Industria aeroespaziala, igoera betean

Hegan aeronautika eta espazioko klusterreko enpresetan enplegua %7,8 handitu zen iaz, eta fakturazioa, %24. Prakak bete lan daude sektorean, baina zailtasunak dituzte profesionalak lortzeko.

Ricardo Txokarro, Ana Villate eta Jose Julian Etxebarria, Hegan klusterreko buruak, gaur Elgoibarren. GORKA RUBIO / FOKU
Ricardo Txokarro, Ana Villate eta Jose Julian Etxebarria, Hegan klusterreko buruak, gaur, Elgoibarren. GORKA RUBIO / FOKU
Irune Lasa.
2024ko ekainaren 21a
17:30
Entzun

Pandemiak eragindako kolapsoa gainditzeko balio izan dio 2023. urteak aeronautika sektoreari. Hala erakusten dute Hegan industria aeroespazialeko euskal enpresa nagusiak biltzen dituen klusterraren datuek: berreskuratu eta gainditu egin direla 2019ko enplegu eta fakturazio datuak. Enplegua %7,8 handitu da elkarteko konpainietan, 15.396 langileraino, eta fakturazioa %24, 2.882 milioi euroraino.

Hartara lau urte behar izan ditu sektoreak pandemiaren kolpe handia gainditutzat jotzeko. 2020. urte hartan, zartakoa izugarria izan zen: Heganeko bazkideen salmentak %30 murriztu ziren, eta enpleguaren %10 galdu zen. 

Baina, iazko gorakada horretatik abiatuta, euskal industria aeroespazialean 2024koa «hazkunde errealeko» lehen urtea izango dute; hots, pandemia aurreko kopuru gorenetatik gora ibiliko dira. Hegaldi horretarako iragarpenetan laino beltzak egon badaude, baina aurreikuspenak ikusgarriak dira sektorearentzat.

Ana Villate Heganeko zuzendariak azaldu du nola Airbusen eta Boeingen kalkuluen arabera hogei urte barru orain halako bikoa izango den hegazkin komertzialen munduko flota: «Gaur egun 24.000 hegazkin daude, eta 48.000 izango dira 2042an. Aurreikusten dute 42.000 hegazkin berri beharko direla». 

Espazioaren alorrean ere izango da lanik; «badirudi jarduera orokorrak etengabe egingo duela gora», esan du Villatek, Euroconsult aholkularitzaren aurreikuspenak eskainiz: «Hamar urteren buruan, ia 30.000 satelite jaurtiko dira, eta, beraz, hirukoiztu egingo da orbit.ing.now.com webguneak gaur egun segitzen dituen 10.000 gailuen kopurua».

Zailtasunak

Defentsaren alorrean, berriz, Europako Batasunean aurreikusten diren gastuek ere lana emango diete Heganeko bazkide batzuei. «Tamalez; inork ez baitu gerrarik nahi. Azkenean ikusten da segurtasunaren eta defentsaren inguruko sentsibilizazio bat badagoela, nazioek eta politikariek bide hori hartzera bultzatzen duena. Europan, gainera, badago NATOrekiko menpekotasunarekin kezkatuta dagoen korronte bat, defentsa sektorea indartu behar dela uste duena», azaldu du Jose Julian Etxebarriak, orain arteko Heganeko presidente eta Sener konpainiako Aire, Espazio eta Defentsako zuzendari nagusiak. «Edonola ere, gerrak ez du berehalako eragin zuzenik izaten Heganeko bazkide diren enpresetan. Programa gehiago abiatzen dira, hori egia da, baina oso luzera begirakoak izaten dira».

Heganeko enpresentzat, «zalantzarik gabe, garai ona» dela azpimarratu du Etxebarriak. Hori bai, inbertsioak berreskuratzeak eta ekoizpena bizkor hazteak badu bere ifrentzua dute. «Hornikuntza kateetako tentsioa handia da oraindik. Eskari handiak prezioak garestitu ditu, eta material jakin batzuen hornikuntzan atzerapenak eragin».

Osagai elektronikoen hornikuntza izan da Etxebarriak aipatutako tentsioetako bat: «Eskaria izugarria da, eta ez dago nahikoa eskaintzarik». Senerreko buruak esplikatu du nola espazioko alorrean osagai oso espezializatu batzuen faltak bikoiztu egin ditzakeen entrega epeak. «Eta epeak bikoizteak esan nahi du agian 48 asteko epea bikoiztea; bi urteri buruz hitz egitea».

Heganeko enpresen beste kezka handia talentuarekin lotuta dago. «Balio erantsiko sektore guztietan orokortua dago kezka hori», esan du Etxebarriak, eta arazoa areagotzen ari dela ohartarazi. «Lehendik ere ari ginen kezka adierazten; ez zegoela bokazio goiztiarrik, zailtasunak zeudela langileak erakartzeko, lotzeko eta atxikitzeko. Baina orain erronka handia bihurtu da: bazkideak maila guztietan, ingeniaritza eta lanpostu teknikoetan, ari dira zailtasunak izaten profesional kopuru egokia betetzeko».

Presidente berria

Etxebarriak gaur utzi du Heganeko presidente kargua, aulkian bi urte egin ostean, eta haren lekukoa Ricardo Txokarro Aernnovako kontseilari ordezkariak hartu du, klusterrak gaur Elgoibarren egindako batzarraren babesarekin.

Txokarrok esplikatu du aire trafikoak pandemia aurreko kopuruak gainditu dituela. «Baina hegazkin komertzialen ordu hartako ekoizpen kopuruen azpitik gaude oraindik, batez ere hornikuntza kateak ez direlako gai izan eskariaren erritmoari erantzuteko. Horren ondorioa da eskari zorroak handitzen ari direla». 

datuak

10

Airbusen eskari zorroa urteetan. Ricardo Txokarrok eman du datua, gaur egun Airbusek 8.700 aireontzi egiteko eskari zorroa duela. «Urtean 800 inguru egiten ari da, nahiz eta ekoizpena 1.000 alera handitu nahi duen. Horrek esan nahi du jada hamar urterako lana duela. Eta erakusten du aeronautikan hazkundea egongo dela hurrengo urteetan». 

1

SpaceX-ek zenbat suziri espazioratu nahi dituen egunean 2025ean. Espazioaren sektorea hazkunde betean dago, eta horren erakusgarri, datua eman du Etxebarriak. Aurten Elon Musken SpaceX konpainiak 200 suziri espazioratuko dituela aurreikusten da. «Eta datorren urtean egunero suziri bat jaurti nahi du. Hori pentsaezina zen orain hamar urte».

 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.