Euriborra %3,65eraino jaitsi da, eta orain eguneratuko diren kuotak txikituko ditu

EBZk interes tasak jaitsi zituenetik, indartu egin da Euriborraren beheranzko joera.

Hipoteken iragarki bat, Laboral Kutxaren bulego batean. J.L. CEREIJIDO / EFE
Hipoteken iragarki bat, Laboral Kutxaren bulego batean. J.L. CEREIJIDO / EFE
Iker Aranburu.
2024ko ekainaren 28a
16:00
Entzun

Poliki baina beherantz. Hala mugitu da Euribor indizea Europako Banku Zentralak bere azken bileran interes tasak puntu laurden jaitsi zituenetik, ekainaren hasieran, eta hurrengo hilabeteetan ere bide horretan jarraitzea espero da. Berri ona, hortaz, interes aldakorreko mailegua duten herritar eta enpresentzat.

Euriborrak batez beste %3,65eko tasarekin bukatu du ekaina. Jaitsiera huskeria da maiatzarekin alderatuta (-0,03), baina hilabetea goitik hasi zuelako izan da hori (%3,722), eta maila horretan eutsi ziolako EBZren bileraren aurretik. Azken asteetan %3,6tik behera jaitsi da, eta gaur %3,578an kotizatu du.

Beren hipoteka ekaineko datuan oinarrituta eguneratu behar dutenek gutxiago ordainduko dute hileroko kuotan. Sei hilean behin eguneratzen dutenek bizpahiru euro baizik ez dituzte aurreztuko, abenduko tasa (%3,679) oraingoaren oso antzekoa izan delako. Aurrezki handiagoa izango dute urtean behin eguneratzen dutenek, iazko ekainak %4,007ko tasa eman baitzuen.

Litekeena da jaitsiera handiagoak izatea datozen hilabeteetan kuota eguneratu behar dutenek, iazko udan eta udazken hasieran jo baitzuen goia Euriborrak, %4 eta %4,15 arteko tasekin.

Irailean edo urrian

EBZko kontseilua hiru aste barru bilduko da, baina ez da espero erabakirik hartzea interes tasei buruz. Halako erabaki bat irailean edo urrian gertatuko dela uste dute analista gehienek, ordurako hobekuntzak izan daitezkeelako oraindik goian inflazioaren bi aldagaietan, hau da, zerbitzuetan eta elikagaietan. Abenduko bileran ere interes tasak beste koska bat jaisteko aukera dago, eta, horren eskutik, Euriborrak %3,25 inguruan buka dezake urtea.

Eurostatek datorren asteartean aurreratuko du ekaineko inflazioaren datua. Gaur jakinarazi du Espainiako INEk, eta berri ona eman du: bi hamarren jaitsi da, %3,4raino, erregaien eta elikagaien inflazioa txikitu delako.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.