Txinako auto elektrikoek bihartik aurrera ordainduko dituzte muga zerga handiagoak

Txinako ekoizleen «lehia desleialaren» aurkako neurria dela justifikatu du Europako Batzordeak, eta luzera begira on egingo diela EBko herritarrei.

Seres markako auto elektriko txinatarrak, Indonesiako azoka batean. BAGUS INDAHONO / EFE
Seres markako auto elektriko txinatarrak, Indonesiako azoka batean. BAGUS INDAHONO / EFE
Iker Aranburu.
2024ko uztailaren 4a
13:05
Entzun

Azken orduko negoziazioek eta Alemaniaren presioek ez dute eragin handirik izan, eta Europako Batzordeak ia %50era handitu ditu Txinako auto elektrikoek Europako Batasunean sartzeko ordaindu beharko dituzten muga zergak. Txinako eta Europako ekoizleen arteko «lehia garbi bat» egiteko hartutako neurria dela argudiatu du Bruselak, eta berretsi egin du Txinako autogintzak legez kanpoko diru laguntzei esker lortu duela prezio txikiagoak eskaintzea.

Muga zergak bihartik aurrera ezarriko dituzte EBren aduanetan, eta gaur egun indarrean daudenei (%10ekoa) batuko zaizkie. Muga zerga guztiak ez dira berdinak izango: %21eko muga zerga gehigarria ordainduko dute Bruselari ikerketan lagundu diotenek, eta %38,1ekoa lagundu ez dutenek. Hiru konpainia handik tasa propio bat izango dute: %17,4koa BYDk, %20koa Geelyk, eta %38,1ekoa SAICek.

Behin-behinekoak dira muga zerga horiek. Izan ere, EBko kideek dute eskumena muga zerga iraunkorrak jartzeko, eta erabaki bat hartu beharko dute azaroa baino lehen. Gutxienez, hamabost kideren ezezkoa behar da Batzordearen erabakia atzera botatzeko, baina, Alemania aurka egon arren, ez dirudi nahiko babes lortuko duenik Bruselaren erabakia atzera botatzeko.

Prezio artifizialki txikiak

Iazko urrian abiatu zuen Europako Batzordeak Txinako autoen inguruko ikerketa. Haren bitartez, neurtu nahi zutena zen auto ekoizleek neurriz kanpoko diru laguntza publikoak jasotzen ote zituzten eta horiei esker «prezio artifizialki txikiak» lortzen ote zituzten. Txinako autogileen kontuak aztertu ondoren, baiezkoa ondorioztatu zuen Bruselak, eta horregatik erabaki du muga zerga handiagoekin erantzun behar diola «lehia desleialari».

Erabakiaren berri ematean, Batzordeko bozeramaileak ukatu egin du Txinako autogileak Europako merkatutik kanporatu nahi dituztela, baina onartu du «luze gabe» neurri horrek auto elektrikoak garestitzea ekar dezakeela, Txinako auto elektriko merkeak ez direlako hain merkeak izango. «Baina, luzera begira, lehia garbia da biderik onena kontsumitzaileentzat».

Txinan autoak egin eta gero EBra eramaten dituzten ibilgailuei ere eragingo diete muga zergek. Horien artean daude AEBetako Tesla, Alemaniako BMW eta Frantziako Renault —azken horrek Txinan ekoizten du Dacia Sandero elektrikoa—. Azken bi horiek %21eko muga zerga ordainduko dute.

AEBek ere tarifen bidetik jo dute Txinako auto elektrikoen inportazioa zaildu eta ekoizle propioei elektrikorako trantsizioan laguntzeko, baina urrunago joan da Joe Bidenen gobernua, %100eko muga zerga ezarri baitie.

Fabrikak Europan

Muga zergak handitu izanak ez ditu ustekabean harrapatu Txinako ekoizleak, eta dagoeneko hasi dira moduak bilatzen traba hori gainditzeko. Horrenbestez, haietako hiruk dagoeneko abian dituzte ekoizpenaren zati bat Europan egiteko proiektuak: Cheryk kontratu bat sinatu du Ebrorekin, Bartzelonan auto lantegi bat egiteko, Nissanek bere garaian okupatutako lekuan; BYD Hungarian lantegi bat eraikitzen ari da, ekoizpena datorren urtean hasteko asmoarekin; eta Leapmotorrek modelo batzuk egingo ditu Stellantisek Tichyn (Polonia) duen lantegian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.