Arabako suhiltzaileek salatu dute atseden egunetan lan egitera behartu nahi dituztela

Agerraldia egin dute Arabako Batzar Nagusietan, eta eskatu dute lurraldeko parkeen kudeaketa aldatzeko eta lan hitzarmena sinatzeko.

 Arabako suhiltzaileak lanean. @BOMBEROSEUSKADI
Arabako suhiltzaileak lanean. @BOMBEROSEUSKADI
Edurne Begiristain.
2024ko ekainaren 27a
15:05
Entzun

Lan baldintza duinen aldeko borrokan segitzen dute Arabako suhiltzaileek, eta gaur zerbitzuaren «gabezien» berri eman dute Arabako Batzar Nagusietan. Araba osoan jarduten dute suhiltzaileek —Gasteizen izan ezik, udalak bereak baititu—. eta Bizkaian, Nafarroan eta Espainian ere (Errioxan eta Burgosen) aritzen dira, lurralde mugakideetako zerbitzuei laguntzeko. 180 suhiltzaile inguru dira denera. Gaur salatu dutenez, zortzi urte daramatzate hitzarmenik gabe, eta uste dute ezinbestekoa dela Arabako parkeak kudeatzeko eredua aldatzea eta langile gehiago kontratatzea.

Ez da arazo bakarra, baina. Jakinarazi dutenez, ekainaren 5ean aldundiak zerbitzu agindu bat helarazi zien, zeinaren bitartez suhiltzaileak behartu nahi dituzten atseden egunetan lan egitera; zehazki, aginduak dio egutegian lanik ez duten hamabost egunetan lanerako prest egon beharko dutela, errefortzu gisa. Agindua aste honetan sartu da indarrean, eta irailaren 15era bitartean egongo da hala.

Suhiltzaileek adierazi dute erabakia «onartezina» dela, langileen atseden denborari eragiten diolako eta urteko lanaldia gaindituko luketelako, «lana eta familia bateragarri egiteko aukerarik gabe». «Nazkatuta gaude kudeaketa eredu honekin», esan dute. Arabako behar guztiak segurtasunez bete ahal izateko, langile gehiago kontratatzeko eskatu dute, eta Arabako suhiltzaile buruaren lanpostua betetzea exijitu —hiru urte daramatza hutsik, eta zerbitzuaren norabidea koordinatzeaz eta zehazteaz arduratzen da—.

Batzar Nagusietan agerraldia egin bitartean, kanpoan manifestazioa izan da. Iragarri dute mobilizazioekin jarraituko dutela, eta irtenbiderik ez bada «borroka moldeak indartuko» dituztela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.