Nafarroako ekonomiaren hazkundea bizkortu egin zen urte hasieran

2024ko lehen hiruhilekoan %0,9 hazi zen, kopururik handiena 2022ko hasieraz geroztik. Nastaten arabera, zerbitzuak izan dira motor nagusia, eta ostalaritza haien artean.

Ostalaritzan hazi da gehien balio erantsia eta enplegua. IDOIA ZABALETA / FOKU
Ostalaritzan hazi da gehien balio erantsia eta enplegua. IDOIA ZABALETA / FOKU
Iker Aranburu.
2024ko ekainaren 25a
12:45
Entzun

Nastaten datuek adierazten dute suspertze betean dagoela Nafarroako ekonomia. Estatistika erakundearen arabera, 2024ko lehen hiru hilekoan %0,9 hazi zen barne produktu gordina, 2023ko azken hiruhilekoarekin alderatuz gero. Duela aste batzuk aurreratutakoa baino hamarren bat gehiago da, eta kopururik handiena 2022ko hasieratik.  

Hamarren bat hobetu da urte arteko datua ere: 2023ko lehen hiruhilekoan baino %2,1 handiagoa da orain BPGa Nafarroan. Datu horrek egiaztatzen du moteltzeari utzi diola ekonomiak, aurreko hiruhilekoan %1,5ekoa izan baitzen hazkundea.

Zerbitzuena da gehien indartzen ari den sektorea (%2,4, urte arteko tasan), eta, horren barruan, ostalaritza eta merkatuko beste zerbitzuak nabarmendu ditu Nastatek. Baina hori bezain esanguratsua da industriak ekarpen positiboa egin diola hazkundeari, -%0,7tik %1,3ra igaro baita. Halaber, eraikuntza sendotu egin da, %1,3tik %2,1era igarota.

Eskariari erreparatuz gero, kontsumo pribatua da ekonomiaren motorra, %3,2 hazi baita azken urtean, kontsumo publikoaren (%2,2) eta inbertsioaren gainetik (%1,3). Kanpo sektoreak, berriz, ekarpen negatiboa egin du, esportazioen jaitsieraren ondorioz.

Enplegua ere hasieran esandakoa baino hamarren bat gehiago hazi da, %2raino. Lanpostu gehien merkatuko zerbitzuetan sortu da (+%2,7), baina hazkundea izan da industrian (+%1,2), nekazaritzan (+%0,6), eta baita eraikuntzan (%0,4) ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.