Sunsundeguik ez ditu Volvoren bi modelo berriak egingo

Altsasuko lantegiaren egoera ekonomiko «kezkagarria» argudiatu du Suediako multinazionalak. Harreman komertzialari eutsiko diote.

Maria Txibite Nafarroako lehendakaria, iazko urrian Sunsundeguiren lantegira eginiko bisitan. BERRIA
Maria Txibite Nafarroako lehendakaria, iazko urrian Sunsundeguiren lantegira eginiko bisitan. BERRIA
jokin sagarzazu
2024ko uztailaren 4a
15:30
Entzun

Kolpea Sakanako (Nafarroa) industriarentzat. Volvo Bus Suediako enpresak bertan behera utzi du Altsasuko Sunsundeguiren lantegian bi autobus modelo berri egiteko egitasmoa. Horrekin Sunsundeguik egun duen ekoizpen ahalmena eta enplegatu kopurua bikoiztea aurreikusten zuen —300 inguru gaur egun–.

Modelo berriak aurten produzitzen hastea zen haren asmoa, eta lehen modeloak 2025ean merkaturatzea. Baina azkenean ez da hala izango. Suediako multinazionalak atzera egin du, «Sunsundeguirekin adostuta», egitasmoa «konplexuegia» dela iritzita, eta aurrera egiteko behar zituzten baliabide ekonomiko eta profesionalak «aurreikusitakoak baino nabarmen handiagoak» direlako.

Sakanako autobus ekoizleak garai zailak igaro ditu azken hamar urteetan. Autobusentzako karrozeriak egiten ditu. Volvorekin lankidetzan ari da 1990eko hamarkadatik. Bi modelo berriak egiteko akordioa iazko maiatzean egin zuten. Nafarroako Gobernuak estrategikotzat jo zuen egitasmoa, eta, urte amaieran, Sodena sozietate publikoaren bitartez lau milioi euroko mailegu bat ematea onartu zuen parlamentuak.

Aurtengo maiatzean, Volvoko arduradunak Iruñean izan ziren, eta proiektua bide onetik zihoala adierazi. Hilabete lehenago, Sodenaren sei milioi euroko beste mailegu bat jaso zuen Sunsundeguik, egitasmoa bideragarri egiteko. Orain, ordea, Suediako multinazionalak balazta zapaldu du, Altsasuko enpresaren egoera ekonomiko «kezkagarriagatik» eta inbertsioa handiegia zela argudiatuta.

Lasaitasun mezua

Albiste txarra da langileentzat eta eskualdearentzat. Mikel Irujo Nafarroako Industria kontseilariak lasaitasun mezua eman du: nabarmendu duenez, finantza arazoak izanagatik ere, lantegiak bermatua du bideragarritasuna, eta berretsi du gobernuaren laguntza jasoko duela, «gaur egun duen egoera delikatuari aurre egiteko».

Sindikatuek adierazi dutenez, bi autobus modelo berriak egiteko proiektua bertan behera geratu arren, Sunsundeguik talde suediarrarentzat lan egingo du aurrerantzean ere, eta lan kargak handitzeko konpromisoari eutsi dio.

Sunsundeguiren gihar falta da Volvoren argudio nagusia. Eta hala berretsi du irujo kontseilariak ere. «Egoera finantzarioa oso delikatua da oraindik ere». Azken urteetan laguntza publiko handiak jaso ditu. Hondoa jotzear ere egon zen Atzeraldi Handiaren osteko urteetan, baina 2011n Sodena enpresa publikoak erreskatatu zuen, 35 milioi eurotik gorako inbertsioa eginez eta jabetzan hartuz. 2013an, zuzendaritza taldea egin zen akzioen %51ren jabe, eta orduko langileek beste %49 erosi zuten. Ondoren ere laguntza publikoari esker egin du aurrera. Pandemiaren osteko krisiak gogor jo zuen enpresa, eta nabarmen txikitu eskaera zorroa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.