LABek «batzorde ekosozialak» sortzeko eskatu du, industria trantsizioa bideratzeko

Sindikatu subiranistak nabarmendu du sektore kutsatzaileen birmoldaketa zehatz planifikatzen bada enplegu iturri izan daitekeela.

LABek Sestaoko labe garaien aurrean eginiko ekitaldia. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
LABek Sestaoko labe garaien aurrean eginiko ekitaldia. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2024ko ekainaren 24a
16:50
Entzun

LAB sindikatuak industriak «ezinbestean» jasan beharko duen trantsizio ekosozialera egokituriko politikak eskatu dizkie Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari. Aldarrikatu du plan zehatz bat behar dela industriaren sektore kutsatzaileetan birmoldaketa hori egiteko, eta erakundeek oraindik ez dutela egin. Are gehiago, gehitu du prozesua behar bezala planifikatzen bada enplegu berria sor daitekeela, baina ezinbestekotzat jo du esku hartze publikoa indartzeko beharra. Ildo horretan, figura baten sorrera eskatu du prozesua kontrolatzeko: «Batzorde ekosozialak».

LAB sindikatuak Sestaon (Bizkaia) egin du bere analisia, zutik gelditzen den labe garai bakarraren aurrean. Cris Gete Industria Federazioko idazkariak jarri dio hitza, eta eskaera zuzena egin die erakundeei. «Industrian epe laburrean eta ertainean ezinbestean gertatu behar diren eraldaketak prestatu egin behar dira; betiere merkatuetatik eta langileen interesetan». Izan ere, ohartarazi du prozesua multinazional eta inbertsio funtsen esku utziz gero deskarbonizazioa «enplegu galeraren», «prekaritatearen» eta «industria ehunaren desegitearen» sinonimo izango dela.

LABen ustez, esku hartze publikoa indartu behar da, baina ez «kolaborazio publiko pribatua deritzonaren» bidetik

LABen arabera, erakundeei eskatu dien plana ehun hori babesteko pauso bat da: «Sektore batzuk nola deskarbonizatu behar diren definitu behar da, enpleguan ondorio traumatikoak ez izateko».

Horregatik, nabarmendu du esku hartze publikoa indartu behar dela, «kolaborazio publiko pribatua deritzona» amaituta. Sindikatuaren ustez, ez da bidezkoa inbertsio pribatua suspertzea enpleguari eta lan baldintzei lotutako inolako baldintzarik gabe.

Funts publikoek bi helburu bete behar dituztela ere adierazi du: batetik, «trantsizio ekosoziala gertatuko dela bermatzea», eta, bestetik, «sektorearen subiranotasuna eta erabakitzeko gaitasuna areagotzea». Hala ere, langileen parte hartzea bermatu behar dela gehitu du, eta tokian tokiko «batzorde ekosozialak» osatzea ezinbestekotzat jo du, zeinak eginkizun zehatzak izango baitituzte: «Sektorea eraldatzeko proposamenak zehaztea, lan gatazketan bitartekaritza egitea eta esku hartze publikoa behar duten enpresentzat planak gauzatzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.