Txinak erretiroaren adina atzeratu du, langile kopurua handitzeko

Gizonezkoen erretiro adina 63 urtera atzeratuko da, eta 55 eta 58 urtera, berriz, emakumeena. Seme-alaba bakarraren politikak asko bizkortu du biztanleriaren zahartzea.

Familia baten hiru belaunaldi, Shanghaiko parke batean. ALEX PLAVEVSKI / EFE
Familia baten hiru belaunaldi, Shanghaiko parke batean. ALEX PLAVEVSKI / EFE
Iker Aranburu.
2024ko irailaren 14a
18:25
Entzun

Lehentasunak aldatu ditu Txinako Gobernuak. Berrogei urtez biztanleriaren hazkundea kontrolatu nahian aritu ondoren, zahar asko eta gazte gutxi dituen gizartea dauka, eta orain bere helburu nagusia da gainera datorkion langile eskasiari aurre egitea. Beste leku askotan saiatutako irtenbide bat bilatu du: erretiroaren adina atzeratzea.

2025eko urtarrilean hasiko den hamabost urteko prozesu batean, gizonen erretiroaren adina 60 urtetik 63ra igaroko da, bulego lanak egiten dituzten emakumeena 55etik 58ra, eta industrian aritzen diren emakumeena 50 urtetik 55era.

Neurri handi batean seme-alaba bakarraren politikaren ondorio da Txinako biztanleriaren zahartzea. 1950etik 1980ra biztanleria bikoiztu ondoren, Pekin beldur zen gainpopulazioa herrialdearen garapen ekonomikoarentzat traba izango ote zen, eta horregatik seme-alaba bat baino gehiago izateko debekua ezarri zuen, 1979an.

Salbuespen asko zituen lege horrek —besteak beste, ez zien landa eremuei eragiten, ezta talde etniko txikiei ere—, baina bere helburua bete zuen, biztanleriaren hazkundea moteldu egin zelako, eta 2020rako erabat gelditu.

Txinako Gobernuak 2016an utzi zuen seme-alaba bakarraren politika, eta 2021ean muga guztiak ezabatu zituen. Urte horretan jo zuen goia Txinako biztanleriak, 1.412 milioi biztanlerekin, eta 2022an eta 2023an apur bat jaitsi zen. Tarte horretan Indiak gainditu zuen munduko herrialderik jendetsuenaren sailkapenean. Orain, politika natalista bati ekin dio Pekinek, eta garai batean debekatzen zuena sustatzen du, baina apenas duen arrakastarik, gizartea asko aldatu delako.

Pentsio txikiak

Biztanleriaren hazkundea kontrolatzeaz gain, alboko beste eragin bat izan du seme-alaba bakarraren politikak: haur faltaren ondorioz, biztanleria inon baino bizkorrago zahartu da, eta zahartze hori bizkortu egingo da hurrengo hamarkadetan. Gaur egun erretiratu bakoitzeko lau langile daude, baina bat eta bat izango dira mendea bukatzen denerako.

Erretiroaren adina atzeratzea jarduera ekonomikoa bizkortzeko modu bat ere bada, erretiratuek langile aktiboek baino askoz gutxiago kontsumitzen dutelako. Arrazoietako bat da pentsio publikoak oso txikiak direla: landa eremuetan batez besteko pentsio publikoa 210 yuan ziren 2021ean (22 euro), eta hori halako bi hiriguneetan.

Pentsio publikoaz gain, enplegatzaileek ordaindutako pentsioak eta pentsio plan pribatuak daude, baina horiek batez ere hirietan bizi direnek jasotzen dituzte, landa eremuetan batez ere ohikoa zelako seme-alabak arduratzea gurasoez horiek erretirora iritsitakoan. Gero eta gehiago dira, ofizialki erretiroa hartu duten arren, lan informaletan aritzen direnak.

Gobernuak bere gastuaren lehentasunak ere aldatu beharko ditu. Azpiegiturak handitzea eta eraikitzea izan du xede nagusia azken urteetan, baina gero eta gehiago gastatu beharko du pentsioetan eta osasunean.

%83

Adinekoen portzentajea. Iaz, 65 urtetik gorakoak 15-64 urte artekoen %21 ziren Txinan. Gaur egungo joerarekin, 2050erako %52 izango dira, eta, mendea bukatzen denerako, 2100erako, %83 izango dira. AEBetan, berriz, %27tik %55era da haztekoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.