Shein eta Temuri ere muga zergak jarri nahi dizkie Bruselak

Gaur egun, 150 euro baino gutxiagoko bidalketetan ez dute zergarik ordaintzen.

AMAZON
Interneteko plataforma batean erositako produktu bat, logistika zentro batean. ALEJANDRO GARCIA / EFE
jokin sagarzazu
2024ko uztailaren 3a
13:15
Entzun

Europako Batzordea proposamen bat lantzen ari da EBtik kanpoko Interneteko plataformetan erositako produktu merkeei muga zergak jartzeko. Bruselak bereziki begiz jo ditu Txinako txikizkako saltzaileak; hala nola Aliexpress, Temu eta Shein, baina neurria EBtik kanpoko merkataritza elektronikoko plataforma guztiei aplikatuko lieke, Financial Times egunkariak jakinarazi duenez. EBn, gaur egun, 150 eurotik beherako inportazioetan ez da muga zergarik ordaintzen, eta horri esker plataforma horien salmentak izugarri handitu dira azken urteetan.

Ikusteko dago neurria hartzeko adostasun nahikorik ba ote dagoen estatu kideen artean. Haietako batzuk jada kritiko agertu dira, produktu kantitate handi bati ezarri beharko litzaiokeelako muga zerga berria eta horrek mugetan eta aduanetan lan karga handia eragingo lukeelako.

Txinak ekoitzitako auto elektrikoei ezarritako muga zerga berriari eta beste neurri protekzionista batzuei gehituko litzaieke neurri hau. AEBetan ere zerga salbuespena dute balio txikiko produktuen inportazioek, baina hainbat lege proiektu daude Kongresuan hori aldatzeko. Bruselak uste du enpresa horiek Pekinek ematen dizkien diru laguntza publikoez baliatzen ari direla beren bidalketak egiteko eta gastuak murrizteko.

Azkenaldian izugarri zabaldu da Temu eta Alibaba taldeko plataformek saltzen dituzten produktu merkeen kontsumoa. Arroparen merkatuan Shein nabarmendu da, eta merkatu kuota handia kendu die Europako ekoizleei, hala nola Inditex taldeari . AEBetako Amazon ere aztertzen ari da antzeko plataforma bat sortzea produktu txiki edo merkeentzat. Dena den, gogoratu behar da Amazonek, egoitza AEBetan duen arren, EBren barruan egoitza duten saltzaileak eta bidalketa puntuak erabiltzen dituela, eta, printzipioz, horri esker saihestu egingo lukeela muga zerga berria.

Europako Batzordearen arabera, iaz EBra 150 euro baino gutxiagoko kostua zuten 2.300 milioi produktu inguru inportatu ziren Internet bidezko mota horretako plataformen bidez.

Auto elektrikoenak, bihartik aurrera

Ostegunean indarrean sartzekoak dira %17,4tik %38,1era bitarteko muga zergak Txinan ekoitzitako eta EBra inportatutako auto elektrikoentzat, Europako enpresek Txinan ekoitzitako modeloak barne.

Europako Batzordeak dio neurria beharrezkoa dela Pekinek herrialde hartan auto elektrikoek ekoizten dituztenei ematen dizkien diru laguntza publikoak konpentsatzeko eta Europako industria defendatzeko. Dena den, EBko fabrikatzaile batzuk neurriaren aurka azaldu dira.

Izan ere, ekoizle horietako batzuek Txinan egiten dituzte beren ibilgailu elektrikoak, eta Pekinen diru laguntzak jasotzen dituzte. Horiek ere muga zerga berriaren eragina jasango dute; batez ere, Errumaniako Daciak — Frantziako Renault taldearena — eta Alemaniako BMWk. Europako Batzordearen ikerketa baten arabera, bi marka horietako autoek %21eko zerga izango dute.

Aldiz, mundu osoan auto elektriko gehien saltzen duen markak, Txinako BYDek, %17,4koa ordainduko du, hark jasotzen dituen laguntzak txikiagoak direlako. Muga zerga handiena, %38,1ekoa, Volkswagen Alemaniako taldeko bazkide den SAIC txinatarrak ordaindu beharko du. Hala ere, Europako Batzordeak zehaztu du SAIC-Volkswagen enpresa bateratuak ez duela EBko merkaturako ekoizten.

Volkswagen, BMW eta Mercedes-Benz auto markak eta Bosch, Continental eta ZF Group hornitzaileak biltzen dituen VDA elkarteak Bruselaren erabakia kritikatu du. Neurriak Alemaniako esportazioei kalte egin diezaiokeela ohartarazi du. Gaur egun, Txina da Alemaniako hornitzaileen esportazioen lehen bezeroa eta Alemaniako autoen hirugarren merkatua, AEBen eta Erresuma Batuaren ondoren. VDAk azpimarratu duenez, 2023an, Alemaniako ekoizleek Txinako markek baino 10 aldiz auto elektriko gehiago saldu zituzten Txinan, eta auto mota guztiak kontuan hartuz, 100 aldiz gehiago.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.