Iker Iraola Arretxe.

Aldaketa eta jarraipena, aurrez aurre

2024ko apirilaren 23a
05:00
Entzun

Aldaketa eta jarraipena izan ditugu aurrez aurre hauteskunde hauetan; eta, paradoxikoki, biak gertatu dira: joera luzeagoen ikuspegitik aldaketa sakonak azpimarratu behar dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoako errealitate elektoralean; eta hauteskunde emaitzek dakarten gobernagarritasunaren ikuspegi murritzagotik, egonkortasunak indar nahikoa eskuratu du.

Iazko udal eta foru hauteskundeetan eta Espainiakoetan gertatu ziren joerak berretsita gelditu dira: beheranzko joera moteldu duen arren, ziklo honetako apaltze joera izan du hauteskunde autonomikoetan ere EAJk: 2016an, botoen %37 eta 2020an %38 eskuratu zituen, eta, igandeko bozetan botoen %35 eskuratu dituzte. Beste aldean, EH Bilduk modu argiagoan berretsi du hauteskunde zikloaren goranzko joera: 2016an %21eko boto portzentajea eskuratu zuen, orain dela lau urte %27, eta igandean botoen %32.

Aldaketa, bada, ondokoa da: EAJk aurrez aurre hauteskunde nagusitasuna zalantzan jartzen dion indarra duela EH Bildu alegia. Eserlekuetan berdinduta gelditu dira, inoiz ez bezala, eta bi alderdien arteko aldea 28.800 boto ingurukoa izan da, jeltzaleen mesedetan. Baina boto alde hori oso modu desorekatuan banatu da herrialdearen arabera, eta hori izan da igandeko bozetako beste azpimarra bat: EH Bilduk, Gipuzkoan oso aise irabazteaz gain –botoen %40rekin–, Araban ere irabazi ditu boz autonomikoak. EAJk, ordea, Bizkaian soilik irabazi du, baina bertan ateratako boto aldea –60.000 ingurukoa– nahikoa izan zaio EAEn EH Bilduri gailentzeko. Edonola ere, Bizkaian ere koalizio subiranistak jeltzaleekiko tartea txikitu du: orain dela lau urte, jeltzaleek %18,5eko abantaila atera zuten, eta, igandean, %11 ingurukoa izan da.

A-21eko hauteskundeek EAJ bizkaitarragoa izan dute ondoriotzat, eta mendebalderantz indarrez zabaltzen ari den EH Bildu bat, eta bereziki azpimarragarria da koalizioak Araban eta Gasteizen lortutako emaitzak. Herrialde honetan aldaketa soziologiko sakonak gertatzen ari dira, eta igandeko emaitzak horien isla ere badira, neurri handi batean. Aldi berean, Ezkerraldean EAJ nagusitzea eta bigarren indarra –tartea modu nabarmenean txikituz– EH Bildu izatea aldaketa sakonen erakusle izan daiteke. Historikoki Alderdi Sozialista indartsu izan den eremuetan hirugarren postuan geratu da, Gipuzkoako inguru batzuetan ere gertatu den bezala (Irunen eta Errenterian, kasurako).

Alderdi Sozialistak botoetan gora egin du, boto portzentajean igoera oso apala izan bada ere (%13,5etik %14ra). Edonola ere, bere eserlekuak nahikoak izango dira EAJrekin batera koalizio gobernua berriz osatzeko, Alderdi Popularraren laguntzarik gabe. PPk ez du paper esanguratsurik izango legebiltzar berrian, botoen %10eko langa igaro gabe gelditu da; eta Espainian lehiakide duen Voxek eserlekuari eutsi dio. Ezker konfederalaren espazioa, azkenik, minimoetan gelditu da, ordezkari bakarrarekin, zatiketaren ondorioz zigor handia jasota eta espazio politiko hori, neurri batean, EH Bilduk bereganatuta.

Hauteskundeetako emaitzetan, bada, joera berriak nabarmendu dira, EAJren eta EH Bilduren arteko lehia estua berritasun nagusia izanik. Ikusteko dago aldaketa horrek zer isla izango duen legebiltzarreko jardunean, emaitzek jarraipena nagusitzeko aukera ematen baitute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.