Alberto Alonso sozialistak hartuko du Gogora-ren gidaritza Aintzane Ezenarroren ordez

Aintzane Ezenarro 2015etik izan da memoriaren institutuaren gidari, hura sortu zutenetik.

Aintzane Ezenarro Gogora-ko zuzendari izan da 2015etik, erakundea sortu zutenetik. ARITZ LOIOLA / FOKU
Aintzane Ezenarro Gogora-ko zuzendari izan da 2015etik, erakundea sortu zutenetik. ARITZ LOIOLA / FOKU
gurutze izagirre intxauspe
2024ko uztailaren 4a
10:15
Entzun

Eusko Jaurlaritza berria eratzeko prozesuan, bizikidetzari lotutako bulegoa eraberrituko da. EAJren esku zegoen lehen, eta PSE-EEren esku geldituko da orain, EAJk eta PSE-EEk egindako akordioaren arabera. Maria Jesus San Josek gidatuko du Justizia eta Giza Eskubideen Saila, eta haren mende dagoen Gogora institutuaren gidaritza ere alderdi sozialistako legebiltzarkide batek hartuko du: Alberto Alonsok.

Iragan legealdian, Alonso sozialisten eledun gisa jardun zen Eusko Legebiltzarrean, kultura, euskara eta ingurumen gaietan. Eginbehar hori Bergarako (Gipuzkoa) zinegotzi izatearekin bateratu du, alkatetzarako aurkeztu baitzen 2019tik 2023rako aldian. 2016tik 2020ra, Osalaneko zuzendari izan zen, eta San Joserekin batera egin zuen lan han.

Alonso Arabako zerrendan aurkeztu zen Eusko Legebiltzarrera, eta uko egingo dio aktari. PSE-EEko Arabako zerrendan hurrengoak hartuko du akta hori, Eltziegoko PSE-EEko zinegotzi Maria Ibañezek.

Ezenarro, institutua sortuz geroztik

Horrenbestez, Ezenarrok utzi egin beharko du Gogora-ren zuzendaritza. Iñigo Urkullu lehendakariaren gidaritzapean abiatutako institutua zen Gogora, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua, 2015ean.

Ezenarrok 2003an jauzi egin zuen politikara, Aralar alderdia sortu ostean, Getariako (Gipuzkoa) zinegotzi izanda. 2005etik 2012ra legebiltzarkide izan zen, harik eta Aralarreko zuzendaritzak hura eta Aralarreko beste bi legebiltzarkide alderditik bidali zituen arte. Bizikidetzarako lantalde bat eratzea onartu izanak piztu zuen Aralarreko hiru legebiltzarkideen eta alderdiaren arteko desadostasuna. Ezker abertzalea legez kanporatua zegoen, eta ez zuen ordezkaritzarik Eusko Legebiltzarrean.

Ezenarro Elkarri-n ibilia zen Jonan Fernandezekin, eta, 2013an, Fernandezek aholkulari izendatu zuen berak gidatzen zuen idazkaritzan, Bakearen eta Bizikidetzarenean. 2014an bulego horretan segitu zuen Ezenarrok, harik eta 2015ean Gogora institutua eratu zuten arte. Eginbehar horretan aritu da azken bederatzi urteetan.

San Josek «ziklo aldaketa» iragarri du

Gogora institutua Justizia Sailaren menpe egongo da, eta Maria Jesus San Jose sailburuak lehen aldiz hitz egin du publikoki. Haren esanetan, memoria eta bizikidetza arloan «ziklo aldaketa bat» izango da. Zehaztu du bere bide orria EAJren eta PSE-EEren arteko hitzarmen programatikoa izango dela.

San Josek Alonsoren ibilbidea balioetsi du, eta haren zorroztasuna nabarmendu. «Erabateko konfiantza dut harengan».

Esan du Eusko Jaurlaritzak konpromisoa duela memoria arloan zorroztasun historikoz aritzeko, «egungo ikerketak oinarri harturik». Haren irudiko, oinarri horretatik abiatuta aurre egin behar zaie gorroto diskurtsoei, bazterketari eta kultur homogeneotasunari. «Isiltasuna ezin da inoiz izan erantzuna. Gizarte heldu batek jakin behar du nola kudeatu iragan zikina».

ETAk 1974an egindako atentatu baten omenaldian egin ditu adierazpenok sailburuak. San Josek adierazi du biktimen mina eta haien esanahi politikoa aintzat hartu behar direla. «Bere proiektua inposatu nahi izan zuen erakunde batek hil zituen, zauritu, mehatxatu eta jazarri».

Gaineratu du egun ere jarraitu behar dela aldarrikatzen balio demokratikoak. «Euskadi ez dago guztiz txertatua gorrotoaren aurka». Haren ustez, oraindik ere gorroto ugari dago gizarte barruan. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.