EH Bildu lehen indarra da Araban

Koalizio subiranista gailendu da botoetan eta eserlekuetan; zortzi ordezkari erdietsi ditu. EAJ bigarren da, zazpi ordezkarirekin. Launa lortu dituzte sozialistek eta popularrek, eta bana Sumarrek eta Voxek.

EH Bildu
aitor biain
2024ko apirilaren 21a
21:00
Entzun

EH Bilduk lehen aldiz irabazi ditu bozak Araban. Boto guztiak zenbatuta, koalizio subiranista lehen indarra da, hala botoetan nola eserlekuetan. Zortzi ordezkari izango ditu, duela lau urte baino bi gehiago. EAJ bigarren indarra da, baina ordezkari bat galdu du eta zazpi lortu. Emaitzak hobetu ditu, aldiz, PPk: hiru ordezkaritik lau izatera pasatu da. Egungo emaitzei eutsiko diete PSE-EEk eta Voxek, lau ordezkari eta ordezkari bat lortuta, hurrenez hurren. Sumar lehendabizikoz sartu da legebiltzarrean, ordezkari bat lortuta. 

Araban arreta berezia jarri dute alderdiek hauteskunde kanpainan, EAJk eta EH Bilduk batez ere, bi alderdien arteko lehia estuan erabakigarria izan zitekeelakoan. Duela lau urte EAJk irabazi zituen Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak Araban, 40.002 boto eskuratuta (%36) eta legebiltzarkide bat gehiago lortuta —bederatzi guztira—. Emaitzak hobetu zituen orduan EH Bilduk ere, ordezkari bat gehiago lortuta. Azken hauteskunde zikloetan, ordea, gorako joera nabarmena izan du EH Bilduk, eta jeltzaleekiko aldea txikitu dute. Iazko maiatzean, udal eta foru hauteskundeetan, esaterako, EAJ izan zen alderdirik bozkatuena Araban, baina EH Bildu nagusitu zen Gasteizen.

Bada, gaurko datuen arabera, joera horiek egonkortu egin dira. EH Bilduk igoera nabarmena izan baitu, eta lehen indarra izatera igaro da. Hain zuzen ere, koalizio subiranistak duela lau urte baino ia 14.000 boto gehiago lortu ditu: 44.652 boto guztira (%29,44). EAJk ere gora egin du boto kopuruan, zertxobait bada ere. 2020an baino ia mila boto gehiago lortu ditu, hain zuzen ere: 40.939 boto guztira (%26,99). Baina alderdirik bozkatuena izateari utzi dio, eta bi legebiltzarkide galdu ditu. 

Emaitzei eutsita, hirugarren indarra da PSE-EE. Ia bost mila boto irabazi dituzte sozialistek (24.783 lortu ditu guztira), eta duela lau urte erdietsitako lau ordezkariei eustea lortu dute. Gertu, oso gertu izan dituzte popularrak, ordea: bostehun botoren aldea baino ez baita izan bi indarren artean. Inkestek iragarri zuten emaitzak hobetuko zituela PPk, eta ez dute hutsik egin: 10.000 boto gehiago lortu baitituzte, eta ordezkari bat gehiago izango dute aurrerantzean, lau.

PPren gorakadak, dena den, ez dio Voxi eragin, eta eskuin muturra Eusko Legebiltzarrean izango da datorren legealdian ere. Are gehiago, gora egin du botoetan eta baita ehunekoetan ere. Ondorioz, aurreko legealdian zuen ordezkariari eutsiko dio.

Legebiltzarrean ordezkari bat izango du ezker konfederalak ere, Sumarrek ordezkari bat irabazi baitu Araban. Lehia estua izan du EAJrekin, eta une batez legebiltzarretik kanpo egon bada ere, lehendabizikoz izango da legebiltzarrean. Ordezkari hori ez da Alba Garcia izango, ordea, alderdiak lehendakarigai gisa aurkeztu duen hautagaia. Jon Hernandez izango da Sumarren legebiltzarkidea, Izquierda Unidako hautagaia.

EH Bildu hiri nagusietan

Gasteiz da Araban izan den joera aldaketaren isla, beste behin. Iazko udal eta foru bozetan abiatutako olatuaren gainean jarraitzen du EH Bilduk, eta alderdirik bozkatuena izan da orain ere hiriburuan. Duela lau urte baino ia 10.000 boto gehiago lortu ditu gainera. 2020An, 20.006 bozka lortu zituen, eta botoen %22; 29.959 bozka lortu ditu orain, berriz, botoen %26,6. EAJk ere duela lau urte baino boto gehiago lortu ditu Gasteizen, baina ia bost puntu egin du behera ehunekoetan, eta lehen indarra izatetik bigarrena izatera igaro da. 

Bi alderdi nagusien arteko lehia hori beste herri batzuetan ere islatu da. Besteak beste, Amurrion, Iruña-Okan, Zuian, Arratzua Ubarrundian, Bernedon, Kanpezun, Urizaharran, Lagranen, Añanan eta Artziniegan EH Bildu nagusitu zaio EAJri. Berdinketak ere izan dira, Laudion, Lezan eta Zanbranan. Aurreneko bietan, jeltzaleen eta subiranisten artean izan da berdinketa hori; azkenekoan, aldiz, jeltzaleen eta popularren artean. 

Arabako Errioxan ere galdu du nagusitasuna EAJk. Koalizio subiranista gailendu baita Bastidan eta Oionen, besteak beste. 2020an, Arabako herri bakar batean lortu zuen PPk lehen indarra izatea, Navaridasen hain zuzen ere; aurten, aldiz, aurten, EAJ izan da alderdirik bozkatuena herri horretan. Guardian jeltzaleak nagusitu ziren duela lau urte, eta popularrak izan dira bozkatuenak orain. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.