Hego Euskal Herriko aireportuetako bidaiari trafikoak %1,3 egin zuen behera abuztuan

Zortzi hilabeteotakoa, aldiz, iazkoa baino handiagoa da: 328.000 bidaiari gehiago hartu dituzte, eta %6,7ko hazkundea da hori.

Bidaiari batzuk Loiuko aireportuko panelei begira. LUIS TEJIDO / EFE
Bidaiari batzuk Loiuko aireportuko panelei begira. LUIS TEJIDO / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2024ko irailaren 12a
14:45
Entzun

Abuztuan 756.854 bidaiarik erabili zituzten Hego Euskal Herriko lau aireportuak. Iazko hilabete berean baino %1,3 gutxiago dira horiek —10.135 gutxiago—. Jaitsiera apala izan arren, ez dator bat urte osoko joerarekin, abuztura arteko kopurua iazkoa baino %6,7 handiagoa baita. Abuztura arte 5.159.793 bidaiarik erabili zituzten Hegoaldeko azpiegiturak, iaz baino 327.997 gehiagok.

Hegoaldeko aireportuen abuztuko datuen batuketak beherakada txikia erakusten duen arren, datuak oso ezberdinak dira azpiegitura bakoitza banaka aztertuz gero. Loiuko aireportuak (Bizkaia), esaterako, abuztuan inoiz izandako bidaiari kopururik handiena izan baitu aurten. 688.814 bidaiarik erabili dute, iazko hilabete berean baino %0,7 gehiagok.

Inoiz izandako bidaiari kopururik handiena izan du Loiuk abuztuan, eta abuztura arteko kopurua iazkoa baino %6,7 handiagoa da

Zortzi hilabeteotako datua ere iazkoa baino %8,2 handiagoa da. Guztira 4,5 milioi bidaiarik erabili dute Loiu, iaz baino 343.769 gehiagok. Ondo bidean, sei milioi eta erdi bidaiariren langa igaroko du aurten, inoizko kopururik handiena.

Hondarribian (Gipuzkoa), aldiz, abuztuko joera kontrakoa izan da, hilabeteko bidaiari kopuruak %11,9 egin baitu behera. 43.450 bidaiarik erabili dute, iaz baino 3.000 gutxiagok. Alde horretatik, nabarmentzekoa da arazoz beteriko uda izan dela Hondarribian. Uztail erdialdetik aurrera, Madril eta Hondarribia arteko zortzi hegaldi bertan behera gelditu ziren, eguraldi txarra egiten zuelako, edo Iberiak hegazkinik ez zuelako. Dena den, eta arazoak arazo, abuztura arteko mugimendua iazkoa baino %0,7 handiagoa izan da: 320.000 bidaiari guztira.

Foronda behera, Noain gora

Forondak (Araba) izan du jaitsierarik nabarmenena abuztuan, -%25,7, iazko hil berean baino 10.000 bidaiari gutxiagorekin —27.539—. Kasu honetan, urte osoko joerari eutsi dio, abuztura arte iaz baino 50.000 bidaiari gutxiago hartu baititu (%18,8 gutxiago). Foronda, dena den, zama garraio aireportua da batez ere, eta arlo horretan ere behera egin du abuztuan: iaz %8,9 tona gutxiago mugitu zituen (4,8 milioi tona). Urtean pilaturiko kopurua ere iazkoa baino %1,2 txikiagoa da (47 milioi tona).

Nafarroako Noaingo aireportuak izan du bidaiari gutxien abuztuan: 17.061 guztira. Halere, hori iaz baino %2,9 gehiago da. Abuztuan gutxi hazi zen, baina urte osoko goranzko joerarik eutsi zion. Izan ere, abuztura arte 148.156 bidaiarik erabili dute Nafarroako aireportua, iaz baino %18,4 gehiagok.

Ipar Euskal Herriari dagokionez, aireportu bakarra du, Miarritzekoa (Lapurdi), baina ez ditu datuak hilabeteka aletzen. Kopuru orokorrari dagokionez, bidaiari gehien mugitzen duten aireportuen artean bigarrena da Miarritzekoa, milioi bat inguru urtean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.