Zordun handiak, gero eta gehiago

Hegoaldeko Ogasunen zordun handienen azken zerrendan 1.224 enpresa eta norbanako ageri dira, aurrekoan baino bederatzi gehiago. Lagilur eraikuntza enpresa atera egin da, 80 milioi itzuli dituelako.

Jabyer Fernandez eraikuntzako enpresaburua 2008ko irudi batean. Bera da Euskal Herriko zordunik handiena. MIGUEL TOÑA / EFE
Jabyer Fernandez eraikuntzako enpresaburua, 2008ko irudi batean. Bera da Euskal Herriko zordunik handiena. MIGUEL TOÑA / EFE
Iker Aranburu.
2024ko ekainaren 28a
13:00
Entzun

Pixka bat arindu da zordun handien zerrenda. Hego Euskal Herriko ogasunek 1.224 zordun handi zituzten 2023ko abenduaren 1ean, iaz baino bederatzi gehiago, baina diru gutxiago zor zuten: 1.292 milioi euro, urtebete lehenago baino 74 milioi gutxiago. Batez ere bi kasuk eragin dute jaitsiera hori, eta Gipuzkoakoak dira biak: Lagilurrek 80,2 milioi euroren zorra kitatu du, eta LH Commodities & Investmentsek, berriz, ia 23 milioirena.

Bizkaia

Bizkaiko Ogasunaren zerrendan 334 zergapeko ageri dira, aurreko urtean baino hamabost gutxiago, eta 593 milioi zor dituzte, hamalau gutxiago. Bigarren urtez 600.000 eurotik gorako zorra dutenak ageri dira zerrenda horretan, eta ez milioi batetik gorakoak, hasieran bezala.

Bizkaian dago Hego Euskal Herriko zordun handiena: Jabyer Fernandez eraikuntza sektoreko enpresaburua. Haren izenean 39,4 milioi euroren zorra azaltzen da, baina hari bizkarreratu behar zaizkio bere enpresa taldearen zorrak ere, eta ez dira gutxi: 62,7 milioi Hadibitek, 52,9 milioi Iurbenorrek, 40 milioi Residerek, 3,1 milioi Afer taldekoek... Hasiera apal batzuen ondorioz, Fernandezek eraikuntzaren inguruko inperio txiki bat egin zuen Bizkaian, eta, Bizkaiko Aldundiaren babes politikoarekin, etxebizitzak seriean eraikitzeko proiektu bat ere abiatu zuen, Hadibite izenekoa. Baina 2008ko krisiak lehertu egin zuen eraikuntzaren burbuila, eta harekin erori zen Fernandezen taldea.

Haren atzetik ageri da Alzola familia, 44 milioi euroren zor bateratuarekin. 2021eko zerrendan agertu zen lehen aldiz Ramon Pedro Alzola Earle, baina azken urteetan batu zaizkio haren arrebak Maria Blanca (11,6 milioi) eta Maria Iciar (7,9 milioi), eta Oilda eta Ramon Maria Alzola Quintanal anai-arrebak, 11,6 milioiren zorrarekin.

Zerrendaren goiko partean jarraitzen du Versus 07k, eta iaz baino milioi bat gehiago zor du (39,3 milioi), besteei bezala, zorrak atzerapenarekin ordaintzeak interesak handitu dizkiolako.

Han jarraitzen dute eraikuntzan porrot egindako beste enpresa batzuek —Moldis Echarro (20,4 milioi), Abaroa S.A. (18,2), Zorzal Siglo XXI S.L. (14,6 millones), Inversiones Inmobiliarias Erosten, S.L. (10,8)—, baina baita petrolio sektoreko hiru enpresa ere: GM Fuel Tank (37,9 milioi), Ballonti Oil (10,8 milioi) eta Jadash Petroleum (4,4 milioi). Baina zerrendatik desagertu da Derioko Garazi taldea (31 milioi).

Gipuzkoa

Gipuzkoak arindu du gehien bere zerrenda. Izenetan ez da alde handirik —84 dira, 2022 amaieran baino bi gutxiago—, baina bai, ordea, enpresa eta pertsona horiek ogasunari zor dioten kopuruan: 219 milioi dira, ehun milioi gutxiago. Horietatik 80 milioi zor zaizkio Lagilur eraikuntza enpresari, bere aspaldiko zorra kitatu baitu. Espainia hegoaldean, Mar Menor inguruan, Gipuzkoa Donostia Kutxarekin batera turismorako operazio handinahitsu bat abiatzeko sortutako enpresa izan zen Lagilur, baina baimenik ez zuten jaso, eta zulo handia utzi zien Kutxari berari eta Gipuzkoako Ogasunari.

