Volkswagen Rivianekin elkartu da, auto elektrikoak egiteko

VWek 4.650 milioi euro inbertituko ditu AEBetako autogile elektrikoan, haren softwarea erabiltzearen truke.

Rivian R1T furgoneta bat. ERIK S. LESSER / EFE
Rivian R1T furgoneta bat. ERIK S. LESSER / EFE
Iker Aranburu.
2024ko ekainaren 26a
13:05
Entzun

Batek dirua behar zuen, eta besteak teknologia. Dirua Volkswagenek dauka, eta auto elektrikoetarako teknologia, berriz, Rivianek. Ustekabean, iragarri dute bien arteko enpresa partekatu bat (joint venture) sortuko dutela.

Akordioaren bitartez, VWek 5.000 milioi dolar inbertituko ditu Rivianen, 4.650 milioi euro. Inbertsio horren truke, VWek AEBetako noranahiko eta furgoneta egilearen softwarea baliatu ahal izango du. Horretarako enpresa bat badu VWek, Cariad izenekoa, baina haren produktuak ez dira garaiz iristen ari, eta, horregatik, modelo berri batzuk atzeratu behar izan ditu Alemaniako konpainiak.

VW munduko autogile handienetan bigarrena da, Toyotaren atzetik, baina, inbertsio handiak egin arren, ibilgailu elektrikoetan atzerapen gero eta handiagoa du Teslarekin eta Txinako ekoizle berriekin alderatuta. Atzerapen hori bere patrika sakonekin estali nahi du VWek. Abenduan, Xpeng Txinako autogilearen %5 erosi zuen, 700 milioi euroren truke, eta harekin batera prezio eskuragarriko autoak merkaturatu nahi ditu.

35.000 euroko galera auto bakoitzeko

Beste egur bateko ezpala da Rivian. Noranahikoak eta AEBetan hainbesteko arrakasta duten pick-up motako furgonetak egiten ditu, premium mailakoak. Arazo bat dauka, ordea: batez beste 65.000 euroan saltzen ditu bere ibilgailuak, baina bakoitzeko 35.000 dolar inguru galdu, eta horrek bere kapitala xurgatu du. AEBetako antzeko autogile batek, Fisker izenekoak, porrot egin berri du, ez baitu bazkide indartsurik lortu.

Duela urte batzuk, ibilgailu elektrikoen sukarrak goia jo zuenean, Rivianek gehiago balio zuen burtsan VWek berak baino, baina haren akzioak bere balioaren %90 galdu du 2021az geroztik, argi geratzen ari baita ibilgailu elektrikoen hedapenari buruzko pronostiko baikorrenak ez direla beteko, batez ere AEBetan eta Europako Batasunean. Gainera, Mendebaldeko autogileek aurre egin behar diote Txinako autogile merkeagoen lehiari. Washingtonek eta Bruselak muga zergekin erantzun diote Pekinen lehiari.

VWek emandako diruarekin, Rivianek espero du produkzioa bizkortu eta handitu ahal izango duela. Georgia estatuan (AEB) lantegi bat eraikitzeko asmoa eten zuen martxoan, baina baliteke berreskuratzea. VWek, berriz, presentzia handiagoa izan nahi du AEBetan, Txinako merkatuan hango autogileen kaltetan izaten ari den merkatu galera konpentsatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.