Espainiako Kongresuak berretsi egin du lurraldeetako itunen lehentasuna

Hitzarmen autonomikoei eta probintzialei lehentasuna ematen dien dekretua onartu du, eta finkatu egin da euskal sindikatuek aspalditik lurraldeko itunentzat eskatzen zuten berme juridikoa.

EAJk lotu zuen Gobernuarekin lurraldeko itunen lehentasuna. Idoia Sagastizabal EAJko diputatua gaur Espainiako Kongresuan. FERNANDO ALVARADO / EFE
EAJk lotu zuen gobernuarekin lurraldeko itunen lehentasuna. Idoia Sagastizabal EAJko diputatua, gaur, Espainiako Kongresuan. FERNANDO ALVARADO / EFE
Irune Lasa.
2024ko ekainaren 20a
16:15
Entzun

Espainiako Kongresuak ontzat eman du gaur Langileen Estatutua aldatzea hitzarmen autonomikoei eta probintzialei lehentasuna emateko estatukoen eta sektorekoen aldean, haiek baldintza onuragarriagoak baldin badituzte langileentzat.

Dekretua, berez, duela hilabete sartu zen indarrean, Ministroen Kontseiluak onartu zuenean, baina gaur behin betiko onartu da. Aldeko 178 boto izan ditu, aurkakorik ez du jaso, eta 171 abstentzio izan dira. Bigarren saiakeran etorri da neurriaren finkotasuna: hasieran, EAJk Pedro Sanchezen inbestidurarako akordioan lotu zuen aldaketa, iazko abenduan, baina egun gutxi egin zituen indarrean, Podemosek hura jasotzen zuen subsidioaren dekretuaren aurka egin eta aldeko gehiengoa galdu zutelako Kongresuan.  

Berme juridikoa

Maiatzean berriz ere itxi zuen akordioa EAJk Gobernuarekin, eta berriz ezarri zen hitzarmen autonomikoen eta probintzialen lehentasuna. Orain iritsi da Kongresuaren berrespena, eta harekin berme juridikoa. 

Izan ere, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan praktikan lehentasun hori aitortzen zen negoziazio kolektiboan, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek eta Confebask patronalak 2017an hitzartutako akordio bati esker. Baina orain arte, akordio horrek ez du izan berme juridikorik. 

Eta berme hori gabe, ELA sindikatuak gogoratu duenez, saiakerak izan dira estatu mailako hitzarmenak erabiliz hainbat langileren baldintzak okertzeko. Adibidez, jantoki kolektiboen alorrean soldatak erdira jaitsi nahi izan zituzten, eta lanaldia urtean 70 orduz luzatu. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.