ELAk ez dio helegitea jarriko Mecaner ixteko akordioari

Sindikatuak enpresan dituen afiliatuek erabaki dute epaitegietara ez joatea.

Mecaner enpresako langileek atzo Urdulizen egin zuten manifestazioa; lantegitik udaletxera joan ziren. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Mecaner enpresako langileek atzo Urdulizen egin zuten manifestazioa; lantegitik udaletxera joan ziren. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
2024ko ekainaren 24a
15:05
Entzun

ELAk Mecanerren dituen afiliatuek ez diote helegiterik jarriko trokelgintza ixteko bidea eman zuen akordioari. Urdulizko enpresak eginiko erregulazio txostenaren negoziazioa akordiorik gabe amaitu ondoren, lantaldeko kide guztiek kaleratzeen legezko baldintzak hobetzen zituen akordio pribatu bat sinatu zuten Stellantis jabearekin. ELAk, baina, salatu zuen akordio hori iruzurra zela, eta hura epaitegietara eramatea aztertuko zuela bere afiliatuekin. Azkenik, epaitegietara ez jotzea erabaki dute, eta, horrenbestez, itxiera prozesua bere horretan geldituko da.

ELAk helegitea jarri eta epaileak onartu izan balu, negoziazio epea berriz hasi behar izanaren aukera zegoen, eta akordio pribatua indargabetzekoa. Orain ikusi beharko da ELAk mahai gainean zuen beste aukera garatzen duen: bere afiliatuen izenean helegite indibidualak jartzea. Aukera horrek ez luke kolokan jarriko prozesua, eta salaketa indibidualak jartzeko epea zabalagoa da.

Helegitea jartzeari uko eginda, amaitu egin da Mecanerren ibilbidea, bai behintzat 1964az geroztik izan duen gisan. Orain, trokelgintzako industria jardunari eusteko hainbat aukera daude mahai gainean. Mecanerren trokelak egin eta zuzendu egiten ziren, eta azken jardun horri eustea posible dela uste du ELAk, eta bere 50 afiliatu prest leudekeela. Sindikatuak duela bi aste esan zuenez, Stellantisekin harremanetan jarria zen, aztertzeko jardun horrekin jarraitzeko aukera dagoen.

Mecanerreko langile batzordeko beste bi sindikatuk, aldiz, LABek eta ESK-k, Garua kooperatibak eginiko trantsizio plana lehenetsi zuten. Uribe Kostako eragileekin bilera batzuk egin dituzte, eta zenbait aukera aztertu nahi dituzte. Hori bai, Eusko Jaurlaritzak esku hartzea ezinbestekoa dela uste dute, besteak beste, azpiegitura erosteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.