Halaber ordaindu du bere zorra LH Commodities & Investments-ek (22,9 milioi), baina ez, ordea, eraikuntza sektoreko Jose Ramon eta Juan Miguel Osinalde Etxaniz anaiek (45,5 milioi). Azken hori, ordea, zor bakarra da, baina biak dira erantzule.

Ramon Vizcaino zenaren bi enpresen artean, 11,7 milioi euro zor dituzte: 6,2 milioi Tecfrindusek, eta 5,5 milioi Grupo Ramon Vizcainok.

Zerrendaren goiko postuetara igaro da berriz, Fagor Etxetresnak kooperatiba, hainbat urtez jaisten aritu ondoren, berriro igo egin baita: iazko zerrendan 5,4 milioi zor zituen, baina orain 14,5 milioi eskatzen dizkio Gipuzkoako Ogasunak.

Araba

Arabako Ogasunak gaur kaleratutako zerrendarekin jaitsi du zordun handien langa milioi bat eurotik 600.000 eurora, eta, hortaz, hamasei izen batu dizkio iazkoei. 53 dira orotara, eta 160 milioi zor dituzte (+28 milioi).

Baina goiburuak lehengo lepotik dauka burua. Ros Casares taldea eta haren bost enpresa daude erpinaren goialdean, baina hamar milioi murriztu dute zorra, 40 milioiraino, Gerosgarrek bere zorraren zati handiena itzuli ahal izan duelako.

Iraculis anaien porrot egindako enpresak ere zordun handiak dira. Andres Iraculisen Urco Urbasa eraikuntza enpresak 11,9 milioi zor dizkio, eta Andres Iraculis anaiaren Grupo Hotelero Urvascok, beste 1,3 milioi.

Zerrendaren goiko postuetan jarraitzen du Macario Gonzalez Sanchez ardogintzako enpresaburuak (5,7 milioi), eta beste norbanako bat batu zaio: Guillermo Ignacio Asarta, hamalau milioiren zorrarekin. Asarta Alaves futbol taldeko idazkaria izan zen, baina Eguren Vitoria etxetresnen banaketarako enpresaren porrotak eraman du leku horretara. Eguren Vitoriari berari 12,6 milioi euroren zorra leporatzen dio Arabako Aldundiak.

Nafarroa

Zerrenden artean luzeena da Nafarroakoa, 120.000 eurotik gorako zorra dutenak agertzen baitira. 653 dira, 33 atera baitira baina 43 sartu. 320 milioi euro zor zituzten 2023ko abenduaren amaieran, urtebete lehenago baino hamabi milioi gehiago.

Nafarroan ere, eraikuntzako porrotek hornitzen dituzte zerrendako lehen postuak —Urpasaren bi sozietate, Construcciones Flores, Nasipa, Prodinver...—, eta aukera gutxi dago diru hori berreskuratzeko. Esaterako, Construcciones Floresen sortzailea, Juan Bautista Flores, 92 urte zituela hil zen 2020an, eta haren enpresa likidazioan dago 2014az geroztik. Harenak dira 1970eko eta 1980ko hamarkadetan Iruñean egindako eraikin ospetsu batzuk, hala nola Nafarroako Kutxaren egoitza, Banco de Vasconiarena eta Mapfrerena.

Gabriel Urralburu
Gabriel Urralburu Nafarroako lehendakari ohia, 2005ean, parlamentuko ikerketa batzorde batean deklaratu zuenean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Baina Nafarroako zerrendan gehien nabarmentzen direnak politikariak eta kirolariak dira. Denen artean, Gabriel Urralburu lehendakari ohia (1984-1991) eta haren emazte Olivia Balda. Bien artean ia milioi bat euro zor dituzte.

Kopuru apalagoak zor dituzte Denis Mentxov eta Vladimir Karpets txirrindulari ohiek eta haien emazteek, eta Walter Pandiani, Krisztian Vadocz eta Pizo Gomez Osasunako jokalari ohiek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.