Etzegaraten istripua izan zuen kamioilari bat hil da

Aurten lanean hildako 29. langilea da, eta horietatik bederatzi ziren garraiolariak. Santurtzin langile bat larriki zauritu da gaur, makina baten eta pieza baten artean harrapatuta geratu ondoren.

Kamioiak Etzegarateko mendatea igotzen, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
Kamioi batzuk Etzegarateko mendatea igotzen, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
Iker Aranburu.
2024ko ekainaren 28a
09:30
Entzun

Asteazken arratsaldean istripu larria izan zen N-1 autobidean, Etzegarateko mendatean. Gipuzkoa aldetik igotzen ari zirela, bi kamioik elkar jo zuten, eta haien gidariak zauritu egin ziren. Haietako bat, Sergio Gastaminza, helikopteroz eraman zuten Nafarroako Unibertsitateko Ospitalera, eta han hil zen, asteazkenean bertan.

Gastaminzak 44 urte zituen, eta Olatzagutikoa zen (Nafarroa). Familiaren Patatas Gastaminza enpresan egiten zuen lan, patatak partitzen. Bere herrian zinegotzi izandakoa zen, Olazti Bai taldearekin, eta musikaria ere bazen.

LAB sindikatuaren zenbaketaren arabera, aurten lanean ari zela hildako 29. langilea da Gastaminza. Horietatik bederatzi izan dira garraiolariak.

Gaur beste lan istripu bat izan da, Haizea Windek Santurtziko portuan (Bizkaia) duen lantegian, eta langilea «oso larri» dagoela salatu du ELAk. Langilea harrapatuta geratu da kurbatze makina baten eta pieza handi baten artean. Sindikatuak azaldu duenez, makina horrek 20-30 tona bitarteko piezak kurbatzen ditu, eta lan osasunaren ikuspegitik, erabilitako prozedurak ez dira «egokiak». ELAk gehitu du langile horrek 50 urte dituela, azpikontratua zegoela, eta oso denbora gutxi zeramala makina horrekin lanean.

LABek salatu duenez, fabrikako langileek laguntza psikologikoa behar izan dute, eta enpresa itxita egongo da igandera arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.