Siemens Gamesak ez du zehaztu zenbat langile kaleratuko dituen Euskal Herrian

Sindikatuekin eginiko lehen bileran ez du eman enplegu erregulaziori buruzko xehetasunik. Hilaren 24an bilduko dira berriz.

Siemens Gamesak Zamudioko parke teknologikoan duen egoitza. LUIS TEJIDO / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2024ko irailaren 10a
17:05
Entzun

Egun batzuk itxaron beharko dira Siemens Gamesak Euskal Herrian zenbat langile kaleratuko dituen jakiteko. Gaia jorratzeko asmoz sindikatuekin —ELA, CCOO eta UGT— Madrilen eginiko lehen bileran, enpresa horrek xehetasun gutxi eman ditu egin asmo duen enplegu erregulazioaren inguruan. Lehen hartu-emana formalismo hutsa izan da, enplegu mahaia delakoa osatu eta bilera egutegia zehaztekoa. Hurrengo bilera hilaren 24an izango da; ziur asko, Zamudioko egoitza nagusian (Bizkaia).

Siemens Gamesak mundu osoan 4.000 langile kaleratzeko asmoa du, eta, gaur hasi den negoziazio epean, Euskal Herriko eta Espainiako bulegoko langileei eragingo dien erregulazioa izan dute mahai gainean. Zabaldu denez, Euskal Herriko eta Espainiako 430 bulego langile inguru kaleratu nahi ditu. Euskal Herrian, egun, 2.100 langilek dihardute Siemens Gamesaren bulegoetan: 1.600 Sarrigurenen (Eguesibar, Nafarroa) eta 500 Zamudion.

«Oso argi dugu Gamesan ez dagoela inor sobera. Siemens Energy berak esan du langileak behar dituela»

IRATI BAÑUELOSELAren Nafarroako industria federazioko arduraduna

Bileran xehetasun gutxi eman arren, enpresak sindikatuei jakinarazi die langile horiek birkokatzeko asmoa duela, baina ez du argitu non edo nola. Erregulazio txosten hori gauzatuko balitz, 2017az geroztik eginiko seigarrena litzateke, eta, aurrekoak ikusita, bi hilabete inguruko prozesua izan daiteke. Iaz, 231 langile kaleratu zituen Espainiako eta Euskal Herriko plantetan —Mungian (Bizkaia) eta Asteasun (Gipuzkoa) ekoizpen plantak ere baditu—.

Sindikatuei dagokienez, ELAk bere jarreraren berri eman du, eta Irati Bañuelos Nafarroako Industria Federazioko arduradunak aurreratu du ez dutela kaleratze bakar bat onartuko: «Uste dugu Gamesan ez dagoela inor sobera; are gutxiago, Siemens Energy enpresako jabeak publikoki esan duenean langileak behar dituela. Siemensen Energyn lana badago». Bañuelosek gehitu du ez datozela bat enpresaren argudioekin, eta gogoratu du Siemens Gamesak galerak izan dituen arren Siemens Energyk aurten irabaziak izan dituela.

2.100

Bulegoetako langileak Euskal Herrian. Erregulazio honek 400ik gora Euskal Herriko eta Espainiako bulego langileri eragingo die. Baina zenbat daude guztira Euskal Herrian? 2.100 inguru: 1.500 Sarrigurenen (Nafarroa) eta 500 Zamudion (Bizkaia).

Siemens Gamesak, izan ere, garai latzak bizi ditu. Azken bederatzi hilabeteetan, 1.200 milioiren galerak baino gehiago pilatu ditu, baina, hala ere, odolustea iazkoa baino %66 txikiagoa da. Dena den, eta zenbaki horiek zama handia diren arren, Siemens Energy enpresaren matrizeak 1.477 milioi euro irabazi ditu aurten. Are gehiago, Siemens Gamesa da aurten galerak izan dituen enpresa adar bakarra. Sindikatuek zenbaki horiei erreparatzen diete multinazionalaren egoera ekonomiko ona aipatzean.

Arazo teknikoak, konponduta

4.X eta 5.X turbinekin izandako arazo tekniko ugariak dira azken bi urteetako krisi latzaren arrazoietako bat. Siemens Gamesak etorkizunerako bere produktu gailen gisa merkaturatu zituen, baina berehala iritsi ziren bezeroen kexak. Hainbesterakoa izan zen hondamendia, Alemaniako gobernuak Siemens Energy erreskatatu behar izan zuen iaz —azken hamabi hilabeteetan akzioen salneurria %106 igo da—. 7.500 milioi euroko berme bat eman zion, eta konpainiak beste hainbeste eskatu zien bankuei.

Siemensek, baina, etorkizunera begiratu nahi du, eta, haien bozeramaileen ustez, arazo tekniko horiek iragana dira. Jakinarazi dutenez, hamabi hilabeteko ikerketa lan sakon bati esker arazoak konpondu dituzte, eta 4.X turbinak berriz ere merkaturatzeko prest daude. Markak prestigio galera izan du, eta horren aurkako borrokan dabiltza, eta «ohiko merkatuak» berreskuratu nahi dituzte.

ERROTA EOLIKOA
Siemens Gamesaren haize errotak, Alaitz mendian. GURUTZ BEGOÑA

Alde horretatik, baikorrak dira, eta lehen kontratuak aurten lortzea espero dute eskaintza lehiakorrei esker. Eskaria jaso eta entregatu arteko epea hamabi hilabete ingurukoa izaten da, eskaria jaso hala jartzen baitira harremanetan hornitzaileekin. Oreka fiskala, aldiz, 2026. urtean lortzea espero du enpresak.

Siemens Gamesak, esaterako, betidanik izan du harreman ona Iberdrolarekin, eta begiz joak ditu hark bultzaturiko parke eolikoak. Esaterako Iberdrolak Aixeindar elkartearen %60 du, eta hark Euskal Herrian eraiki nahi dituen parkeak —Labraza (Araba), Azazeta (Araba)... — hornitu ditzake. Aixeindarren beste %40 Energiaren Euskal Erakundearena da, eta hark ere begi onez ikusiko luke Siemens Gamesaren errotak instalatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.