzarrak itxura berria izango du gaurtik aurrera, aurpegi eta indar korrelazio berriekin. Eta horrek Eusko Jaurlaritza berri bat ere ekarriko du, beste lehendakari batekin. Nolanahi ere, ikusteko dago horrek guztiak nola baldintzatuko duen agenda politikoa eta egiturazko aldaketa sakonik eragingo duen erakundeetan.

Gauza bat ziurra da: orain arteko bozik estuenak izango dira. Urtebetean izandako hauteskunde emaitzei eta hilabete honetan argitaratutako inkestei erreparatuz gero, hala espero da. Azken udal eta foru hauteskundeetan, esaterako, boto galera nabarmena izan zuen EAJk —80.000 boto inguru galdu zituen—, eta ikusteko dago joera horrek segida izango ote duen. Igoera nabarmena izan zuen, aldiz, EH Bilduk; hazkunde hori noraino hel daitekeen ikusi beharko da. 

Hauteskunde kanpainan argitaratutako inkestek jada mahai gainean jarri dute sorpasso-aren aukera. Hasieran bi indar nagusien arteko berdinketa erakusten bazuten ere, azken hauteskunde inkestek koalizio subiranista jeltzaleen gainetik jarri dute, hala botoetan nola legebiltzarkideetan. Inoiz ez da gertatu hori. EAJk behin baino ez baitu galdu eserlekuetan –1986an izan zen–, baina inoiz ez dio inork aurrea hartu boto kopuruan.    

Kanpainan ere argi islatu da nagusiki bi alderdiren arteko lehia izango dela, gainerakoek dema propioak badituzten arren. Baliteke sozialistek izatea Eusko Jaurlaritza osatzeko giltza, hori agerikoa da, eta mezu hori helarazi diete hautesleei ere. PSE-EErekin gobernu ituna berriz egitearen aldekoa da EAJ, eta sozialistek ere ez dute kontrakorik adierazi, kanpainan jeltzaleengandik aldentzen saiatu diren arren.

PPk, berriz, egungo ordezkaritza egonkortu ez ezik, zabaldu ere egin nahi du, Vox legebiltzarretik kanpo utzita. Elkarrekin Podemosek eta Sumarrek banaketaren ajeari aurre egitea dute xede, eta legebiltzarrean ordezkaritza eskuratzea nahikoa garaipen litzateke bientzat.

Bilboko udaleko langileak, hautesleku bat atontzen. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Bilboko udaleko langileak, hautesleku bat atontzen. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Athleticen Kopako garaipenaren eta Jose Antonio Ardanza lehendakari ohiaren heriotzaren itzalpean egin ziren kanpainaren lehen egunak, baina azken egunetan narrastu egin da, ETA hizpidera atera dutenean. Nolanahi ere, gai sozialak izan dira kanpainaren ardatza: Osakidetza eta etxebizitza, bereziki. Eta horrek beste arrasto bat eman dezake gaurko emaitzak ulertzeko. 

Emaitzen gorabehera horretan beste aldagai batek zeresana izango du: parte hartzeak. Duela lau urte pandemiak baldintzatuta egin ziren bozak, eta inoiz baino jende gutxiagok eman zuen botoa. Aurten ez da halakorik espero, baina ikusteko dago abstentzioa zenbatekoa izango den. Gaur-gaurkoz, aurreratu daitekeen datua zera da: atzerrian bizi direnen boto kopuruak eta posta bidez egin dutenenak gora egin du; nabarmen, gainera.

Estatutua ortzi mugan

Hauteskunde aritmetika hutsetik harago, hauteskunde hauen emaitzek izango dute nabarmentzekorik. Inkestek diotena betetzen bada, inoiz baino ordezkari abertzale gehiago egongo baita legebiltzarrean. EAJren eta EH Bilduren artean, ganberaren bi heren baino gehiago ordezkatuko lukete. Are, Euskal Herria naziotzat duten eta erabakitzeko eskubidearen alde dauden indarrak inoiz ez dute hiru laurdenen muga gainditu; orain, baliteke langa hori gertu egotea. Azken legealdian, 52 ordezkari izan dituzte EAJk eta EH Bilduk.

Zertarako balioko duen, hori ere ikuskizun dago. Baina Gernikako Estatutua onartu eta 45 urtera hura berritzeko abagunea egon daiteke. EH Bildu prest dago bideari ekiteko, eta epe bat ere jarri du mahai gainean: hiru hilabeteko epean Autogobernu Lantaldea berriz martxan jartzea nahi du, 2016-2020ko legealdia amaitu aurretik EH Bilduk, EAJk eta Elkarrekin Podemosek —zati batean— sinatu zuten oinarrien eta printzipioen akordioa testu egituratu bilakatzeko, eta bi urteko epean hura Espainiako Gorteetan aurkeztea. 

EAJren nahia da, aldiz, bi urtean Gernikako Estatutua osatzea, erkidegoak jaso gabe dituen eskumenak eskuratuta. Hala hitzartu zuen sozialistekin, Pedro Sanchezen inbestidura babestearen truke. Baina jeltzaleek argi adierazi dute behin kapitulu hori itxita, beste bat hasteko garaia izango dela; hots, nazio aitortza eta erabakitze eskubidea jasoko duen estatus berri batena. Legealdi honetan pausoa noraino hel daitekeen, hori ikusi egin beharko da.

Zifrak

1,8

ERROLDA Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 1.795.212 herritarrek izango dute botoa emateko eskubidea: 945.878 bizkaitarrek, 587.711 gipuzkoarrek eta 261.623 arabarrek, hain zuzen ere.

729

HAUTESLEKUAK Guztira 729 hautesleku eta 2.695 mahai egongo dira. 8.000 lagunek baino gehiagok osatuko dituzte hauteskunde mahaiak —85 euroko ordaina jasoko dute, eta Gizarte Segurantzaren bermea—.

%14

POSTA BIDEZKO BOTOA Guztira 54.559 lagunek eman dute botoa. 2020an baino %52,8 gutxiago dira, eta 2016an baino %14 gehiago. Atzerrian bizi diren 8.219 lagunek ere bozkatu dute jada; eskubidea zutenen %10 dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.