Madrilek zigorrak handitu nahi dizkie lanaldia murrizten ez duten enpresei

Aurten asteko 38,5 ordura laburtu nahi du asteko lanaldia, eta 37,5era hurrengo urtean. Ordutegien erregistro digitala ezarri nahi du, eta haren sarbidea eman lan ikuskaritzari.

Espainiako Lan Ministerioko buruak, lanaldia murrizteko negoziazioetan. EFE
Espainiako Lan Ministerioko buruak, lanaldia murrizteko negoziazioetan. EFE
Iker Aranburu.
2024ko ekainaren 24a
16:20
Entzun

CCOO eta UGT sindikatuek ontzat hartu dute lanaldia laburtzeko Espainiako Gobernuak helarazitako zirriborroa, baina testuari aldaketa batzuk egin nahi dizkiotela jakinarazi diote. Bere testuan, Lan Ministerioak proposatu du aurten asteko gehienezko lanaldia 40 ordutik 38,5era jaistea, eta 37,5 ordura, berriz, 2025ean. Araua betetzen ez duten enpresek langile bakoitzeko 10.000 eurorainoko isunak ordaintzea nahi du.

Ostiralean jaso zuten CCOO eta UGT sindikatuek gobernuaren testua, eta gaurko bileran egin dute lehen balorazioa. Batek zein besteak esan dute uztailerako itxi nahi dutela gaia. CEOE patronalak ez du negoziazioan parte hartu nahi izan; haren eskaeretako bat —aparteko lanorduak luzatu ahal izatea— baztertu egin du gobernuak, eta ohartarazi dio uztailaren 1erako proposamenik egiten ez badio erreforma sindikatuekin soilik negoziatuko duela.

Yolanda Diaz Lan ministroaren taldeak egindako proposamenak aurrera egiten badu, aldaketa sakonak izango dira orduen erregistroan, gobernuak tresna hori baliatu nahi baitu lanaldia murriztea lortzeko. Duela bost urte sartu zen indarrean lan ordutegien erregistroa, baina orain arte haren kontrola oso lausoa izan dela aitortu dute alde guztiek, eta iruzur egiteko aukera handiak ematen dituela. Arazo hori gainditzeko, erregistro hori digitala izango da, eta, hartara, sarbidea izango dute langileek eta sindikatuek ez ezik baita lan ikuskaritzak eta Gizarte Segurantzak ere.

Zigor handiagoak

Erregistro horretan, agertu beharko da langilea noiz sartu den lanera eta noiz irten den. Asteko 37,5 orduetatik landa egindako ordu guztiak aparteko ordutzat joko dira, eta hala ordaindu beharko dira.

Zirriborroak handitu egiten ditu lanaldia ez betetzeagatik enpresak ordaindu beharreko zigorrak. Lege haustea gertatu den langile bakoitzeko, gutxienez mila euro eta gehienez hamar mila pagatuko dituzte, larritasunaren arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.