Inoizko irabazirik handienak izan zituen iaz Iberdrolak, eta urtea bide beretik hasi du. Urtarriletik martxora bitartean 2.760 milioi euro irabazi ditu, iaz lehen hiru hilabeteetan lortutakoa halako bi.
Ezohiko irabaziei esker egin du hain jauzi handia. Konpainiak argindarra sortzeko hamahiru instalazio eta parke eoliko bat saldu dizkio Mexikoko Gobernuari. Salmenta horrek eragindako 1.165 milioi euroko etekina kenduta, iragan urtean epe berean baino %7 gehiago irabazi du. Egiazki, ohiko negozioari soilik erreparatuta, %28 handitu zaizkio mozkinak —2023an Erresuma Batuan ezohiko diru sarrerak izan zituen—.
Ignacio Galan argindar taldeko presidenteak iragarri du emaitza horiek urte osora eramanez gero 2024rako egindako aurreikuspenak hobetuko dituztela. «Iberdrolaren ereduaren sendotasuna eta egindako inbertsioen eragin positiboa baieztatu dute emaitzek».
2.380 milioiko inbertsioa
Urteko lehen hiru hilabete horietan 2.380 milioi euro inbertitu ditu, batik bat argindar sareen negozioan (%51). Berriztagarrietan %42ko inbertsioa egingo du, eta orotara 42.300 megawatteko potentzia instalatu du —hamar eurotik lau inbertituko ditu itsasoko parke eolikoetan—.
Herrialdeka, inbertsioen %35 Estatu Batuetan egingo du; %20 Erresuma Batuan, %20 Espainian, eta %15 Latinoamerikan.
Etekinak eta inbertsioak zehaztuta, maiatzaren 17ko akziodunen batzarrean akzio bakoitzeko 34,8 zentimoko dibidendua banatuko du Iberdrolak. Urtarrilean zehaztutako 20,2 zentimoko dibidenduari gehituko zaio. Iragan urtekoarekin alderatuta, %10 gehiago poltsikoratuko dute akziodunek.