Cementos Rezolako langileek kaleratzeen aurkako protesta egin dute Donostian

Langile batzordeak gaur zuen bigarren bilera enpresarekin erregulazio espedientearen inguruan hitz egiteko, eta zenbait alternatiba aurkeztu dizkiote.

Cementos Rezolako langileak, bilera kanpoaldean protestan, Donostian GORKA RUBIO / FOKU
Cementos Rezolako langileak, bilera kanpoaldean protestan, Donostian GORKA RUBIO / FOKU
asier gonzalez de san pedro
Donostia
2024ko ekainaren 25a
15:10
Entzun

Joan den astean, Cementos Rezolaren jabe Heidelberg Materials taldeak iragarri zuen enplegua erregulatzeko espediente bat ezarriko zuela Añorgako plantan. Gaur zuten espedientearen inguruan hitz egiteko bigarren bilera zuzendaritzak eta langile batzordeak —LABeko 5 kide eta ELAko 4—, Donostiako hotel batean. Langileak hotelaren kanpoaldean bildu dira, eta auto karabana bat egin dute haren inguruan. Ertzaintza hotelaren kanpoaldean zegoen, eta langile batzordeko zenbait kide identifikatu ditu.

Bilerak lau ordu inguru iraun du, eta, txosten teknikoak aurkezteaz gainera, azaldu diete zein diren kaleratuak eta zergatik. Espedientea gelditzeko eskatzen jarraitzen dute langile batzordekoek, eta Gipuzkoako LABeko Industria arduradun Usua Lasak esan du oraindik ere pentsatzen dutela «kausak ez dituztela justifikatzen». «Kaleratzeak produkzio eta antolamendu arrazoiengatik omen dira», gaineratu du.

Enpresaren asmoa da gaur egun Añorgan klinkerra egiteko erabiltzen duten labea itzaltzea, eta produktu horren ekoizpena Arrigorriagako fabrikara (Bizkaian) eramatea, hango labea modernoagoa delako eta CO2 gutxiago isuriko duelako. Langile batzordea deskarbonizazio plan horren aurka azaldu da, eta esan du enpresak «onartu» diela etorkizunean langileak beharko dituela. Horregatik, beste bide batzuk daudela azaldu du Lasak: «Deskarbonizazio prozesuan bestelako lanpostuak sortuko dira, eta langile batzordeak uste du langileek bete ditzaketela postu horiek formakuntza jasota. Lanaldiak murrizteaz ere hitz egin daiteke».

Gainera, Añorgako labea itxiko balute harrobia ere kenduko lukete, eta eremu hori garbitu beharko litzatekeela argitu dute batzordekoek. «Plantan dauden langileak egokitu daitezke garbiketa lanak egiteko», gehitu dute. 2030erako CO2 emisio jakin bat bete behar duela dio enpresak, baina ELAko industria eta eraikuntzako arduradun Ester Arrutik uste du «denbora nahikoa» dagoela jendea trebatzeko eta inor ez kaleratzeko. Arrutiren ustez, «atalka» ixten ari dira fabrika, eta adierazi du auzitara joko dutela espedientea «baliogabetzeko».

Espediente horren ondorioz, fabrikako langileen erdiak baino gehiago kalera joateko edo lantokia aldatzeko arriskuan daude, 56 langile 103tik. Enpresa prest dago hamabost lagun Arrigorriagara bidaltzeko, eta beste batzuk taldearen beste lantegi batzuetara —Italian, Ingalaterran eta Herbehereetan ditu fabrikak—. Beste 11 langile taldetik kanpoko enpresetan sartu nahi ditu Heidelbergek, eta hamabosti erretiro aurreratua eman.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.