Amurrioko Udalari eskatu diote Aiaraldea Komunikabideari eman izan ohi dion diru laguntza berrezartzeko

Nabarmendu dute Aiaraldea Komunikabidea bezalako euskara hutsezko komunikabideek «funtsezko zeregina» betetzen dutela euskararen biziberritzean. Irailerako udalaren «erantzun positiboa» jaso ezean, «beste pauso batzuk» emango dituztela iragarri dute.

Agerraldi jendetsua egin dute gaur Amurrioko Udaletxearen aurrean. AIARALDEA.EUS
Agerraldi jendetsua egin dute gaur Amurrioko Udaletxearen aurrean. AIARALDEA.EUS
Irati Urdalleta Lete.
2024ko ekainaren 21a
20:00
Entzun

Maiatzean iragarri zuten Amurrioko Udalak (Araba) Aiaraldeko Komunikabideari 6.000 euroko laguntza kendu ziola. Hautsak harrotu ditu erabakiak, eta gaur dozenaka lagunek agerraldia egin dute gaitzespena erakusteko. Hiru eskaera ere egin dizkiote udalari, tartean, Aiaraldea Komunikabideari azken hamabi urteetan eman dion diru laguntza berrezartzeko.

Nabarmendu dute azken hamarkadetan «urrats esanguratsu asko» egin direla euskararen biziberritze prozesuan, eta, bide horretan, «ezinbestekoa» izan dela elkarlana, erakunde mota desberdinen artekoa, herritarren artekoa, «desberdinen artekoa»: «Inurri lan handiari esker, kontsentsu zabalak lortu dira euskararen biziberritzera bidean, eta hemendik aurrera ere horretan jarraitu behar dugu».

Izan ere, oraindik badago zereginik, Aiaraldea Komunikabideko kideen irudiko: «Euskara bidegurutze batean dago, eta bada unea bultzada berria emateko». Bide horretan, uste dute «funtsezko zeregina» dutela Aiaraldea bezalako euskara hutsezko komunikabideek. Baina, horretarako, erakundeen babesa ere behar dutela aldarrikatu dute: «Beharrezkoa da instituzio publikoetatik euren jarduera ekonomikoki eta sozialki babestea, berebizikoa baita hizkuntzaren biziberritzerako». Horiek horrela, hiru eskaera egin dizkiote Amurrioko Udalari:

eskaerak

  1. Amurrioko Udalak udalerriko zein eskualdeko euskalgintzaren eragileekin elkarlana estutzea, euren aldarri eta proposamenak babestea eta horietan aktiboki parte hartzea, modu horretan, euskararen biziberritzean eragile aktibo bilakatzeko.

  2. Amurrioko Udala Aiaraldea Komunikabidearekin biltzea, bi entitateen arteko elkarlana berriz martxan jarri eta normalizatzeko.

  3. Amurrioko Udalak Aiaraldea Komunikabideari azken hamabi urteetan eman dion diru laguntza berrezartzea eta babes ekonomiko horren zenbatekoa eguneratzea, eskualdeko gainontzeko udalek egiten duten ekarpenarekin parekatuz.

Komunikabideko kideek ez ezik, 1.700 norbanakok, elkartek eta eragilek baino gehiagok bat egin dute aldarrikapen horiekin: besteak beste, ikastetxeek; zenbait jai kuadrillak; ELA, LAB eta ESK sindikatuek; Podemosen koordinakundeak eta Amurrioko EH Bilduk; zenbait enpresatako langile batzordeek; eta kultur elkarteek. Horiek horrela, elkarlanerako deia egin dute Aiaraldea Komunikabideko kideek: «Euskara egiazki biziberritzeko, Amurrioko Udalak elkarlana sustatu behar du gizarte zibilarekin eta bertako elkarte eta entitateekin, eta eskutik helduta aurre egin behar diogu gure hizkuntzak bizirik jarraitzeko aurrean duen erronka erraldoiari. Garaiz eta prest gaude horretarako».

Epe bat ere jarri diote udalari egin dizkioten eskaerei «erantzun positiboa» emateko: «Udan sartu berri gara, eta udazkenera arte —irailaren 21era arte, hain zuzen ere— itxarongo dugu erantzun positibo hori. Hala ez bada, pausoak eman beharko ditugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.